Denbora musutan neurtzea

Katxiporretako pailazoek Lasarte-Orian aurkeztu dute ‘Musu bete urte’ ipuin liburua, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria egileekin batera. Musuak aitzakiatzat erabili dituzte, naturarekiko harremana eta ohiturak berreskuratzea bultzatzeko.


Ane Insausti Barandiaran

Aita batek ilusioz gainezka esan dio semeari Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Antonio Mercero aretoko atea irekitzen zuen bitartean: «Amets, etorri, azkar! Porrotx dago!». Begiak zabaldu zaizkio haurrari, eta lasterka igo dituzte biek aretorainoko eskailerak. Gelara sartzean, Joxe Mari Agirretxerekin ez ezik, topo egin dute Mertxe Rodriguez Marimotots-ekin, Aiora Zulaika Pirritx-ekin, Leire Bilbao idazlearekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin ere. Musu bete urte disko liburu berria aurkezteko elkartu dira, Gurasolandia programako familien aurrean: hilean behin biltzen dira, aisialdian euskarazko ekintzekin gozatzeko. Ba al da modu hoberik ostiral iluntze bat girotzeko?

«Ipuin berria aurkeztera etorri gara, Musu bete urte du izena», azaldu die Pirritxek. Bilbao idazlea aurkeztu diete, eta hark hartu du hitza, ipuina zeri buruzkoa den aurreratzeko: ipuinak kontatzen du denbora era askotara neurtu daitekeela. «Denek esaten dute erlojuen arabera neurtzen dela: segundoak, minutuak, orduak, egunak, urteak, mendeak... Baina ez, munduan egoten garen denbora beste era askotan neur daiteke». Idazlearen arabera, batzuek neurtzen dute lortzen duten arrakastan, dirutan, saldu-erosi terminoetan... «Baina beste batzuek neurtzen dute musutan. Jaso-ematen den afektuan, maitasunean, estimuan. Imajinatu zenbat musu eman eta jaso daitezkeen! Argi dago mundu honetan ematen dugun denbora musuekin goxoagoa dela».

Musuei eta denborari lotutako hausnarketa hori irudietara eramateaz, berriz, Maite Mutuberria ilustratzailea arduratu da. Liburua ireki, eta haurrei erakutsi dizkiete irudiak. «Maitek irudien bidez hitz egiten du!». Baina marrazkiak ez ezik, hitzak ere atera zaizkio Mutuberriari. Kontatu du erronka izan dela irudiak egitea, istorioak denbora marraztea eskatzen zuelako. «Eta nola marrazten da, bada, denbora? Ba, adibidez, urtaroak aldatzen direnean, koloreak aldatzen dira: udazkenean zer kolore nagusitzen da?». Berehala ulertu dute haurrek jolasa, eta baita erantzun ere: «Marroia!». Koloreak urtaroak bezala aldatuz joan da liburuan, eta baita animaliak ere.


Aurkezpen laburra eginda, muinera jo dute: ipuina kontatzera. Elkarren ondoan eseri dira pailazoak eta egileak, eta momentu magikoa sortu dute. Eli Olaizola Katxiporretako kideak ipuineko irudiak jarri ditu gelako pantailan, eta hondoko musika eder batek lagunduta, ipuina irakurtzen hasi da Bilbao: «Badira denbora neurtzeko modu ezberdinak. Erlojuen segundo, momentu eta minutuekin zerikusirik ez dutenak. Kotxean, bidaia luze batean leihatilatik begira zenbatzen den denbora...». Haurrak adi-adi jarri dira haiei begira, eta istorioan bete-betean murgildu dira.

Istorioan, Pupuk eta Lorek beren urtebetetzerako zenbat falta den galdetuko diete pailazoei. Denbora asko falta dela erantzungo diete, baina esaldi horrek zalantza ugari sortuko dizkie haurrei: «Zer da denbora asko? Zenbat da ia urte osoa? Zenbat gabon musu da hori? Edo zenbat egunon musu?». Pirritx, Porrotx eta Marimotots eskuko hatzekin «maitematiketan» hasiko dira orduan, musuak hatzen bidez kontatzen. Porrotxek musu bat egiteko imintzioa egin duenean, ordea, marigorringo bat pausatuko zaio sudurrean. Haren atzetik abiatuko dira bost lagunak urtaroetan barrena, musuz musu, animalien atzetik. Ipuinaren bidaia amaitzean, Pupu eta Loreri Zorionak zuri abestuz bukatu dute ipuin kontaketa ere.

‘Musua’ inspirazio iturri

2018an sortutako Musua ikuskizun eta diskoaren hariari tiraka ondu dute Katxiporretako kideek aurtengo liburua eta ikuskizuna. Kultura eta natura zituen oinarri orduko hark, eta baita oraingoak ere. Izan ere, euskal kulturak naturarekin harreman estua izan du betidanik: urteko zikloek markatu dituzte ospakizunak eta ohiturak —inauteriak, Santa Ageda, udako solstizioa, Olentzero...—. Azkenaldian, baina, gizartea natura albo batera uzten ari den susmoa dute pailazoek, eta horregatik erabaki dute gaiari berriro heltzea. Ohitura horiek berreskuratzea eta biziberritzea dute helburu.

Eta musuak horretarako aitzakia bat baizik ez dira. Orduan bota du proposamena Marimototsek: «Musuez ari garela, zer iruditzen zaizue gu denon lagunen musuak biltzen baditugu?». «Zertarako?», galdetu dio Pirritxek. «Munduan zabaltzeko. Gero Euskal Herrian barrena zabalduko ditugu!». Eta hasi da bilketa: bi eskuak ezpainetara hurbildu, eta bota dizkiote sagar konpota zaporekoa, ahuakate eta txokolate zaporekoa, marrubi zaporekoa, entsalada zaporekoa, patata tortilla zaporekoa... Poltsa batean gorde ditu den-denak Marimototsek.«Ikusi nahi dituzue zuen denon musuak?», eskaini die jarraian pailazoak. Elkarrekin oihuka erantzun diote, txalo artean: «Erakutsi, erakutsi, erakutsi!». Poltsan bildutakoa baliatuz, oihal bat atera du orduan pailazo mototsdunak: argi gorri ugari ditu piztuta, kolore gorriko ipurtargiak ematen dute. «Hemen dira zuen denon musuak!».


Musuen festa biribiltzeko, Epo i tai tai e, Arimen gaua, eta Ikusi mendizaleak abestiak kantatu dituzte elkarrekin, eta haur bakoitzari liburu bat oparitu ondoren, kalejiran agurtu dituzte. Azaroaren 20an hasiko dute ikuskizun berriaren bira, Eskoriatzan (Gipuzkoa), eta hainbat emanaldi dauzkate lotuta: Katxiporreta.eus/agenda helbidean daude ikusgai. Prest daude musuak herriz herri jasotzeko eta banatzeko, eta mezua lau haizeetara zabaltzeko: «Batzuetan azkarregi eta beste batzuetan geldoegi joaten da denbora, baina maite dituzunen artean gozoago doa beti».

top