Dolores Ibarruri: 'Ez dira pasako!'
Ane Insausti Barandiaran
1. NOR IZAN ZEN?
Dolores Ibarruri Gallartan (Bizkaia) jaio zen, 1895ean. Pasionaria esaten zioten, eta politikari garrantzitsua izan zen: 36ko gerran Euskal Herrian sortutako mugimendu komunistan jardun zuen buru-belarri, eta Espainiako Alderdi Komunistan ere ibili zen gero. Prentsan eta propagandan aritu zen gehienbat, etxekoen zaintzaz arduratzeaz gainera —sei haur izan zituen, eta horietatik lau hil egin zitzaizkion—. 36ko gerran, Madrilgo batailan «Ez dira pasako!» oihukatu zuen, eta lelo hori da haren ikurra. Aurten, 35 urte beteko dira haren heriotzatik, eta irakurketa errazeko liburu bat argitaratu du Ediciones Beta argitaletxeak: Pasionaria, bere bizitza.
2. NOLAKO HAURTZAROA IZAN ZUEN?
Meatzari familia bateko alaba izan zen Ibarruri. Haren aitona meatz istripu batean hil zen, eta aita ere arlo horretan aritzen zen. Irakasle ikasketak egiteko prestakuntza fasea gainditu zuen, baina 15 urterekin utzi zituen eskolak, etxean ez baitzeukaten behar adina diru horiek ordaintzeko. Horren ordez, zerbitzari eta jostun lanetan hasi zen. Honela esan zuen Ibarrurik berak: «Nork ordainduko dizkit bidaiak, liburuak, janaria eta matrikula? (...) Zerbitzari lanak egiteko prestatu nintzen, edo ezkondu eta minako langile baten emaztea izateko, nire familiako historia luzea jarraituz».
3. ZER IBILBIDE POLITIKO EGIN ZUEN?
Politika arloan egindako lanagatik da Ibarruri ezaguna. Langile familia batekoa zen, eta sozialismoari buruzko liburuak eta manifestuak irakurtzen hasi zen pixkanaka; mundu hobe bat egiteko bidea komunismoa zela sinetsita zegoen. «Hobe da zutik hiltzea, belauniko bizitzea baino», esaten zuen, Emiliano Zapata mexikarraren esaldi ezaguna moldatuta. Gerora, Espainiako Alderdi Komunistaren sorreran parte hartu zuen, eta hasieratik izan zituen ardura postuak bertan.
Zer egin zuen 36ko gerran?
Askotan atxilotu zuten Alderdi Komunistako kide izateagatik, diktadura garaian alderdi komunista legez kanpokotzat jo baitzuten. Espainiako gerran, 1937ko Gorte Errepublikanoko presidenteorde hautatu zuten. Espainiako herritar askorentzat mito bat bihurtu zen orduan, besteak beste, Ez dira pasako! leloagatik.
4. ZERGATIK 'PASIONARIA'?
Pentsamendu politikoa garatuz joan ahala, bere ideiak egunkarietan argitaratzen hasi zen. El Minero VizcaÃno egunkarian idatzi zuen bere lehenengo artikulua, eta Pasionaria ezizenez sinatu zuen; hortik datorkio ezizena. Pasioz hitz egiten zuen mitinetan eta hitzaldietan ere, adierazgarritasun handiz, eta horrek ere laguntzen zuen kartzela edo fronteen aurrean ematen zituen diskurtsoak indartzen, eta jendearen miresmena irabazten.