Ekain Ibarguren, malabarista eta aktorea: «Zirkuak geroz eta interes handiagoa sortzen du»
Frontoi Txikin ikasi zuen malabarak egiten Ekain Ibargurenek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996), eta ordutik beti ditu pilotak, diabolo bat edo mazoak eskuan. Gaur estreinatuko den Superra telesailean ere parte hartu du, dendari bekadunaren rola jokatzen. Gustuko du Gure Zirkuan daraman bizimodua, eta horretan jarraitu nahi du aurrerantzean ere.
Ane Insausti Barandiaran
Zer moduzko esperientzia izan da Superra?
Imajinatu, txikitan telebistan ikusten genituen artista horiekin lan egitea egia bihurtutako beste amets bat izan da. Wazemank-eko aktoreetako bat sentitzen nintzen [barrez]. Oso dibertigarria izan da.
Dendako bekaduna izango zara, ezta?
Bai, altzo txakurra da nire pertsonaia; besteen atzetik dabil beti. Lan desberdina izan da, eta gustura aritu naiz, ahalik eta ondoen egiten saiatzen.
Gure Zirkuan egin zinen ezagun. Nolatan hasi zinen bertan?
Txikitatik nahi izan nuen horretan aritu; ikasketak hasi nituen, baina utzi ere bai. Garbi neukan horretan lan egin nahi nuela: Poxpolo eta konpainiari bideo bat bidali nien, ezagutu ninduten, eta zirkuan hasi nintzen.
Zirkuan lan egiteaz gain, bertan bizi zarete, autokarabanetan. Gustuko duzu hori?
Bai, baina gero etxera joaten gara garbigailua ipintzera... Beste bizimodu bat da. Lan hau egiteko, benetan gustatu behar zaizu, eta horrekin bizitzen jakin behar da: ez da tailerrera joan eta zortzi ordu sartzea. Baina herri bakoitzean lagunak egiten ditugu!

Nolakoa da zuen arteko harremana?
Umeak, gazteak, helduak... denok batera egoten gara, eta, azkenean, umeek gugandik ikasten dute, gurekin pasatzen baitute eguna: malabarak egiten, oreka, akrobaziak... Nahi gabe, ofizio bat ikasten ari dira.
Zirku eskola ugari ere ireki dira azken urteetan. Nola ikusten duzu zirkuaren etorkizuna?
Zirkuak geroz eta interes handiagoa pizten du. Lehen oso aparte zegoen; gaur egun boladan dagoela esan daiteke.
Nola ikasi zenuen malabarak egiten?
Azpeitian garai batean ohitura handia zegoen monozikloarekin, diaboloekin eta halakoekin aritzeko. Umea nintzela, bi mutil gazte pilotarekin ikusi nituen, eta gerturatu egin nintzen. Irakasteko eskatu nien, ikasi nuen, eta ordutik egunero izaten ditut eskuan pilotak, diabolo bat, mazoak...
Zein da malabarak ondo egiteko sekretua?
Pazientzia; letra larriz jarri, badaezpada. Ez da egun batean ikasten. Nik 22 bat urte daramatzat, eta oraindik ez dut ikasi dena egiten; ez da bukatzen.
Gainera, ikusmenari lotutako Stargardt gaixotasuna duzu. Eragiten dizu zirkuko lanetan?
Eragiten dit, noski. Baina entrenatu eta irteten da. Gaizki ikusten badut ere, egin ditzaket malabarak, eta listo. Horrekin bizi naiz, eta horrekin biziko naiz; beraz, ez dago kexatzerik [barrez].
Zirkuko martxan jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, martxa honetan jarraitzeko asmoa daukat. Hiltzen naizen arte, diabolo batekin, malabarekin eta txisteak kontatzen.
MOTZEAN
- Kolore bat? Gorria.
- Plater bat? Espinakak.
- Abesti bat? China Boy.
- Zirkuarekin bisitatutako herri bat? Amezketa, lehena izan zen.
- Erreferente bat? Charlie Ribel.