Ekhiñe Zapiain, bertsolaria: «Txapelketa honek pila bat erakutsi dit»
Azaroaren 29an jokatu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finala Ekhiñe Zapiainek (Bera, Nafarroa, 2002). Alaitasuna transmititu arren, oholtzan asko sufritu zuela kontatu du. Baina bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik, eta bertsoaz gozatzen du hortik kanpo ere, lagunei esker.
Ane Insausti Barandiaran
Irribarretsu zeunden Nafarroa Arenako oholtzan. Nola bizi izan zenuen finala?
Jende pila batek aipatu dit irribarrearena. Akaso eman nuen itxura pozik nintzela, baina hagitz-hagitz urduri nintzen. Momentu aunitzetan, dezente sufritu nuen urduritasun horrekin. Nik uste dut irribarrea dela nire urduritasuna tapatzeko modu bat.
Zer duzu esateko txapelketan egindako bideaz?
Pila bat erakutsi dit txapelketak, zentzu aunitzetan. Azkenean, aitzakia bat da prestaketa egiteko: zu edozein lehiaketatara aurkezten zarenean, aprobetxatu nahi duzu zerbait hobetzeko, ikasteko... Uste dut lortu dudala.
Nola prestatu zara horretarako?
Nik kontzentrazioa mantentzen saiatzean jartzen dut fokua. Ze, bertsotan aritzean, zure kantukidea eta gai jartzailea aditzen egon behar duzu, erran nahi duzun hori pentsatzen, bertsoa osatzen... Nola egiten dudan hori? Bertso eskolan aunitz kantatuta. Munduan pasatzen ari diren gauzei buruz enteratzea ere komeni da, gaiak horiei buruzkoak baitira.
Baina lehiatik harago ere gozatzen duzu bertsolaritzaz.
Bai, nik beti erraten dut bertsolaritza hagitz presente dagoela neure bizitzan, eta badakidala horrela izanen dela, nahiz eta akaso noizbait ez naizen txapelketara aurkeztuko. Pila bat maite dut, eta joaten naiz saioetara, etxean ere aritzen naiz kantari, dutxa azpian ere bai... Gustatzen zait bertso eskoletan biltzea lagunekin, txapelketa ez badago ere.
Bertso irakasle ere bazara. Nola ematen dituzu eskolak?
Pila bat gozatzen dut: uste dut hori dela gehien betetzen nauena. Bertsoak mila modutara jolasteko aukera eskaintzen du: doinuekin, hitzekin, errimekin... Ikustean bertzeek zenbat gozatzen duten niri hainbertze gustatzen zaidan horrekin, hagitz kontent jartzen naiz.
Zure lehen eskolartekoan esperientzia txar bat izan zenuen...
[Barrez] Bai, bai. Eskolartekoa izaten da 15-18 urte artean, baina orduan Nafarroan ez zebilen sobera jende, eta eskatu ziguten 14 urterekin-edo ea animatuko ginen. Saiora bidean, erraten nuen: «Nik argi dut ez dudala kantatuko!». Baina gainerako guztiek kantatu zuten, eta oroitzen naiz bukatu nuela saioa komunean negarrez, erraten: «Ni ez naiz berriz bertso eskolara joanen!».
Baina itzuli zinen.
Bai, eskerrak ez nintzen trabatuta gelditu saio haren ondotik. Niri pila bat lagundu didate bertso udalekuek; lagunak egin nituen, eta lagunik gabe aunitzetan zaila da aitzinera egitea edozertan. Baita bertsotan ere.
Jada Txapelketa Nagusian duzu burua?
Nire helburua da deskantsu pixka bat hartzea, txapelketak asko nekatzen baitu. Gero jada asmoa dut Txapelketa Nagusira begira jartzeko. Beti erraten dut: aste honetan ez hainbertze, baina hurrengoan berriz entrenatzera!
MOTZEAN
- Kolore bat? Laranja.
- Plater bat? Pasta, edozein modutan.
- Doinu bat? Habanera.
- Oholtza bat? Bortzirietako edozein.
- Erreferente bat? Alaia Martin.