Errotak: aleak ehotzeko tresnak


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DIRA?

Uraren indarra edo energia erabilita laboreak ehotzeko balio duten egiturak dira errotak. Material solidoak birrintzeko erabiltzen ziren. Euskal Herrian garrantzi handia izan dute hainbat mendez, iraganeko bizimoduan ezinbestekoak zirelako. Oraindik ere lurralde antolaketaren eta gizakiak bere ingurunearekin izan duen harremanaren berri emateko balio dute. Horregatik, erroten balioa aitortzeko eta haiek ezagutarazteko, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatu zuten igandean, bosgarren aldiz. 22 herritan antolatu zituzten ekintzak eta bisita gidatuak.

2. ZERGATIK ZIREN GARRANTZITSUAK?

Urte askoan, herritarren bizimodurako ezinbestekoak izan dira ura eta errotak Euskal Herrian. Izan ere, garai batean, baserritarrak herriko errotetara joaten ziren zerealak ehotzera, ondoren animalientzako pentsua eta taloetarako arto irina lortzeko. Beraz, elikagaiak lortzeko ez ezik, herritarren harremanetarako tokiak ere baziren errotak, bertan herritarrek bizilagunekin topo egiten baitzuten.


3. NOLA FUNTZIONATZEN DUTE?

Ura ezinbestekoa da. Izan ere, uraren indarra baliatzen dute errota martxan jartzeko. Uraren pasabidea irekitzean hasten da lanean errota, hotsa ateraz: taka-taka. Bi harri izaten ditu, bata bestearen gainean, eta harri horien artean sartzen dira aleak. Gero, uraren mugimenduaren ondorioz, goiko harria biratzen hasten da, eta aleak birrintzen ditu. Taka artetik irin bihurtuta ateratzen dira aleak. Irin hori bahetu egiten dute gero, fin-fin gera dadin.

4. ZENBAT ERROTA DAUDE?

Garai batean errota ugari zeuden Euskal Herrian, eta 24 orduz martxan izaten ziren batzuk, baina, pixkanaka, hondatzen eta ixten joan dira. Gipuzkoan bakarrik, zazpiehun errota katalogatu zituen Antxon Agirre Sorondo etnografoak. 1980ko hamarkadarako, ordea, 47 baino ez zeuden martxan. Gaur egun, berriz, 30 inguru daude martxan. Batzuk osorik mantendu dituzte, beste batzuk erabat desagertuta daude, batzuk lau horma baino ez dira, beste batzuk baserri bihurtu dituzte...

5. ZERGATIK ITXI DITUZTE HAINBESTE?

Ondare elementu konplikatua dira errotak. Urak bideratu behar dira, kanala eta tresneria txukun eta hondatu gabe eduki... Horrek guztiak erroten mantenua zailtzen du. Gainera, errotariek salatu dutenez, berezko zailtasunei traba administratiboak gehitzen zaizkie maiz, eta, hortaz, lanbide askotan gertatzen den moduan, belaunaldi berriek ez dute lekukoa hartu. Errota asko ixten joan dira denboraren poderioz.


6. ZERAINGO BISITA

Erroten eguna igaro bazen ere, bisita gidatuak urte osoan zehar egiten dituzte hainbat lekutan. Zerainen (Gipuzkoa), esate baterako, igande honetan Larraondoko zerrategia bisitatzeko aukera izango da. 1890. urte inguruan eraiki zuten, eta 1960. urte inguruan utzi zioten hura erabiltzeari. Uraren indarraz baliatzen ziren zerrategiko lanak egiteko. Zerrategia baino lehenago, errota izan zen.

7. HIZTEGIA

- Aldaparoa: Errota ibilarazteko eginiko ubideak dira, alorrak ureztatzeko balio dutenak.

- Bahetu: Baliagarria edo onargarria ez dena bereiztea esan nahi du. Lehen, eskuz egiten zen, bahearen bidez. Gaur egun, ordea, bahetzeko makinak daude, prozesua azkarrago egiteko.

- Eho: Aleak birrintzea edo haustea esan nahi du, bi atal gogor eta latzen artean iraganaraziz.

- Turtukia: Urak mugitzen duen turbinari deitzen zaio turtukia. Bira eta bira egiten du, gurpil paladun batek osatzen duen motor bat baita.

- Taka: Errotan aleak eho ondoren aleak irin eran igarotzen diren errotaren zatia da taka.


8. TALOA, ERROTAREN FRUITUA

Taloa zen errotari esker lortzen zen elikagaietako bat. Prozesu osoa horrela abiatzen da: arto aleak eho ondoren arto irina lortzen da errotan, aleak birrinduz. Ondoren, irina bahetzen da, fin-fin geratu dadin. Orduan hasten da taloa prestatzeko prozesua: arto irinari ura bota behar zaio, eta eskuekin nahastu, orea lortu arte. Gero, kolpeka ematen zaio forma biribila, eta, azkenik, txapan berotzen da, opilari buelta eta buelta emanda. Gazta, txokolatea, txistorra edo hirugiharra bezalako produktuak nahastuta jaten da.

top