Etxe bana denentzat


Ane Insausti Barandiaran

1. ATZOKO GREBA

Etxebizitzaren auzia herritar gehienen kezka nagusi bihurtu da azken boladan. Horren erakusgarri, kaleak jendez bete ziren atzo, greba orokorrera deitua baitzuten ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru sindikatuek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Herritar ugarik bat egin zuten harekin: goizean goizetik lanuzteak egin zituzten, eta baita manifestazio jendetsuak ere, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez! lelopean. Milaka herritar atera ziren kalera, etxebizitza eskubidearen alde.

2. ETXEBIZITZA: ESKUBIDEA

Pertsona guztiek dute etxebizitza bat izateko eskubidea. Hala dago jasota Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluan. Halaxe dio: «Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea (…), batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte zerbitzuak». Izan ere, bizimodu egokia izateko ezinbestekoa da etxebizitza duin eta egoki bat izatea: atseden hartzeko, intimitaterako, bertan babes hartzeko, seguru egoteko…


3. BETETZEN AL DA ESKUBIDEA?

Paperean jasota egon arren, pertsona guztiek ez dute bermatua eskubide hori. Sindikatuek salatu dutenez, etxerik gabeko pertsonen kopurua gora doa gaur egun ere, eta etxegabetzeek ere ez dute etenik. Izan ere, pertsona guztiek ez dute etxe bat ordaintzeko aukerarik. Prezioen igoera da horren arrazoietako bat: %35 igo dira Hego Euskal Herrian, eta %50 Ipar Euskal Herrian. Langileen soldatak ez dira hein berean igo, ordea, eta, beraz, familiek erosteko ahalmena galdu dute: geroz eta diru gutxiago dute etxebizitzan, elikaduran, aisialdian eta abarretan gastatzeko.

4. ZER ZAILTASUN GEHIGARRI DAUDE?

Gainera, pertsona jakin batzuek zailtasun gehigarriak dituzte etxe bat eskuratzeko. Pertsona migrante edo arrazializatuek, esate baterako, alokairua lortzeko zailtasunak izaten dituzte, diskriminazioa pairatzen baitute. Elbarritasun fisiko bat dutenek ere zailtasunak izaten dituzte etxebizitza lortzeko, horiek irisgarriak izatea behar baitute. Horrez gain, LGTBI kolektiboko kideek ere diskriminazioa jasan ohi dute familia eredu ez-normatiboa izateagatik. Beraz, hori guztia ikusirik, sindikatuek diote etxebizitzarena eskubide unibertsala dela, eta ezin dela baliabide ekonomikoen edo familia eredu jakin baten mende egon.


5. ZER DIRA ETXEGABETZEAK?

Alokairu edo hipoteka bateko baldintzak ez betetzeagatik etxebizitza bat uztera behartzea da etxegabetzea. Bestela esanda, etxe horretan bizi ziren familiak etxerik gabe uzten dituzte, hura ordaindu ezin dutelako. Steilasen eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen arabera, azken hamarkadan 20.000 etxegabetze judizial baino gehiago izan dira Euskal Herrian. Azken asteetan ere etxegabetze ugari salatu dituzte: Gasteizen, Loiun (Bizkaia), Donostian... Eta horien aurka mobilizatu dira ehunka herritar.

6. ZER ESKATU DUTE?

Grebaren helburu nagusietako batzuk izan dira etxebizitza eskubidea bermatu dadin eskatzea, soldatak igotzeko eskatzea eta prezioen igoera salatzea. Horrekin batera, etxegabetzeak gelditzea eskatu dute, eta, ekidin ezin direnean, alternatibak eskaintzea, pertsona horiek kale gorrian geratu ez daitezen. Baita espekulazioarekin amaitzea ere. «Etxebizitza negozioa den bitartean, ez da inoiz eskubide bermatua izango», arrazoitu dute sindikatuek.


7. ZER DA ESPEKULAZIOA?

Ondasun bat erosi eta handik denbora batera hura garestiago salduz dirua irabaztea da espekulatzea. Hau da, etxeak merke erostea, eta geroago diru gehiagoren truke saltzea, irabaziak lortzeko asmoz. Gisa horretan, baliabide gutxiago dituztenen beharraz baliatuta, dirua irabazteko asmoa izaten dute hainbatek.

8. ZER NEURRI HAR DITZAKETE AGINTARIEK?

Erakunde publikoei egoera hobetzeko neurriak hartzeko exijitu diete sindikatuek: alokairuen prezioei mugak jartzea, etxeen prezioak mugatzea, hutsik dauden etxeak ohiko bizileku bihurtzea, lehendik dauden etxebizitzak erabilgarri jartzea, etxegabetzeen aurrean alternatibak eskaintzea, lan eskubideak eta diru sarrerak indartzea bizi baldintzak hobetzeko…

9. UNITATE DIDAKTIKOAK

Atzoko greba dela eta, Steilasek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak etxebizitzaren auzia ikasgeletan lantzeko unitate didaktikoak sortu dituzte elkarlanean. Bertan, adinka banatuta daude etxebizitzari buruzko kontzeptuak barneratzeko eta hausnarketa bultzatzeko ariketak. Unitate didaktikoei esker, batetik, etxebizitzaren arazoa lantzeko aukera dute ikasleek, eta, bestetik, egoera konpontzeko proposamenak sortuko dituzte elkarlanean.

top