Fantasiazko Durango
Asteazkenetik igandera, 950 nobedade hartuko ditu Durangoko Azokaren 58. aldiak. Fantasia DA! lelopean, 257 erakusmahai izango dira Landako gunean, eta 265 ekitaldi antolatuko dituzte. www.durangokoazoka.eus webgunean daude ikusgai lan guztiak.
IBAIZABAL
Ibaizabal argitaletxeak, besteak beste, bi proposamen hauek eramango ditu Durangoko Azokara: Matxinsalto bilduman, Sagu bat nire katiluan! albuma argitaratu dute. Malik da bertako protagonista, eta bere urtebetetze egunean, sagu bat topatuko du bere katiluan. Sagu hori nor den eta zer nahi duen asmatzen saiatuko da. Gaztetxo bilduman, berriz, beldurrez eta misterioz betetako ipuina sortu dute: Tomasen belarritakoa. Saguzarrak, katu beltzak, hildako mutikoaren lepoko zauri susmagarria, hilobiko harri losa mugitua... izango dituzte lagun protagonistek.
‘Sagu bat nire katiluan!’
Idazlea: Yolanda Larreategi.
Ilustratzailea: Karmele Gorroño.
‘Tomasen belarritakoa’
Idazlea: Antton Kazabon.
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.
IKAS
Izarrak ostea eta saltzea bururatuko zaio Xubani, Izar saltzailea liburuko protagonistari. Hasierako poza pasatuta, baina, bere ekintzek ingurumenean eta jendearengan dituzten ondorioez konturatuko da. Aldiz, Intza eta Tomas, Laminaren iturria liburuan, uda hasiera harrotua izango dute protagonistek: herrian sekula agortzen ez den iturria geldituko da, eta gizon misteriotsu batzuk ezkutuko altxor bat bilatzen ari dira. Emazte ilehori bat ere inguru-minguruka dabil...
‘Izar saltzailea’
Idazlea: Eneko Bidegain.
Ilustratzailea: Anne Baskaran.
‘Intza eta Tomas, Laminaren iturria’
Idazlea: Elise Dilet eta Antton Hariñordoki.
Ilustratzailea: Laure Gomez.
TTARTTALO
Istorio zirkular polit eta jostagarri bat eramango du azokara Ttarttalo argitaletxeak: Bira, Bira, Biraka. Neskatxi ilarrak garantzen ari da sukaldean, eta batek ihes egingo dio, bira eta biraka. Saguek, katuek, untxiek... gustura jango lukete, baina zulo batera eroriko da, bertan libre haziko den arte. Hotsen liburua-k, berriz, 50 hotsetik gora proposatzen ditu, horiekin jolas egiteko eta haurrak hizkuntzaz jabetzeko: danborraren tarrapatan, ahuntzaren mee, atearen kax-kax...
‘Bira, bira, biraka’
Idazlea: Cecile Bergame.
Ilustratzailea: Magali Attiogbe.
‘Hotsen liburua’
Idazlea eta ilustratzailea: Soledad Bravi.
EREIN
Osatu du Ortuko bizitza bilduma Erein argitaletxeak, azken bi liburuak argitaratu ondoren. Elkarren lagun, gau eta egun eta Ospa hemendik! lanetan, baratzeko bizilagunei buruzko istorioak ekarri dituzte egileek: satorretatik barraskiloetaraino, eta armiarmetatik eulietaraino. Anna Kopek bildumako hirugarrena ere kaleratu du argitaletxeak: Anna Kopek eta dragoiaren bihotza. Uxuek eta Jokinek Pekinera joan beharko dute, mundua kontrolatzen saiatzen ari den pertsona nor den jakiteko.
‘Ortuko bizitza’ bilduma
Idazlea: Irati Garmendia.
Ilustratzailea: Ane Arzelus.
‘Anna Kopek eta dragoiaren bihotza’
Idazlea: Haritz Larrageta.
Ilustratzailea: Marko.
IKASELKAR
Familia guztiak dira bereziak, baina xelebreetan xelebreena da Erramun Babarrunek, Mariaje Potajek, Serafin Mokofinek eta Arantxa Balantxarenak Familia xelebrea liburuan osatzen dutena. Kimu bildumako liburua da, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua. Kuku! emozio programaren barruan, bestalde, Sorpresa! liburua argitaratu dute Agurtzane Ortizek eta Enrique Morentek. Irudimen handiko mutikoa da Manex, eta bere inguruari begira entretenitzen da, istorioak imajinatuz eta bazterrak marrazkiz betez. Sorpresaz sorpresa ibiliko da, hortaz.
‘Familia xelebrea’
Idazlea: Anjel Lertxundi.
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.