Garazi Esnaola, musikaria: «Gogotsu nago oholtzaren erdigunea probatzeko»

Pianoan eseri orduko hasi da hura jotzen Garazi Esnaola (Lizartza, Gipuzkoa, 1992). Teklen doinuak hartu du etxea, eta unibertso goxo bat sortu du, nahi gabe bezala. Hainbat musikariren piano jotzailea izan ondoren, bakarkako lana argitaratuko du astelehenean: Ez gaude hemen. Gogotsu dago etapa berrirako.


Ane Insausti Barandiaran

Urrats handia da: zer moduz zaude?

Ilusioz, eta etapa berri honi ekiteko gogoz. Badaukagu urduritasun puntu bat ere, jendeari zer irudituko zaion. Baina gogoz.

Aspaldian zenuen buruan bakarka aritzea?

Beti eduki dut inprobisaziorako joera, baina, azken urteetan hainbat proiektutan buru-belarri ibili naizenez, egunerokoan ez nuen behar hori sentitzen; beste proiektuek betetzen ninduten. Duela pare bat urte ikusi nuen kantu multzo bat banuela, eta erabaki nuen bazela garaia nire izenean zerbait ateratzeko, baneukala kontatzeko zerbait.

Izan ere, talde askotan jo duzu: Izaro, Janus Lester... Nola uztartu dituzu denak?

Tarteka agendan malabarak eginez, baina, aldi berean, oso aberasgarria da. Askotariko musika estiloetan jotzeak asko betetzen nau.


Abeslarien atzean zaudetenok baduzue nahikoa aitortza?

Ni ibili naizen proiektuetan jaso dut babes hori. Bai publikoaren aldetik, eta baita Izaro edo Janusekin ere. Biekin dut harreman estua, eta proiektuan beste inplikazio maila bat izan dut. Oso eroso eta gustura sentitzen naiz rol horretan. Zintzoa izanda, esan behar dut bertigo pixka bat ere ematen didala oholtzaren erdigunean jartzeak. Baina, aldi berean, gogoz nago leku hori probatzeko.

Doinu intimoak dira, pianoarekin egindakoak. Hori bilatzen zenuen?

Nik musika sentitzen dut hitz egiteko edo elkarrizketa bat sortzeko dela: barrurantz egindako bakarrizketak. Inguruari begira idatzitako abesti batzuk dira, baina, gero, ohartzen naiz neure buruaz ere ari naizela. Pixka bat jolas hori egiten dut Ez gaude hemen lanean. Nahikoa barrurantz idatzitako diskoa denez, hasieran zalantza ere izan nuen zuzenekoetara eraman ala ez.

Kanpotik denak polita dirudi musika munduan: oholtzara igo, musikaz gozatu... Hala da?

Bai, baina malabarak egin osteko agenda horrek batzuetan ingurukoekin egoteko edo etxean egoteko hainbeste denbora ez digu uzten. Egia da, aldi berean, badagoela zerbait harrapatzen zaituena. Hau gure gustukoa ez balitz, ez genuke egingo.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Ameslaria nintzen. Gutxi egoten nintzen geldirik, eta lo ere gutxi egiten nuen. Txiki-txikitatik ibili naiz instrumentuekin, pianoarekin jolasean, aita musikaria eta musika irakaslea baita. Etxean ikasi dut musika: jolasean hasi ginen, eta nik uste dut oraindik ere horretan jarraitzen dudala.

Aurrerantzean, denak uztartzen jarraitzeko asmoa duzu?

Jarraituko dut beste proiektuekin lanean, eta tartean nireak ere joko ditut. Printzipioz, bi gauzak uztartu nahi ditut. Orduan, egunez egun ikusi beharko dut nola moldatuko dudan agenda. Malabarak egitea zailduko da, baina gustatzen zaigu saltsa hori.

MOTZEAN

- Kolore bat? Berdea.

- Plater bat? Arroza txipiroiekin.

- Abesti bat? Jaque, Marina Herlopena. 

- Film edo telesail bat? The wire.

- Jo nahiko zenukeen oholtza bat? Lizartzako plaza.

- Erreferente bat? Clara Peya. 

top