Gau Beltza: beldurraren festa


Testua: Uxue Gutierrez Lorenzo

1. ZER DA GAU BELTZA? 

Urriaren 31ren bueltan ospatzen den jaia da Gaba Beltza, Gau Beltza edo Arimen Gaua. Antzina, herrietako gazteek, izara bat soinean zutela, baserrietako arbiak eta kalabazak lapurtzen zituzten. Herritarrak beldurtzen zituzten, kalabazei ahoak, begiak eta sudur zuloak eginda eta barruan kandela bat sartuta. XX. mende bukaerara arte ospatu zen jaia Euskal Herrian, eta, gaur egun, jaia berrasmatzen ari dira hainbat herritan.

2. NONDIK DATOR OHITURA?

Hasieran, udaren amaiera eta neguaren hasiera ospatzeko egun bat zen Gau Beltza. Izan ere, pertsonak urtaroei oso lotuta bizi ziren lehen, uzta ezinbestekoa baitzuten bizirik irauteko. Kristautasuna hedatu zenean, ordea, jaiari kutsu erlijiosoa ematen saiatu ziren, eta santuak eta hildakoak gurtzeko eguna bihurtu zen. Gaur egun, hildako senide eta lagunak omendu eta gogoratzeko eguna bihurtu da, baina Euskal Herrian antzinako ohiturak berreskuratzen ari dira pixkanaka.


3. EZ DA HALLOWEEN?

All hallows evening (santu guztien arratsaldea) esamoldearen laburpena da Halloween, eta Eskozian du jatorria. Irlandako eta Eskoziako herritar askok Ameriketako Estatu Batuetara joan behar izan zuten, eta hara eraman zuten festa. 1840. urtean ospatu zen estreinakoz han, eta gaur-gaurkoz oso hedatuta dago. Pixkanaka, hango ezaugarriak hartzen hasi zen, eta saltokiez ere jabetu zen. Mozorro beldurgarriak erosi, eta, horiek soinean, gozokiak biltzen dituzte haurrek. Horretarako, «Saria ala ziria» (ingelesez, «trick or treat») esaten dute etxez etxe. Hildakoen espirituak berreskuratzeko jai bat zena umeek gozokiak eskatuz gozatzeko festa bilakatu da.

4. ADIBIDEAK HERRIETAN

Toki askotan ahanzturan eroritako tradizioa den arren, badira Gau Beltzaren ospakizunari eutsi dioten hainbat herri. Barakaldon, Lekeition, Areatzan, Ondarroan (Bizkaia), Mutrikun, Andoainen, Baliarrainen, Oiartzunen, Pasai Donibanen eta Aretxabaletan (Gipuzkoa), esaterako, nork bere erara antolatzen du izuaren festa.


5. USADIO ZAHARRA BERRASMATUZ

Ohitura zaharra berreskuratu eta berrasmatzeko asmo irmoa erakutsi dute askok Euskal Herrian azken boladan. Josu Ozaitak eta Jaime Altunak, esaterako, Hildako kalabazen berpiztea liburua argitaratu zuten 2018an. Gau Beltzaren jatorri eta joera gaurkotuak aztertu zituzten. Ildo beretik, Euskaltzaleen Topaguneak tradizioa berrasmatzeko bidea hasi du. Tradizioaren inguruko ikastaroak antolatu, eta gaubeltza.eus izeneko webgunea ondu dute. Bertan, tokian tokiko Gau Beltza sortzeko baliabideak bildu dituzte. Besteak beste, kalabaza eta makillaje tailerra, festa antolatzeko urratsak eta Gau Beltza dokumentala. Euskarari eta naturari lotutako usadioaren bertsio gaurkotua sustatu nahi dute. Unitate didaktikoak ere sortu izan dituzte gaiarekin lotuta.

top