Gauekok argia ikus dezan
Ipuin bat osatzea da zeregin nagusia ‘Gaueko’ mahai joko literarioan. Maren Urkizu Haur Hezkuntzako graduko ikasleak sortu du, eta pertsonaia mitologikoak ditu protagonista. Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du, jokoa argitaratu ahal izateko.
Ane Insausti Barandiaran
Pertsonaia mitologiko ezagunak dira Lamina, Mari, Basajaun eta Tartalo; ezagunak dira haien istorioak. Baina haiek ere maite dute beste istorio eta ipuin batzuetan barneratzea, eta hitzen itsasoan murgiltzea; bai, behintzat, Gaueko izeneko mahai jokoan. Ez dira bakarrak, ordea: Gaueko pertsonaiak ere gustuko du irakurtzea, eta ipuin guztiak lapurtuko dizkie. Kontua da Gauekori ez zaizkiola istorio horiek gustatuko, eta gainerako pertsonaiek plan bat jarriko dute martxan, istorioak berreskuratzeko: elkarlanean, beste ipuin bat sortuko dute, Gauekori kontatu, hura lokartu eta ipuinak berreskuratzeko.
Horixe da Maren Urkizu EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Haur Hezkuntzako graduko ikasleak sortu duen Gaueko mahai jokoaren abiapuntua eta erronka: istorio bat elkarlanean sortzea. Gradu Amaierako Lanerako sortu du jokoa, literatura eta jolasa uztartuz, 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. «Betidanik gustatu izan zait jolasa, literatura eta abar. Aukera eduki nuenean GRALerako horrelako gai bati eusteko, aukera polita iruditu zitzaidan jolasa literaturarekin uztartzea», azaldu du.

Zaletasunaz gain, ordea, behar edo hutsune bati erantzuteko ere sortu du jolasa: «Gaur egun literaturak askotan ikuspegi oso akademikoa dauka, eta umeei ez zaie aukerarik ematen literaturara gerturatzeko, edo modu jolastiago batetik heltzeko». Hortaz, narrazioaren hasiera, garapena eta bukaera landuko dituzte haurrek Gauekori esker, baina jolasaren bitartez.Izan ere, helburua izan da haurren garapen linguistiko, kognitibo eta sozialeko tresna bat sortzea, baina horretaz jabetu gabe: oharkabean, istorioak nola sortzen diren lantzea, sormena trebatzea eta ahozkotasuna lantzea. Baita elkarlana bultzatzea ere: «Jolas kooperatiboa da: lehiakortasuna txikitu, eta denen artean ipuin bat sortzea da helburua».
Proba ugari
Helburua lortzeko, ordea, hainbat ariketari aurre egin beharko diete haurrek: asmakizunak, aho korapiloak, onomatopeiak eta abar asmatu beharko dituzte. Horrela lortuko dituzte istorioa osatu ahal izateko piezak. Eta, gainera, helduen laguntzarik gabe egin beharko dute hori guztia: «Helburua da haiei ematea hau guztia lantzeko aukera, eta ume bakoitzaren denborak eta erritmoa errespetatzea».Jolasak funtzionatzen ote duen ikusteko, proba bat egin zuten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) liburutegian, 6 eta 7 urteko haurrekin. Horixe izan zen azterketarik onena, askotariko haurrak batu baitziren: lotsatiak, hiztunak, irakurzaleak, irakurtzea kostatzen zaienak... «Ondo moldatu ziren. Batzuek denbora gehiago behar zuten irakurtzeko, eta kooperatiboa izateak laguntzen zuen beste umeekin elkarlanean aritzen, azkarrago zihoazenek laguntzen zieten mantsoago zihoazenei...», esan du Urkizuk.

3D formatuan inprimatu ditu pertsonaiak, eta jokatzeko taula eta karten lehen zirriborroa eskuz egin ditu, adimen artifizialaren laguntzaz. Argitaratzerako, ordea, ilustrazioak berregiteko eskatu dio Eneko Martiarena lasartearrari. «Beti aipatu izan dit ilustratzen aritzen dela, buruan zer proiektu dituen kontatu izan dit, eta esan nuen: aukera polita izan daiteke harentzat ere mundu honetan sartzeko».
Jolasaren proiektua, gainera, egitasmo kulturalak bultzatzeko Batera deialdira aurkeztu zuen Urkizuk, eta irabazi egin du. Pozik dago lortutakoarekin, eta jolasa argitaratzea da hurrengo erronka. Horretarako, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du, Itsulapikoa plataforman. Uztail hasierara arte dago ekarpenak egiteko aukera, eta ekarpenak egiten dituztenek sariak eskuratuko dituzte ordainetan. Webgune bat —Gauekomahaijokoa.eus— eta Instagrameko kontu bat —@gauekomahaijokoa— ere sortu ditu, proiektua ezagutarazteko. Helburua bakarra baita: Gauekok argia ikus dezala, euskarazko jokoen plaza handitzeko.
