
Goiatz Labandibar, idazlea: «Otsoa beldurra sartzeko erabiltzen dugu helduok sarritan»

Ane Insausti Barandiaran
Laida, Elektra hegazkina eta otsoa ageri dira azalean. Haiek dira protagonistak?
Bai, Laida da ipuineko protagonista. Elektrarekin, logelatik atera gabe, irudimena martxan jarriz, munduko hainbat txokotara bidaiatzen du. Ipuineko momentu batean, otsoa agertuko da.
Eta Laida beldurtu egingo da.
Laidaren lehen erreakzioa beldurtzearena izango da, otsoa bere ohe gainean eserita ikustean; uste du otsoak jan egingo duela. Eta galdera hori egiten dio: ea jango ote duen. Otsoak esaten dio ezetz.
Triste dago otsoa, eta zergatia galdetuko dio, ezta?
Laidak pena sentitzen du eta hasten zaio galdezka otsoari, zergatik dagoen triste. Otsoak, berriz, erantzuten dio aspertuta dagoela beti ipuin guztietan gaiztoaren rola edukitzeaz.
Otsoei buruzko aurreiritziak eraistea da ipuinaren xedea?
Bai, azken finean, otsoa beldurra sartzeko erabiltzen dugu helduok sarritan, eta ez zaigu inoiz agertuko otso bat logelan, gu jateko. Helduok haurrak beldurtzeko erabiltzen ditugun gezur absurdoen kontrakoa da liburua. Azken finean, helduok haurrak beldurtzeko erabiltzen ditugun irudietako bat da otsoena.
Gurasoek sarri esaten diote haien aginduak bete ezean otsoa etorri eta jan egingo duela.
Eta Laidak sinetsia du hori gertatuko zaiola. Baina aurreiritziei buelta emango die, eta tratu moduko bat egingo dute, bakoitzak baduelako zerbait besteari eskaintzeko. Hor sortzen da laguntasuna bien artean.
Laida benetako abenturen egarri dela esaten da liburuan.Haurrak gehiegi babesteari buruz ari da?
Bai, eta ipuinak askotan erabili dira beldurrak sartzeko. Akaso geroz eta babestuago-edo daude gaur egun haurrak. Baina Laida oso irudimentsua eta ausarta da, eta baditu beste desira edo jakin-min batzuk. Horretan laguntzen dio otsoak.
Mariñe Arbeok egin ditu ilustrazioak. Nolakoa izan da elkarlana?
Nork bere aldetik egin dugu lan: Pamielakoak Mariñerekin lan egiteko gogoz zeuden, eta harekin lan egitea proposatu zidaten. Testua bidali genion, eta askatasun osoz egin zituen ilustrazioak. Osatuta zeudenean jaso nituen, eta uste dut erabat asmatu duela, asko jantzi baitute istorioa. Emaitza polita da testuen eta irudien artean sortu den liburua.
FITXA
- Izenburua: Otsorik gabeko basoa.
- Idazlea: Goiatz Labandibar.
- Ilustratzailea: Mariñe Arbeo Astigarraga.
- Bilduma: Mila gau.
- Orrialde kopurua: 32 orrialde.
- Prezioa: 15 euro.
- Adina: 7 urtetik aurrera.
- Argitaletxea: Pamiela.