Gorputza bare-bare

1. ZER DA HIBERNAZIOA?

Zenbait animalia espeziek muturreko baldintza meteorologikoetatik babesteko egiten duten prozesua da hibernazioa. Bereziki neguan egiten dute, tenperatura hotzei aurre egiteko, eta bizitza kontserbatzea eta zaintzea du helburu. Horren bidez, gorputzeko tenperatura eta funtzio metabolikoak oso maila apalean mantentzea lortzen dute.

2. ZERGATIK EGITEN DUTE?

Tenperaturak hoztearen ondorioz, animalia asko inguruan dituzten elikagairik gabe geratzen dira, inguruko landareetatik edo animalietatik elikatzen direlako. Baina landare horiek izoztuta geratzen badira, edo animalia horiek emigratzen badute, jatekorik gabe geratzen dira animaliak, eta ezin dira jan gabe bizi. Horregatik, aldez aurretik prestatu behar dira egoera horretarako, eta abagunea iristen denean, hibernatu.

3. HOTZETIK IHES EGITEN DUTE?

Hotzari aurre egiteko modu bat da hibernatzea, baina horrek ez du esan nahi hotzetik salbu daudenik. Izan ere, hibernatzen duten inguruan tenperaturak gehiegi hoztuz gero, eta animalia horiek babesguneetatik kanpo hibernatzen badute, izozteko arrisku handia dute. Horregatik, animalia asko eta asko estalki sendoetan babesten dira. Hala, baliteke inguruak izoztea, baina haiek babestuta  daude.