Gotzone Butron, idazlea: «Leiho bat zabaldu dugu musika klasikoa ezagutzeko»
Ane Insausti Barandiaran
Ama sopranoa duen haur bat da albumeko protagonista. Zergatik hartu duzue musika klasikoa abiapuntutzat?
Etxean musikariekin bizi naiz, eta gure etxean musika klasikoa oso presente dago. Behin, operara joan nintzenean, entzun nuen sopranoaren kantua, eta pentsatu nuen: «Zelakoa izango da abeslari honen alaba izatea?». Hortik tiraka sortu zen ipuina. Batez ere orkestra baten istorioa da: bakoitzak bere istorioa alde batera utzi eta elkarrekin zeozer berria sortzeko momentu hori, hori da orkestra batean egiten dena.
Hainbat kantu aipatu dituzue. Horiek ezagutaraztea da asmoa?
Alde batetik, leiho bat zabaltzea musika klasikoa ezagutzeko. Bestetik, horren aitzakiagaz, umorezko ipuin bat sortzea ere bai. Pentsatzen dugu musika guztientzat dela. Ideia horrekin jolas egin dugu.
Animaliak aztoratu egiten dira musika klasikoa entzutean. Gizartearen ispilua izan liteke?
Agian, bai. Beti gustatzen zaigu ezagutzen duguna. Eta zerbait gutxi ezagutzen badugu, arrotza izaten da. Kasu honetan, animaliak urduritu egiten dira, zeozer berria da, eta gero irteten direnean zoo horretatik, ikusten da nola jokatzen duen bakoitzak. Batzuek alde egiten dute, beste batzuk beldurtu egiten dira, eta badaude beste hiru ausartak direnak eta musikak erakarrita beste mundu berri horretara bideratzen direnak.
Musikak emozioak pizten dituen seinale?
Musikak gaitasun bat dauka: gure emozioekin konektatzen du, eta emozioak eragiten ditu. Musika guztiak egin dezake hori, arte guztiek ere bai, baina, kasu honetan, musika klasikoan jarri dugu arreta. Pentsatzen dugu musika klasikoak beste musika estilo batzuek baino ahalmen handiagoa daukala gure baitan sentimenduak arakatzeko, aldatzeko, sendatzeko...
Etxepare saria jaso duzue. Nola hartu zenuten berria?
Hori poza! Ezin genuen sinetsi. Lan ederrak aurkezten dira. Nik, liburuzaina naizen aldetik, ezagutzen ditut, mota guztietako albumak daude eta zoragarriak dira. Oso pozik hartu genuen.
Liburuzaina izanik, nori gomendatuko zenioke ipuina?
Badira album batzuk helduei gustatzen zaizkienak, eta beste batzuk umeei gustatzen zaizkienak. Baina nire ustez hau da guztiei gustatzeko modukoa. Gehitu dizkiogu QR kode batzuk, hor aipatzen den musika entzun ahal izateko.
FITXA
- Izenburua: ‘Orkestra zooragarria’.
- Egilea: Gotzone Butron.
- Marrazkiak: Aitziber Raya.
- Orrialde kopurua: 44 orrialde.
- Adina: 4 urtetik aurrera.
- Argitaletxea: Pamiela eta Kalandraka.
- Prezioa: 16 euro.