Hartzaren aztarnen atzetik
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER GERTATU DA?
Duela bi aste zabaldu ziren irudi batzuetan, hartz arre bat ikusten zen Otsagabia eta Ezkarotz arteko errepidean (Nafarroa). Irudiak lau haizeetara zabaldu ziren, ez baita ohikoa hartz bat horrelako toki batean ikustea. Dena den, Gerard Caussimonten arabera, ez da albistea: «Datuak ez du aparteko garrantzirik; zera besterik ez du esan nahi: azken urteetan jaio diren hartz gazteak lurraldean pixka bat hedatu direla». Horrek ez du esan nahi hor geratuko direnik, ordea: «Arrak lurraldean barrena ibiltzen dira, emeen bila».
2. ZENBAT HARTZ DAUDE?
2025. urtean hamar bat hartz kontatu zituzten mendebaldeko Pirinioetan. Pirinio guztiak kontuan hartuta, berriz, 108 dira. Hori ez da berez gertatu, ordea. Izan ere, 1995. urtean sei hartz baino ez ziren geratzen, eta horietako bakarra zen emea, Caussimonten arabera: «Espezieak ez zeukan etorkizunik. Europako programa bati esker, Esloveniatik hiru hartz ekarri zituzten; 2006an, beste hiru; 2016an, Kataluniara beste bat, eta, 2018an, Frantziara beste bi eme». Horri esker, hartzen populazioa %11 handitzen ari da urtean.

3. ZERGATIK DA GARRANTZITSUA HARTZAK KONTSERBATZEA?
Hartz arrea agertu izana biodibertsitate aberatsaren adierazle dela nabarmendu du Caussimontek: «Hartza aterki gisako espezie bat da: hartza babesten duzularik, Pirinioetako faunako espezie guztiak eta horien ingurua babesten ari zara. Hartz arrea babestuta, basoak babesten dituzu, eta baita horko espezierik nabarmenenak ere».
4. NOLA ELIKATZEN DIRA?
Urtaroaren arabera, elikagai jakin batzuk edo beste batzuk jaten dituzte. Udaberrian, neguan geratutako pagatxen edo ezkurren bila hasiko dira. «Aurkitu ezean, baina, erreketatik edo larredietatik gertu hazten den belar berdeaz bazkatzen hasten dira, belar horrek azukre asko baitauka». Zuhaitzen begiak janez ere elikatzen dira. Udan, berriz, fruitu mamitsuak jaten dituztela zehaztu du Caussimontek: sasiko marrubiak, masustak, ahabiak… Intsektuak ere bai. «Udazkenean, bestalde, fruitu lehorrak jaten dituzte, eta horiek ezinbestekoak dira negu osoa lo eta jan gabe egoteko modua ematen dieten koipeak produzitzeko».

5. ZER DA 'LETRAGIA'?
Lehen elurteak iristen direnean, lotara jotzen dute hartzek. Letargia edo neguko lozorroa deitzen zaio horri. Negu osoa lo pasatzen dute, udaberria heldu arte: «Hartzen letargia ez da marmotena bezalakoa; aitzitik, jatekorik ez dutenetan soilik gertatzen da».
6. ZER ESAN DUTE ABELTZAINEK?
Inguruko abeltzainek kezka adierazi dute hartza agertu dela eta. Hazienda arriskuan jartzen duela salatu dute, eta hartzaren babesa kentzeko eskatu. Caussimontek ulertzen du haien kezka, beldur baitira ea animalia harrapakari horrek abereak jango ote dizkien. «Baina ez da ahaztu behar hartzaren elikaduraren %90 belarrean eta intsektuetan oinarritzen dela, eta haragia elikaduraren %10-15 dela». Gogoratu du iaz hiruzpalau hartz Nafarroan barrena ibili ziren arren ez zutela eraso bakar bat ere egin. Horretan gakoa Nafarroako Gobernuak ematen dituen laguntzetan dagoela uste du: «Abeltzainei ematen dizkieten laguntzak handituko dituzte, Erronkari haranean egin zuten bezala, mastin zakurrak, itxiturak edo artzainak izan ditzaten». Erraza ez bada ere, oreka bilatu behar dela uste du.

7. ARRISKUTSUAK AL DIRA?
Caussimontek gogoratu du hartzei ez zaiela beldurrik izan behar, errespetuz tratatzea dela kontua: «Kume txikiak dituen hartz batengana hurbiltzen bazara soilik izan daitezke arriskutsuak, kendu egin nahi dizkiozula pentsa dezake eta. Hori bai, hartz arrea animalia basati bat da, ez peluxe bat, eta bakean utzi behar da». Edonola ere, gogoratu du ez dela batere ohikoa hartz bat ikustea: «Hartz arre batekin topo egiteko probabilitatea ezin txikiagoa da, hutsaren parekoa ia. Primerako entzumen eta usaimena dute, eta gai dira pertsonak atzemateko oso urrunean daudenean ere».
8. ZER EGIN HARTZ BAT AGERTUZ GERO?
Hartz batekin topo eginez gero nola jokatu azaldu du Caussimontek: besteak beste, oihu egin gabe hitz egin behar da, bestela pertsona hori mehatxutzat har dezaketelako, txakurrekin gertatzen den bezala. Metro batzuetara hartz bat ikusiz gero, berriz, pixkanaka urrundu behar dela nabarmendu du, eta ez dela argazkiak ateratzera gerturatu behar. «Batez ere, inoiz ez zaio animalia bati bidea itxi behar; ihesbide bat eduki behar dute».