Hau galdemina: Sabelean haur bat daukaten amek haur hori jan egin dute lehenago?
Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaietak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.
Sabelean haur bat daukaten amek haur hori jan egin dute lehenago?
Galderaren egilea: Kai, 4 urte. Mariturri Ikastetxea, Gasteiz.
Ez, lasai! Gurasoek ez dute umerik jaten. Hori ogroek egiten omen zuten aspaldiko istorioetan, eta amatxok ez du ogro-aurpegirik, ezta?
Oso ongi pentsatutako galdera da zurea, Kai. Ahotik sartzen dena sabelera doala ikasia duzu jada. Hala gertatzen da makarroiekin, frutarekin edota esnearekin. Baina jakizu amaren sabelak sekretu bat duela.
Haurtxoa ez dago makarroien lekuan, haiekin jolasean edo igerian. Haurtxoa sabelaren beste gela batean dago, habia batean bezala. Eta badakizu zer den harrigarriena? Amatxoren eta haurtxoaren artean kable fin bat dagoela. Horri esker, amak jaten duenaren indarra –makarroiena, adibidez– ailegatzen zaio haurtxoari.
Eta horrela, bederatzi hilabete egiten ditu haurtxoak amaren habian. Goxo. Poliki hazten eta mundurako prestatzen. Gero, jaiotzean, umeak egiten duen lehen gauza negar egitea izaten da.
Ziur zu ere oso gustura egon zinela amaren habia horretan. Begiratu zure zilborra: horixe da zuen arteko kablearen arrastoa!