Hau galdemina: Zer gertatzen da gauza bat egiten ez badakigu?
Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaietak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.
Zer gertatzen da gauza bat egiten ez badakigu?
Galderaren egilea: Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH5eko ikasleak. Lasarte-Oria.
Argi erantzungo dizuet: ezertxo ere ez. Begira niri: gauza asko ez dakizkidalako nago hemen (Mantangorri-ko lagunen eta Kaieten laguntzarekin, zuen galderei erantzuna ematen!).
Literatura Nobela irabazi zuen Wislawa Szymborska poloniarrak. Eta agian orain kontatu behar dizuedanak harrituko zaituzte: munduko saririk ospetsuena eman ziotenean ozenki esan zuen bere bi hitzik kuttunenak «ez dakit» zirela. Zergatik? Bada, bi hitz horiek hegalak dituztelako. «Badakit» esaten duenak ate bat ixten du krisketaz; «ez dakit» esatera ausartzen denak, ordea, abenturaren leihoa ireki dezake.
Zer gertatuko litzateke munduko sukaldaririk onenak «badakit tortilla bat egiten» esan eta gehiago probatzeari utziko balio? Bada, beti-beti-beti tortilla bera jango genukeela! Baina sukaldariak esaten badu «ez dakit zer gertatuko den patatei txokolatea gehitzen badiet»... hantxe hasi daiteke festa (eta, nahi gabe, afari bitxi-bitxi bat!).
Beraz, zuen ustez, benetako arazoa zein da: ez jakitea ala jakin nahi ez izatea?