Herria txondorraren bueltan

Hainbat hilabetez Txondorraren Bueltan egitasmoan buru-belarri aritu ostean, larunbatean piztu zuten txondorra, Oñatin. Ikazkintzatik bizi izandakoen lanari aitortza egitea eta antzinako jakintza transmititzea da helburua.

Ane Insausti Barandiaran / Oñati

Erre usaina nabaritzen da Oñatiko (Gipuzkoa) San Martin parkeko zuhaiztian murgildu ahala. Izen bereko ermitara gerturatu ahala, areagotuz doa usaina, eta parean, belardian, ohiko paisaiari beste hainbat eraikin batu dizkiote: ikazkinen txabola, sua berotzeko egitura, eta, azkenik, eguneko protagonista, txondorra. Joan den larunbatean piztu zuten, hilabeteetako lanketaren ostean.

Goizuetan (Nafarroa) dago proiektuaren sorburua. Txondorra piztu zuten iaz, eta Oñatiko hainbat lagun hara joan ziren bisitan, hura ikustera. Handik itzultzean, jakin-mina eta lanerako gogoa batu, eta Oñatin txondorra piztu behar zutela erabaki zuten. Pixkanaka-pixkanaka interesa zeukan jendea elkartu, eta hamar bat laguneko taldea osatu zuten; pareko txondorra da egindako lanaren emaitza.