Hitzez hitz, 'Egunkaria' sortzen
Uxue Gutierrez Lorenzo
1. 2003KO OTSAILAREN 20A: ZER GERTATU ZEN?
Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen 2003ko otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Prebentziozko neurri gisa itxi zuten, gaurko egunez orain dela 18 urte. Del Olmok ETA erakunde armatuaren tresna izatea leporatzen zion hedabideari. Andoaingo, Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzak itxi, dokumentazioa eta bestelako materiala eraman, eta zuzendaritzako hamar kide preso hartu zituzten. Atxilotuetako zenbaitek torturak eta inkomunikazioa salatu zituzten.
2. HERRI ERANTZUNA
Kazetaren itxierak oihartzun handia izan zuen, eta itxi eta bi egunera, otsailaren 22an, manifestazio jendetsua egin zen Donostian, gertakaria salatzeko. Milaka lagunek egunkariaren itxiera salatu zuten Egunkaria aurrera. Bai euskarari lelopean.
3. ZER ZEN 'EUSKALDUNON EGUNKARIA'?
Euskal Herri osoan banatzen zen euskarazko egunkari bakarra zen Euskaldunon Egunkaria. Orain 30 urte, 1990eko abenduaren 6an argitaratu zen lehenbiziko alea. Egunerokoan euskaraz arituko zen eta Euskal Herri osoa kontuan hartuko zuen kazeta izateko asmoz sortu zen, eta 13 urtez astean sei aldiz argitaratu zen –asteartetik igandera-. Hasi zenean, 32 orrialde zituen, eta itxi zutenean, berriz, 64 izatera iritsi zen.
XINGOLA
Mantangorri-k ere izan zuen bere aurrekaria. Egunkaria-ren garaian, Xingola zuen izena gaztetxoen gehigarriak. Garai hartan 16 orri zituen gehigarriak, eta askotariko edukiak lantzen ziren: elkarrizketak, inkestak, eskulanak, horoskopoa, posterrak... Egunkaria itxi eta BERRIA sortzearekin batera, gaztetxoen gehigarri berri bat sortu zen, baina pertsonaia batzuk mantendu egin dira: hala nola Belardo belar metaren abenturek umorez jantzi dituzte Xingolaren eta Mantangorri-ren orriak urtez urte.
EGUNERO
Euskarazko kazeta ixteak sortutako samina eta jasotako gizarte babesa zela medio, otsailaren 21etik aurrera egunkari txikiago bat argitaratu zen, Egunero, euskarazko egunkari berri bat martxan jarri bitartean hutsunea bete zezan.
4. 'EGUNKARIA'-REN ONDORENGOAK
Hasitako bideari segituz, euskaraz eta euskaratik informatzeko helburuarekin sortu zen BERRIA, 2003ko ekainaren 21ean. BERRIA-k hartu zion lekukoa Euskaldunon Egunkaria-ri, eta Mantangorri-k, berriz, Xingola-ri. Asteartetik igandera argitaratzen da BERRIA, eta astekaria da Mantangorri.
5. ZER DA ERREDAKZIO BAT?
Berripaperak erredakzioetan sortzen dira, eta han, talde ugariren lana uztartuz sortzen da egunkaria. Toki horretan osatzen da albisteen kontaketa; erredakzioaren barnean jasotzen eta antolatzen da kalean gertatzen dena. Txukunduta, herritarren esku jartzen da gaurkotasuna ardatz duen informazioa. Gaur egun, paperean eta Internet bidez zabaltzen dira albisteak.
Nork egiten du lan erredakzioan?
Erredakzioko lanak giza kate erraldoi baten eran funtzionatzen du. Talde guztiak dira ezinbestekoak egunkaria aurrera ateratzeko.
- Erredaktoreak: informazioa batu eta albisteak idazten dituzte.
- Argazkilariak: albisteekin lotutako argazkiak egiten dituzte; hala, eduki idatziari irudia eransten diote, informazioa osatuz.
- Diseinuko lan taldea: elementu guztien arteko puzzlea osatzeaz arduratzen da; egunkariaren itxura zaintzen dute.
- Euskara taldea: testuak egokiak diren aztertu eta hobetzeko moldaketak egiten dituzte.
- Inprimategiko taldea: behin eduki guztia prest dagoenean inprimatzera bidaltzeaz arduratzen diren langileek osatzen dute.
- Banatzaileak: inprimategitik egunkaria jaso eta herritarren eskura jartzeaz arduratzen dira banatzaileak.
- Publizitateko langileak: publizitatea lortzeaz arduratzen diren kideak ere beharrezkoak dira egunkari baten lan taldean; izan ere, iragarkiak eta publizitatea dira egunkarien diru iturri nagusia.