Ibon Meñika: «Olibondoak landatzea Palestina landatzea ere bada»
Ane Insausti Barandiaran
Nire olibondoa da liburuaren izena. Zer esanahi du olibondoak palestinarrentzat?
Olibondoa bera oso elementu sinbolikoa da Palestinako herriarentzat, guretzat haritza izan daitekeen bezala, adibidez. Ipuinean nabaritzen da olibondoak nolabaiteko lotura egiten duela aitona-amona eta bilobaren artean. Baina, gainera, olibondoak lotzen du protagonista Palestinako lurrera, horrek esan nahi duen guztia kontuan hartuta.
Hain zuzen, horrela hasten da ipuina: aitonak Salam biloba animatzen du olibondo hazi bat landatzera.
Joko bat balitz bezala planteatzen du, baina horren atzean badago esanahi garrantzitsu bat. Olibondoa bihurtzen da Palestinako lurrari lotzeko bitartekoa. Aldi berean, belaunaldiz belaunaldi olibondoak landatu dituztenez, itzal horren pean, herri oso bat batzeko bide bihurtu zaie. Lurra kentzen dabiltzan honetan, olibondoak landatzea Palestina landatzea ere bada, neurri batean.
Nolatan erabaki zenuten liburua itzultzea?
Gure ustez, horrelako euskarri bat egitea ona zen, umeen begirada duelako. Gure haurrak, ziur asko, azkeneko bi urte eta erdian ohitu egin dira Palestinari buruz gauzak entzutera, baina inork ez die azaltzen beren begietatik zer den Palestina. Liburu honek gertatzen ari dena ulertzen laguntzen die gure hizkuntzan, euskaraz.
Gaia gordina da, baina itxaropen mezua zabaltzen du, ezta?
Palestinako herriaren ezaugarri handienetariko bat erresilientzia da, egoera guztietan altxatzeko gogo hori. Liburuan hori ere islatzen da: olibondoak landatzen jarraitzen dute, nahiz eta horiek suntsitu. Horren atzean badago mezu bat: haiek existitzen diren bitartean, Palestina existituko da.
Hazar Elbayya egilea gazatarra da; erbesteratua dago.
Bai, eta horrek azaltzen du bere herria nondik ikusten duen. Bellaterra argitaletxea egon da harekin harremanetan, guk ez dugu zuzeneko harremanik izan. Euskal Herria pixka bat ezagutzen du, eta oso pozik zegoen gure hizkuntzan jaso delako bere lana.
Zer asmo duzue aurrera begira?
Ez genuen argitalpenekin hasteko asmorik, baina konturatu gara bitarteko guztiak ongietorriak direla. Bellaterrarekin beste lan bat egiten ari gara. Apartheida, Hego Afrika eta Palestina lotzen dituen proiektu bat izango da.
LIBURUAREN FITXA
- Izenburua: ‘Nire olibondoa’.
- Idazlea eta ilustratzailea: Hazar Elbayya.
- Itzultzailea: Mario Unamuno.
- Orrialde kopurua: 32 orrialde.
- Argitaletxea: Bellaterra argitaletxea.
- Prezioa: 15 euro.
- Non erosi daiteke: Gernikapalestina.eus atarian edo Yala Nafarroaren ekintzetan.