Irene Irureta, ilustratzailea: «Gure inguruko interesguneak umeei gerturatu nahi nizkien»


Ane Insausti Barandiaran

Nolatan sortu duzu flyschei buruzko pop-up liburu bat?

Proiektu pertsonal bat egiteko gogoa neukan, eta begiratzen aritu nintzen ea pop-up bat egitea bideragarria zen. Gai bezala flyscha hartu nuen, zumaiarra naizelako. Ikusi nuen, baita ere, geoparkeak liburu asko dituela flyschei buruz, baina denak helduentzat. Umeentzako ezer ere ez zegoen, eta aukera polita iruditu zitzaidan.

Zer jaso duzu bertan?

Nik, berez, flyscharen historia idatzi nahi nuen, baina gero, Geoparkeko diru laguntza jaso genuenez, Asier Hilariok geoparkeko beste gune interesgarri batzuk aipatzea proposatu zidan. Orduan, istorio bat kontatu dut ordena kronologikoan, geoparkearen ingurukoa. Zumaia, Mutriku eta Deba aipatzen dira.

Flyschaz gain, balearen arrantza, Ekaingo kobazuloa eta beste sartu dituzu.

Hori da; gure inguruko interesguneak umeei gerturatu nahi nizkien.

Euskaraz sortutako lehen pop-up albuma da, ezta?

Bai, euskaraz badauzkagu halakoak, baina orain arteko guztiak itzulpenak dira. Hau hemen sortutako lehena izan da.

Zailtasunik izan duzu?

Paper ingeniaritza erabiliz egiten nuen lehen liburua izan da. Orduan, gauza asko ikasi behar izan ditut: ikastaroak egin nituen, beste liburuak begiratuz mekanismoek nola funtzionatzen duten probatzen aritu naiz...

Txinatik bueltan ibili da liburua.

Denonartean argitaletxeko Unai editoreari bidali aurretik, inprentak bilatzen ibili nintzen, ikusteko ea horrelako liburu bat egitea bideragarria zen ala ez. Ez nuen Euskal Herrian halakorik topatu. Etxeko pop-up liburuetan begiratzen hasi nintzen, eta denak zeuden Txinan inprimatuta. Horregatik, Txinako inprenta batekin jarri nintzen kontaktuan, eta handik bidali dituzte hona.

Zer sentitzen da hain luze joan den proiektu baten emaitza esku artean ikusita?

Lasaitasun handia. Luze joan zen, eta ni urduri nengoen, argitaletxeagatik batez ere, ea iruzur egin ziguten... [barrez]. Ezjakintasun horregatik, ikusi arte... Orain, fase hori itxita, lasaitasun handia sentitzen dut.

Zer erantzun jaso duzu orain arte?

Zumaian behintzat oso ona. Izan ere, flyscha asko maite dugunez, jende askok erosi du liburua. Herri barruan asko ari da saltzen; handik kanpo, ez dakit.


FITXA

- Liburuaren izenburua: Flysch.

- Egilea: Irene Irureta.

- Orrialde kopurua: 32 orrialde.

- Argitaletxea: Denonartean.

- Prezioa: 25 euro.

- Non dago salgai: Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan, eta ohiko liburu dendetan.

top