Janire Atxurra, eduki sortzailea: «Sareetan benetako bizimodua erakustea garrantzitsua da»

Sare sozialetan bizitza den bezalakoa erakusten du Janire Atxurra eduki sortzaileak (Aulesti, Bizkaia, 2000). Euskaraz zabaltzen ditu edukiak, hala sentitzen delako eroso. Argi dauka: ez du erabakirik hartuko besteek zer esango beldurrez.


Ane Insausti Barandiaran

Noiz jarri zinen aurrenekoz kamera aurrean?

Duela bizpahiru urte. Ez neukan helbururik; betidanik egin nahi izan dudana da. DBHn baneukan Youtubeko kanala, baina ezabatu egin nuen, lotsagatik. 24 edo 25 urte neuzkala berriro hasi nintzen, eta begira orain.

Zure bideotan naturaltasunez agertzen zara: haserre, triste, pozik... Zer dela eta?

Hori gustatzen zaiolako jendeari. Ni neu ere kantsatuta nago beti gauza onak bakarrik ikusteaz. Egiten ditut umorezko bideo batzuk, baina beste bideo batzuk egitea ere gustatzen zait.

Hain justu, joera orokorra gauza onak soilik erakustea da...

Bai. Umoreak badu bere balioa, baina begitantzen zait beharrezkoa dela errealitatea, benetako arazoak eta bizimodua erakustea. Horregatik egiten dut. Nik ere lehen filtroekaz grabatzen nuen, makillatuta, angelu onetik... Ikusi nuenean neure burua horrelako jarrera toxikoak izaten, esan nuen: «Nahikoa da».

Kezkarik sortu dizu inoiz zure bizitzaz hitz egiteak?

Batzuetan shockean geratzen naiz. Jendeak kalean kontatu ditudan gauzei buruz galdetzen didanean, konturatzen naiz zenbat gauza kontatzen dudan. Baina gero bost axola zait, arriskutsu bihurtzen ez den bitartean. Nik egia kontatzen dut beti.

Euskaraz egiten duzu beti. Sarean bere tokia izatea garrantzitsua dela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Ez dut egiten beharrezkoa dela pentsatzen dudalako, neu gustura sentitzen naizen hizkuntza delako baizik. Niretzat oso sinplea da: nire hizkuntza da, nire izaeraren parte da, eta nik daukadan graziaren parte bat nire berba egiteko moduagatik da. Ez dago beste motiborik.

Aipatu duzu umetatik izan duzula gustuko ikus-entzunezkoen mundua. Zer gehiago?

Ez daukat oroitzapen askorik. Bullying-a jasan nuen, eta ezabatuta dauzkat oroitzapen asko. Beti izan naiz neska loditxoa, eta barregarria izan behar nuen; bestela bullying-a egiten zidaten. Ni neurez oso pertsona isila eta lotsatia naiz. Youtubeko kanala egin nuen, eta gogoratzen naiz maisu batek klasean jarri zuela bideoa. Denak hasi ziren barrezka. Oso txarto pasatu nuen, baina bat-batean txipa aldatu nuen. Ezin da bizitzan erabakirik hartu besteek zer esango ote duten beldurragatik edo lotsagatik. 

Euskarazko eduki sortzaileen komunitate bat sortzen ari zarete. Zertan laguntzen dizue sare horrek?

Lotsa galtzea da garrantzitsuena. Lehen, bideo bat ipintzen zenuen, eta jendeak esaten zuen: «Hau zer sentitzen da?». Orain, hainbeste jende dabilenez, esaten dute: «Agian ez da horren bitxia». Zalantza bat dudanean ere, taldean idatzi izan dut; babesa ematen digu talde horrek.

Sare sozialak, telebista, irratia... Zer eremu geratzen zaizu konkistatzeko?

[Barrez] Asko gustatuko litzaidake antzerkia egitea. A! Eta primizia! Bakarrizketak egiten hasiko naiz. Uztailaren 12an daukat lehenengoa. Gustatzen bazait, aurrera, eta ez bazait gustatzen, ez. Jarrera hori hartu dut bizitzan.

MOTZEAN

- Kolore bat? Momentu honetan, laranja.

- Plater bat? Antxoak.

- Abesti bat? AimarZ-ren Ezezagunak.

- Film bat? Train to Gusan.

- Erreferente bat? Nire gurasoak.

top