Jazarpenaren kontra, borobilean
Jazarpena hartu dute mintzagai Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek ‘Irri berri’ liburuan. Horrez gain, ‘Zerua lapurtu dute’ ikuskizunarekin ari dira herriz herri, astronomiaz eta argi kutsaduraz hitz egiteko.
Ane Insausti Barandiaran
Txantxak txantxa dira, eta jolasak jolas. Baina txantxak beti pertsona bera badu jomugan, iseka forma hartzen badu, eta, denboran jarraitua bada, jazarpen bihurtzen da. Gai garrantzitsu horri heldu diote Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Irri berri liburuan: eskola jazarpena edo bullying-a. Hura prebenitzeko gakoak ematea dute helburu. Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendan aurkeztu zuten proiektu berria, azaroan.
Irati Galardi Adorez proiektuko sortzailearena izan zen ideia. Aspaldian zuen gaia pailazoei proposatzeko asmoa, eta azkenean erabaki zuen haien atea jotzea: «Lagungarria eta aberasgarria izan zitekeela pentsatu nuen, pailazo hauek edozein gai naturaltasunez, gertutasun handiz eta modu eraikitzaile batean lantzeko gaitasuna daukatelako».
Pailazoen oniritzia jaso ondoren, Nerea Loiola idazlearen atea jo zuen Galardik. Hasieran, abestiko letra idatziko ote zuen galdetu zion, eta Loiolak baiezkoa eman zuen. Ondoren, ipuina ere hark sortzea proposatu zioten. Alderantzizko lana egin duela kontatu zuen idazleak aurkezpenean: «Normalean istorio bat kontatzeko gogoa edukitzen dut, istorio hori idazten dut, eta gero begiratzen dut zeri buruz hitz egiten duen. Eta hemen alderantziz izan da: idatzi behar nuen liburu bat bullying-a gaitzat zeukana». Hori erronka izan da, idazlearen hitzetan.
Gaia nola landu pentsatzen ari zela, Pupu edo Lore jazarpenaren biktima gisa aurkeztea izan zuen lehen burutapena. Baina barruko senak esaten zion ezetz, ez zela ondo ari. Erasotzailearen larruan jartzea ideia hobea iruditu zitzaion: «Etxean biktima bat izatea izugarri gogorra iruditzen zait, baina etxean erasotzaile bat edukitzea ere... Gure umea biktima denean, zalantzarik gabe ikusiko dugu hor biktima bat, eta hori babestu beharra dagoela. Baina gure umea bada erasotzailea, ariketa askoz zailagoa da».
Ikasle berri bat helduko da Pupu eta Loreren eskolara, eta Pupu izango da hura xaxatzen hasiko dena. Azkenean, ordea, jazarpen kasu bat bihurtuko da, eta Lore eta gainerako lagunak ez dira ezer esaten ausartuko. «Zenbat aldiz egon gara gu ere gustatzen ez zaigun egoera bat ikusten, eta ez gara sartu? Egoerari aurre egitea ingurukoen ardura ere bada». Azkenean, ordea, inguruko helduei laguntza eskatuko die, eta Pupurekin landuko dute egiten duena ez dagoela ondo. Bestearen mina ikusiz, aurrera egiteko bidea topatuko dute, borobilean eserita eta elkarri entzunda. «Itxaropena» transmititzen du ipuinak, Galardiren ustetan.
Prebentziorako gakoak
Liburua ez ezik, gida didaktiko bat ere prestatu dute pailazoek, Ikastolen Elkarteko pedagogia eta bizikidetza taldearen laguntzaz, jazarpena prebenitzeko gako batzuk emateko. Aiora Zulaika Pirritx-ek azaldu zuen zein den gidaren helburua, aurkezpenaren egunean: «Egoera guztiak jarri behar ditugu erdigunean. Ez gara zentratuko errudunak bilatzen, baizik eta gertakariak eta pertsonak ulertzen. Azkenean, gure helburua izan behar delako elkarren arteko harremanak birbideratzea eta ongizatea berreskuratzea. Denen aldetik etorriko baita konponbidea, ezinbestean».
Baina horrek ez du esan nahi jazarpena egin duenak ardurarik hartuko ez duenik. «Jazarpenaren parte denak ere hausnarketa eta neurri zuzentzaileak hartuko ditu. Ipuin honek hainbat aukera ematen dizkigu lanketa horretarako», esan zuen Pirritxek. Hortaz, gida horretan, familiek eta hezitzaileek pilula edo aholku batzuk topatuko dituzte, jazarpen kasuetan haurren artean elkarrizketa eta elkarlana bultzatu ahal izateko. Ipuinean QR kode batekin egingo dute topo irakurleek, eta hortik iritsiko dira material pedagogikora eta abestira. Gainera, abestia txirularekin jotzeko partitura ere txertatu dute.
Eta, ipuinaz gain, pailazoek ikuskizun berria ere estreinatu dute. Aurten ere iazko liburuko gaian oinarrituta osatu dute emanaldia, eta liburuaren izen bera du: Zerua lapurtu dute!. Birtxi farozainaren laguntzaz, astronomiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak lantzen dituzte bertan: Lurra planeta dela, Ilargia satelitea, Eguzkia izarra...
Virjinia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko astronomoa da, eta hura izan zen Birtxi pertsonaia sortzeko inspirazio iturria. Emanaldiak ipuinaren ildo beretik jarraituko duela aipatu du: «Eklipseen eta argiaren kutsaduraren gainean ere hitz egiten du, ipuinak bezala. Gaur egungo umeek ez dute inoiz zeru izartsu bat ikusi; zeruaz gozatzeko eskubidea lapurtu diegu».
Ikuskizuna ikusi du Garciak, eta pozik dago emaitzarekin, Birtxi ikustea arraro egiten bazaio ere: «Egia esan, oso arraroa da, baina polita. Gainera, niretzat oso berezia da, erreferentzia egiten dielako aitona-amonei. Pixka bat ukitzen nau».
Ikuskizunarekin batera, karta jokoa ere sortu dute, haurrei astronomiarekiko jakin-mina pizteko. «Astronomia umeen artean gai erakargarria da, eta astronomia gai ezberdinen inguruko galderak dira. Ilustrazioak oso politak dira, eta karta bakoitzak informazio pixka bat dauka, galdera bat, eta hiru erantzun aukeran. Markatzen du zein den erantzun zuzena, eta familian jolasteko joko bat da». Hortaz, publiko guztiarentzat jokoa da, astronomiaren sekretuak ezagutzeko.
HURRENGO EMANALDIAK
- Abenduak 19: Astigarraga (17:00etan eta 19:00etan).
- Abenduak 20: Azkoitia (16:00etan eta 18:30ean).
- Abenduak 21: Barakaldo (16:30ean eta 19:00etan).
- Abenduak 26: Durango (16:00etan eta 19:00etan).
- Abenduak 27: Ordizia (11:30ean).
- Abenduak 29: Bermeo (16:00etan eta 18:30ean).
- Abenduak 30: Zarautz (16:00etan eta 18:30ean).
- Urtarrilak 3: Itziar (17:00etan).
- Urtarrilak 4: Ondarroa (18:00etan).
- Urtarrilak 5: Lezo (12:00etan).
LIBURUAREN FITXA
- Izenburua: 'Irri Berri'.
- Idazlea: Nerea Loiola.
- Ilustrazioak: Karmele Gorroño.
- Musika: Xabier Zabala.
- Prezioa: 16 euro.