Joanes Etxebeste, Pontx pailazoa: «Kristoren askatasuna ematen dit sudur gorriak»
Jolas moduan sortu zuen Joanes Etxebestek (Sara, Lapurdi, 2005) Pontx pailazoaren pertsonaia. 2016an igo zen lehenengoz sudur gorriarekin Sarako oholtza batera, eta, ohartzerako, hamar urte bete ditu pailazo lanetan. Ez du gelditzeko asmorik, ordea; ideiak barra-barra ditu oraindik.
Ane Insausti Barandiaran
Hitzaren zentzurik onenean... beti izan zara pailazo samarra?
Bai, beti izan naiz pailazo samarra. Beti gustatu zait umore onez ibiltzea, txisteak trukatzea, mozorrotzea, ahotsak eta irakasleak imitatzea... Txikitan pailazo izan nahi nuen. Ume nahiko irekia nintzen, baina, aldi berean, bakarrik egotea anitz maite nuen, neure buruan murgiltzea, nire amets, ilusio eta joko horietan. Bi zaletasun nagusi izan ditut beti: pailazoa ez banintz, gaur egun sukaldaria nintzateke, asko gustatzen zaidalako jatea.
Baina 12 urterekin sortu zenuen Pontx. Nolakoak izan ziren lehen urratsak?
Nahikoa naturaltasunez egin nuen. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin hazi naiz; Txirri, Mirri eta Txiribitonekin; Mr. Bean ere oroitzen dut... Atzera begira jarrita, errango nuke ausartak izan zirela lehen urratsak; askatasuna, jolasa eta naturaltasuna izan ziren Pontxen abiapuntuan. Bide biziki polita izaten ari da.
Gainera, sudur gorria baliatzen duzu gizarte gaiak lantzeko eta injustiziak salatzeko. Zergatik?
Niretzat umoretik ere anitz gauza aipatzen ahal dira: oholtza bada bozgorailu modu bat ere. Adibidez, azken saioan, salerosketaren gaia landu dugu, denda txikien presentzia herrietan, botere harremanak, elkartasuna... Gai desberdinak aipatzen ditugu, baina beti errezeta berarekin: umorea, kantua, dantza eta irria.

Pertsonalki, zer ematen dizu sudur gorriak?
Kristoren askatasuna ematen dit sudur gorriak, jolasteko aukera eta sormena. Joanesek egingo ez lituzkeen gauzak egiten ditu Pontxek.
Zer harrera egin dizu jendeak?
Euskal Herrian, izan ditugun ereduak ikusita, jendeak anitz zaintzen eta baloratzen ditu pailazoak. Euskal pailazogintza pil-pilean da, eta harrera biziki ona izan da. Ikusten dut Iparraldean, adibidez, zenbaterainoko eragina izan duen Pontx pailazoak, zenbat etxetara iritsi diren ikusgarriak, kantuak, dantzak...
Bidean, aukera izan duzu Katxiporretako pailazoekin oholtzan aritzeko, eta Go!azen-en ere parte hartu zenuen. Zer eman dizute bi esperientzia horiek?
Bigarren urtea dut haiekin, Loreren paperean; eredu izan diren horiekin lan egitea kristoren aukera da. Eta Go!azen kristoren esperientzia izan da niretzat, bai pertsonala, eta bai profesionala ere. Beste familia bat eman dit, eta gaur egun nirekin elkarlanean ari diren hainbat kide ere bai.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Pontxek aurten 10 urte bete ditu; beraz, espero dut beste horrenbeste ere betetzea. Aurrera begira, proiektu ugari ditut. Uste dut aukera izango dugula Pontx hainbat saltsatan ikusteko, oso ongi inguratua baita. Ikuskizun berri bat prestatzen ari naiz orain. Egia esan, ideiak ez zaizkit falta; egunero gehitzen dira. Sorpresa askoren lekua izango da aurrera begira ere.
MOTZEAN
- Plater bat? Txokolatea.
- Abesti bat? Hel nazazu eskutik, Ken Zazpirena.
- Kolore bat? Gorria.
- Plaza edo antzoki bat? Herriko plazak.
- Zein duzu eredu? Ene amatxi.