Jolaserako denbora «berreskuraezina»

Gurasoak haien seme-alabekin denbora gehiago pasatzera eta jolastera animatu nahi ditu Markeliñe antzerki taldeak bere azken lanaren bidez: ‘Hodei guztien artetik’. 41 urte daramatzate hitzik gabeko antzezlanak egiten.


Ane Insausti Barandiaran

Laneko estresa, erosketak, etxeko garbiketak, aitona-amonen zaintza... gurasoek ardura eta betebehar ugari izaten dituzte beti, eta zeregin baten eta bestearen artean, sarritan kosta egiten zaie seme-alabekin egoteko denbora topatzea. Horixe gertatzen zaio Markeliñe antzerki konpainiaren Hodei guztien gainetik lan berriko protagonistari. Urtarrilaren 10ean estreinatu zuten antzezlan berria, eta herriz herriko bira hasi dute dagoeneko.

«Denok bizi gara apur bat azeleratuta», Jon Kepa Zumalde antzerki taldeko kidearen ustez. Askotan, ordea, ez da erraza izaten horretaz jabetzea: «Pertsonaia honi hori gertatzen zaio: estresatuta dago, ez du ikusten bere semearekin daukan harremana zenbateraino dagoen baldintzatuta bere lanagatik, bere portaeragatik». Are gehiago, semearekin haserretu ere egiten da uneren batean edo bestean, hark atentzioa eskatzen diolako batzuetan.

Halako batean, baina, zorabio moduko bat izango du pertsonaiak, eta beste errealitate edo eszenatoki batera jauzi egingo du. Beste pertsonaia batekin egingo du topo bertan: «Pertsonaia horrek protagonista eramango du jolasteko desira eta grina zuen garaira, ondo pasatzen zuen garai hartara. Ikusiko du zer ondo pasatzen zuen, eta konturatuko da nola galtzen duen seme-alabekin egoteko denbora hori, gure ustez berreskuraezina dena. Dagokien garrantzia eman behar zaie momentu horiei».


Izan ere, bi gai nagusiren arteko dantza da nagusi antzezlanean: jolaserako denbora horrek haurrentzat duen garrantzia eta jolasaren beraren garrantzia. Izan ere, konpainiako kideak sinetsita daude haurrentzat lehen urte horietako esperientziak oso garrantzitsuak direla. «Haurrak esponjen modukoak dira, eta dena jasotzen dute, dena xurgatzen dute. Gure esku dago zer nahi dugun haiek xurgatzea. Gainera, haiekin igarotzen dugun denbora hori oso aberasgarria da, ez bakarrik haientzat, baizik eta guretzat ere bai».

Noiz eta teknologia berrien eta pantailen garaian, gainera. Gailu teknologikoak gehiegi erabiltzeari buruzko kezka presente dute antzerki taldekoek. Zumaldek berak onartu du sarri ikusi izan dituela haurrak hondartzan pantaila bati begira, hondarrarekin eta uretan jolasean egon beharrean. «Ez dakit nora heldu behar dugun helduok ikusteko zer-nolako arriskua daukaten horrelako tramankuluek. Kontuz ibili behar dugu, eta pentsatu zenbat erabiltzen dugun erabili beharko ez genituzkeen lekuetan edo momentuetan. Penagarria da ikustea zeinen trebeki erabiltzen duten telefonoa oraindik hitz egiten ez duten haur batzuek».

Kartoiekin jolasean

Oholtzan kartoizko hodei bat ikusiko dute ikusleek, eta jolas desberdinak egingo dituzte pixkanaka. Haurrak «zirikatu» nahi dituzte, kartoiaren plastikotasunak erakarri ditzan. «Kartoia bera oso material sinplea da, edonon aurkitu dezakegu, eta horrekin jolas egiten dugu. Zera nahi dugu: haurrek eta helduek ikustea zenbat gauza egin eta konta daitezkeen kartoi sinple bategaz».

Gainera, ez dute hitzik erabiltzen, sinetsita baitaude hitzik gabe ere gai direla edozer gairi buruz hitz egiteko. 41 urteko ibilbidea egin dute jada horretan. «Testua beste gauza batzuekin ordezkatu dugu: musika, sentimenduak, argiztapena... eta noski, aktoreen lana. Aktoreen lana ezinbestekoa da, eta oso aktore onak dauzkagu taldean. Haiei esker, oso erraza egiten zaigu gauzak adieraztea».


Pozik daude orain arte jasotako erantzunarekin, guraso askok antzezlaneko egoeran islatuta ikusi baitute beren burua. Eta, era berean, haiei barrenak mugitzen dizkien eszena batek barre algarak eragiten dizkie haurrei. «Haurrek barre egiten dute, baina helduek, barregarria izan arren, ez dute barre egiten. Orduan, polita da hori, mezua hor dagoela, eta nork bere erara jasotzen duela».Azken finean, horixe baita antzezlanaren helburua, Zumalderen arabera: «Apur bat zirikatzea, ez galtzeko jolasteko grina edo desio hori. Gogoraraztea Printze txikia-n esaten zutena: denok izan garela txikerrak, eta denok jakin izan dugula jolasten, baina askok jada aspaldian ez dugula hori egiten. Hori ez ahaztea garrantzitsua da».


HURRENGO EMANALDIAK

  • Otsailaren 6an: Irunen (Gipuzkoa).
  • Otsailaren 7an: Donostian.
  • Otsailaren 8an: Beasainen.
  • Otsailaren 21ean: Galdakaon (Bizkaia).
  • Otsailaren 22an: Berrizen (Bizkaia).
  •  Otsailaren 27an: Errenterian (Gipuzkoa).
  • Otsailaren 28an: Eibarren (Gipuzkoa).

top