Kattalin Arizmendi, liburuaren idazlea: «Gu solastatu behar gara gure gauzei buruz, gure maneran»


Ane Insausti Barandiaran

Gradu amaierako lana zena album ilustratu bihurtu da. Nola sortu zen proiektua?

Unibertsitateko azken urtean euskara eta euskal literaturako espezializazioa egin nuen. Kristoren irakasleak izan ditut, eta egiatan gustatzen zaidan zerbait egin nahi izan nuen, erabilgarria, eta nire herriari eta bailarari ekarpen bat egiten ahal diona.

Kepa Arizmendi zure osabarekin zerikusia du, ezta?

Nire osaba duela hamar urte baino gehiago hil zen. Margolaria zen, eta denbora nahikoa pasatzen zuen mendian. Aunitz margotzen zituen paisaiak. Nik etxea bere margolanez estalia dut, eta uste dut margolan horiek ikusteak zerbait eragiten dizula. Interesgarria iruditu zitzaidan paisaiak duen indar hori, eta segida eman nahi nion.

Hiru espazio aukeratu zenituen, eta hiru ipuin sortu: espazioa, basoa eta pentzea. Zergatik?

Osabak aipatzen zituen hiru espazio horiek, eta, gero, Mariano Izetaren ahozko literaturari buruzko liburu bat irakurri nuen, Baztango gauzak kontatzen zituena. Istorioak hiru espazio horietako bakoitzera egokitzen saiatu nintzen. Horrela aukeratu nituen Auza mendiko sutea, kukuak ematen diola hasiera udaberriari, eta, azkenik, igelek arrautzak jarri eta zapaburuak jaiotzen direla.

Omenaldi moduko bat da? Baztani, naturari...

Bai, eta aunitzetan edozein istorio asmatzen dugula edo edozein idazlek zerbait idazten duelarik, beti egiten dugu nonbaitetik. Interesgarri ikusten nuen nonbait hori ondo aukeratzea. Gu solastatu behar gara gure gauzei buruz, gure maneran. 

Baditu kolaborazio berezi batzuk ere, bertso eran...

Bertso sorta batzuk sortzea ere latza izanen zela pentsatu nuen, eta Malen Altzuarte, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo animatu ziren. Hasieratik erran zidaten baietz, eta kristoren bertso politak egin dituzte. 

Collage estiloko ilustrazioak egin ditu Joanes Altxuk.

Bai, orain arte ez du teknika hori erabili, eta interesgarria egin zitzaion teknika hori esploratzea. Niretako, kristoren kutsu berezia eman dio. Paisaia sortzeko, testurak erabili ditu liburuan... arras polita eta koloretsua da.

Behin baino gehiagotan irakurtzea eskatzen du, ezta?

Istorioak ez dira luzeak, 30 segundotan irakurtzen ahal dira, baina, aldi berean, liburuaren formatuak (horizontalean irakurri behar da, handia da, hiru istorio dira...) patxadaz hartzea eskatzen du, irakurtzeko bertze manera batzuk ikustea...


FITXA

  • Izenburua: ‘Begiek zer, izanak erran’.
  • Egilea: Kattalin Arizmendi Andueza.
  • Marrazkiak: Joanes Altxu Urtasun.
  • Orrialde kopurua: 18 orrialde.
  • Adina: 8-9 urtetik aurrera.
  • Prezioa: 15 euro.
  • Argitaletxea: 1545 argitaletxea.
top