Kazetarien azalean
Donostiako ‘Irutxuloko Hitza’ astekariaren erredakzioa bisitatu dute Oporretan Euskaraz udalekuetako haurrek. Kazetarien jarduna ezagutu, eta kazetari lanak egin dituzte Egia auzoan.
Ane Insausti Barandiaran
Jakin-minez betetako hamar ikaslek txirrina jo dute Donostiako Egia auzoko Ametzagaña kaleko 19.enean. Zuri-urdinez seinalatua dago beheko solairuko botoia: Irutxuloko Hitza jartzen du. Atetik sartu, eta erredakzio batekin egin dute topo. Kazetariak eta bulegoko langileak parez pare ari dira lanean, uda izan arren. Albisteek ez dute atsedenik hartzen, eta kazetarien lana ez da eteten. Gaur, ordea, atsedenaldi bat hartu dute, Oporretan Euskaraz udalekuko haurrei erredakzioa eta haien jarduna ezagutarazteko.
Irribarrez egin diete harrera Andrea Boschek, Naike Usabiagak eta Aizpea Aizpuruak. Egoitza Joxemi Zumalabe fundazioarena da, baina Irutxulo-koek bi gela alokatzen dizkiete, eta bertan osatzen dute Donostiako albisteak euskaraz argitaratzen dituen astekaria. Ezin disimulatu kazetarien jakin-mina. «Nondik zatozte?», galdetu diete: «Amaratik!». Bertan hasi dute erredakziorako bisita, eta zera esan diete: «Agian goiz da, baina... inork izan nahi al du kazetari handitan?».

Mahai gainean dute astekariaren azken zenbakia: Antxon Pro eta Imanol Sainz Bentaberriko Alokairu bizilagunen elkarteko kideak daude azalean. Babes ofizialeko etxeetan bizi dira, baina etxe horiek merkatu librera aterako dira 2028an, eta 510 familia etxerik gabe geratzeko arriskuan daude. Izan ere, berri onak eta txarrak, denak jasotzea dagokie kazetariei. «Gure lana da Donostian zer gertatzen den kontatzea: alkateak zerbait iragarri duela, Realak irabazi duela... jendeak horren berri izan dezan», azaldu diete.
Erredakzioko txokoak ikusi dituzte, eta astekariaren aleak esku artean hartu. Haurrak kuxkuxean hasi dira. Usabiagak nabarmendu die euskaraz egiten dutela lan: «Lan hori guztia euskaraz egiten dugu, gainera. Garrantzitsua iruditzen zaigu euskara, gure hizkuntza, sustatzea. Eta, horregatik, dena euskaraz egiten dugu. Bai paperean, bai telefonoan, baita sare sozialetan ere».
Kazetaritza probatzen
Egiten dutenari buruzko azalpen luzeegiak ematea baino nahiago izan dute haurrak kazetari rolean jarri. Izan ere, kazetariek kalean egon behar dute, albiste ehizan. Erronka jarri diete aurrean: «Badakizue kazetariok elkarrizketak egiten ditugula, ezta? Egingo ditugu elkarrizketak?». Eta heldu diote erronkari, ondo heldu ere. Auzotarrei oporretako asmoei buruz galdetzera irten dira kalera. «Ardurak banatuko ditugu: batek mikrofonoari helduko dio, besteak kamerari, eta besteak galderak egingo ditu», esan die Boschek. Galdera sorta ondo pentsatu, eta Egian topatu dituzten auzotarrei galderak egiten hasi dira orduan.
Haurrak berehala konturatu dira ez dela lan erraza, eta jende askok erreparoa diela elkarrizketei. «Barkatu, tarte bat bai?», galdetu, eta presaka dabiltzala erantzun diete batek baino gehiagok. Baina topatu dute pasieran zebilen jendea ere: adineko bi emakume, esaterako. Horietako batek esan die oporretan jaioterrira joango dela bisitan. «Eta dantza egingo duzu?», galdetu diote. «Hori bai!», erantzun die gerria mugituz.

Beste pare bat ezezko jaso ostean, Cactus tabernako terrazara joan dira, jendea lasaiago egongo delakoan. Hiru gazte topatu dituzte han, eta kontatu diete lagunekin Cadizera (Espainia) joango direla. Hernaniko (Gipuzkoa) ikastetxeko jangelako begiralea ere elkarrizketatu dute, eta, irakasleek ere galderak egiten dituzten erakusgarri, hura ere galdezka hasi zaie. «Eta zuek, joango zarete oporretan?». Harategiko harakina ere elkarrizketatu du taldeetako batek, eta txorizo moztu berria jaso dute ordainetan —kazetariek ez lukete inoren oparirik onartu behar, baina gaurkoa proba bat besterik ez da, ezta?—.
Galderak eta erantzunak bildu ondoren, plazan elkartu dira guztiak berriro. Eta elkarri azaldu diote elkarrizketatuek zer kontatu dieten. Gustatu zaie egindako lana: «Ondo egon da!». Baten batek gustua hartu dio mikrofonoari, eta, azkenean, oparitan eraman du etxera. Eskerrak kartoizkoak ziren. «Mila esker etortzeagatik, eta animatu, e! Kazetariak behar ditugu guk!», esanez agurtu dituzte haurrak erredakzioko langileek. Batek daki: agian, haien sinadura irakurri ahal izango da urte batzuen buruan Irutxuloko Hitza-ren orrialdeetan.