Korrika: euskara gailur berrien bila


Ane Insausti Barandiaran

1. BADATOR KORRIKA

Astebete baino ez da geratzen Korrikarako: bi urtean behin euskararen alde egiten den lasterketa erraldoirako. 11 egunez, Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak, martxoaren 19tik 29ra bitartean. Aurten, Atharratzen hasiko da (Zuberoa), eta Bilbon amaituko. Guztira, 2.175 kilometro inguru egingo dituzte euskaldunek, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa. Lasterketaren 24. aldia izango da aurtengoa.

2. ZEIN DA AURTENGO LELOA?

Euskara gara da aurtengo Korrikarako AEK-k aukeratu duen leloa. Hala azaldu zuten leloaren zergatia, aurkezpeneko ekitaldian: «Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da». Izan ere, euskara aterpe eroso eta ireki bat izatea nahi dute: «Berdin dio zein den jatorria, azal kolorea edo euskararen ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela».

3. JAIA ETA ALDARRIKAPENA

Korrikak iraun bitartean, jai giroa eta poza nagusitzen dira Euskal Herrian, ez baita nolanahiko erronka Euskal Herria luze eta zabal lasterka eginez zeharkatzea. Azken egunean ere egun osoko egitaraua izaten da, lekukoko mezu sekretua irakurri eta egindako bidea biribiltzeko. Baina Korrika ez da jai bat bakarrik: euskararen aldeko aldarria Euskal Herriaren luze-zabalean barreiatzeko egitasmo bat da.

4. NORK ERAMANGO DU LEKUKOA?

11 egunez, lekukoa eskuz esku ibiltzen da Euskal Herri osoan barrena. Horretarako, eragile eta norbanako ugarik diru kopuru bat ordaintzen dute, eta taldearen edo norberaren izenean eramaten dute egurrezko makila sinbolikoa. Izan litezke ikastetxeak, herrietako kultur eragileak, edo Korrika eta euskara izugarri maite dituzten zoro zoragarriak. Diru kopuru hori AEKrentzat izaten da, eta diru iturri hori ezinbestekoa da euskarazko eskolak ematen jarraitzeko; bestela esanda, AEK-k ezingo lieke euskarazko eskolei eutsi, Korrikan ateratako diruagatik ez balitz. Zorionez, herriak beti erantzuten du: 3.400 lekuko hartze baino gehiago izango dira aurtengo Korrikan ere.

5. NORK EGIN DU AURTENGO ABESTIA?

Zetak taldea arduratu da aurtengo Korrikako abestia egiteaz, eta Erramun Martikorena eta Maixux Zugarramurdi izan ditu bidelagun. Xiberutikan mendebaldera du izena kantak, eta, Euskara gara leloari jarraituz, euskara zabaltzearen aldeko mezua bidali du Pello Reparaz buru duen taldeak: «Irrintzi zahar bat aho gaztetan, gailur berrietan».


6. NOR DA AURTENGO OMENDUA?

Errigora izango da aurtengo Korrikako omendua. Euskara, auzolana eta elikadura burujabetza dira Errigoraren hiru zutabeak. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean zenbait produktu ekoizten dituzte, eta horiek salduz lortutako diruaren zati bat bertako euskalgintzarako erabiltzen dute, urtero. Gainera, auzolanean prestatzen dituzte Euskal Herriko etxeetara bidaltzeko kaxak, produktuz beteak. Orain, udaberriero bezala, Errigorak martxan dauka Eskutik eskura kanpaina, martxoaren 18ra arte: kontserbak eta olioa eskatzeko aukera dago bertan.

7. UNITATE DIDAKTIKOAK

Aurten ere, AEK-k unitate didaktikoak ondu ditu Ikastolen Elkartearekin batera, ikastetxez ikastetxe haurrek Korrikarekin lotutako lanketak egin ditzaten. Webgunean daude eskuragarri, adinaren arabera sailkatuta: Xingi-Xango (3-6 urtekoentzat), Ttipi-Ttapa (6-9 artekoentzat), Nis-Naska (9-12 artekoentzat) eta Ttarrapataka (12-18 urte artekoentzat) dira.


8. NOLA IKUS DAITEKE KORRIKA?

24 orduko zuzeneko emisioa egingo du AEK-k aurten ere. Horri esker, une oro ikusi ahal izango da furgoneta non dabilen eta lekukoa nork daraman eskuan, zuzeneko irudien bitartez. Gainera, aplikazio bat ere badu Korrikak, eta bertan, bideo kronika bereziak ipiniko dituzte ikusgai 11 egunetan.

9. ETA 'MANTANGORRI'-N?

Gaurko aleaz gain, beste ale berezi bat egingo du MANTANGORRIk, Korrika ardatz hartuta. Unitate didaktikoak ikastetxeetan nola lantzen dituzten eta Korrika barrutik nolakoa den jakiteko aukera izango dute MANTANGORRIren irakurleek martxoaren 26ko alean. Ez galdu!

BA AL DAKIZU?

- Korrika antolatu zuten laugarren aldian ere Atharratzetik abiatu zen euskararen aldeko lasterketa, 1985. urtean.

Jalgi hadi izeneko dokumental bat ontzen ari da AEK, Mikrokutana ekoiztetxearekin batera. 2027ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu asmo dute.

top