Korrika, herria harrotzen
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA KORRIKA?
Bi urtean behin euskararen alde antolatzen den egitasmoa da Korrika. Eguzkitan, euritan edo elurretan, gauez zein egunez, Euskal Herria zeharkatzen du lasterketak, eta lekukoa eskuz esku eta herriz herri mugiarazten dute parte hartzaileek. Aurtengoa 23. aldia izango da: Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, datorren ostegunean, eta Baionan amaituko da, hilaren 24an.
2. NORK ANTOLATZEN DU?
AEK da Korrikaren antolatzailea, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea. Euskal herritarrek euskaraz jakin dezaten, eta hura erosotasunez erabili dezaten, euskaltegiak ditu AEK-k, herriz herri. Dena den, hortik harago doa AEKren jarduna, beste hainbat zerbitzu ere ematen baititu: mintzapraktika egitasmoak, hizkuntza aholkularitza, itzulpen eta zuzenketak, zerbitzu didaktikoak, Aizu! aldizkaria...
3. ZEIN DA KORRIKAREN HELBURUA?
Euskararen aldeko giharra lantzeko egiten da bi urtean behin Korrika, euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko. Dena den, AEKren diru iturri nagusienetariko bat ere bada: kilometro bakoitzaren truke herritarrek ordaintzen duten diru kopurua ezinbestekoa da AEK-k bere eguneroko jarduna aurrera eramateko. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak esan zuen: «Gure helburuetako bat ekonomikoa da, eta hori argi azaltzen dugu». Korrikaren ondoren ere lanean jarraitzea beharrezkoa dela nabarmentzen dute, behin eta berriz.
Espero dut egunen batean Korrika egitea plazerez eta ospatzeko Euskal Herria euskalduna dela; oraingoz, AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik. Hori da errealitatea. ANE ELORDI, KORRIKAREN KOORDINATZAILEA
4. ZEIN DA AURTENGO LELOA?
Harro herri da aurtengo Korrikarako aukeratutako leloa. Euskaldun izatea harrotasunez hartutako erabaki bat dela aldarrikatuko du Korrikak. Hala azaldu zuen AEKren Artezkaritza Kontseiluko lehendakari Aitziber Balantzategik, Donostian egindako Korrikaren aurkezpenean: «Harrotasunez aldarrikatu nahi dugu bagarela eta izango garela, inori baimenik eskatu barik, epaiketa politikoen gainetik, hizkuntzak elkar ulertzeko sortu zirelako, komunitateak eraikitzeko. Erabakia hartua dugu: izan izango gara, euskaraz izango gara, herriaren erabakitasunagatik izango gara».
5. NOR OMENDUKO DUTE AURTEN?
Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da aurtengo Korrikako omendua. Ipar Euskal Herriko gazte horiek baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izateko egindako borroka txalotu nahi du AEK-k. Izan ere, Azterketak Euskaraz kolektiboa 2021ean sortu zuten, baina Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek 30 urte baino gehiago daramatzate azterketa horiek euskaraz egin daitezen eskatzen.
6. NOLA JARRAITU KORRIKA?
Aurten ere, Korrikaren berri zuzen-zuzenean izateko aukera izango da. Hogeita lau orduz emango da zuzenekoa, furgoneta eta lekukoa nondik igarotzen ari diren erakusteko. Aurten, gainera, droneen bidezko irudiak ere sartuko dituzte. Horrez gain, BERRIAk egunero emango du Korrikaren berri, egunean eguneko kronikak eginez eta Korrikaren bueltan sortutako istorioak kontatuz.