Kulturaz janzteko egunak

60. aldia izango du aurten Durangoko Azokak. Bihartik astelehenera egingo dute aurten euskal kulturaren azoka handia. Bihar, ikasle goiza izango da. Inoiz baino nobedade eta ekitaldi gehiago izango ditu aurten: 285 erakusmahai izango dira Landako gunean, 1.026 nobedade izango dira eskuragarri, eta 273 ekitaldi prestatu dituzte egitarauan.


Ane Insausti Barandiaran

1. TXALAPARTA


Protesta

Egilea: Eduardo Lima.

Oihu isil bat da Protesta. Egun batetik bestera isiltasuna nagusitzen da leku guztietan, xomorrorik txikienetatik hasi eta etxeko abereetaraino, eta oihan basetatik herriko ibaietaraino. Istorioak irakurlea animatzen du kutsadurari eta gauzak alferrik xahutzeari aurre egitera; beste batzuek geroago jasoko duten hori gaur egun ereiteari buruzko istorio bat topatuko dute irakurleek.


Kapa-Ipi-Xopo, igeltxo

Igeltxo hezegunean, uretan bizi izan zen beti, eguzkiaren epela sentitu zuen arte. Orduan erabaki zuen lurrean barneratzea, arriskuen beldur izan gabe. Kanpoan, ezagutuko ditu hizkuntza arraro bat hitz egiten duten beste igel moduko batzuk, baita Ahotzarra beldurgarria ere. Nola moldatuko da urik gabe?

2. TTARTTALO


Horrelakoa da heriotza?

Idazlea: Ellen Duthie eta Anna Juan Cantavella.

Ilustratzailea: Andrea Antironi.

Bi idazle eta ilustratzaile bat liburu batean sartu dira, eta 5 eta 15 urte arteko haurrek eta gazteek heriotzari buruz egindako 38 galdera aurkituko dituzte bertan. Horiek erantzuteaz arduratuko dira hiru sortzaileak, liburu samur eta alai bat sortzeko, eta heriotzari buruzko galderak egitera eta hausnartzera bultzatzeko.


Etxe buru eta zuhaitz buru

Egilea: Scott Campbell.

Scott Campbellen komiki bat ere eramango du Ttarttalo argitaletxeak azokara: Etxe Buru eta Zuhaitz Buru. Egoera sinple eta absurdoekin ondo pasatuko du irakurleak. Nork bere iritziak eta irizpideak ditu, baina denek onartzen dituzte besteenak. Kaixo eta agur esaten, ezkutatzen edo altxorraren bila ariko dira.

3. PAMIELA

Txirriki-txarraka

Egilea: Amaia Egidazu Arrube.

Ume bat da Amaia Egidazu idazlearen Txirriki-txarraka liburuko protagonista nagusia. Amama gaixo du umeak, eta amak hari gauza pila bat eramateko eskatuko dio. Umeak, ordea, gauzak galtzeko joera handia du. Amamarekin elkartzeko irrikaz dago, noski, baina lortuko ote du amamarengana osorik iristea, gauza garrantzitsurik bidean galdu gabe?


Orkestra zooragarria

Ilustratzailea: Aitziber Raya.

Musika klasikorako gonbita egiten du Orkestra zooragarria liburuak. Ama opera kantaria du protagonistak, eta animaliarik ausartenak ere liluratzeko gai da bere kantuarekin. Musikaz maitemintzeko eta gozatzeko ipuina da. Album ilustratuen Etxepare saria irabazi du Gotzone Butronen eta Aitziber Rayaren lanak.