Leire Bilbao, idazlea: «Lurrari lotutako esaera zaharrak eta begirada galtzen ari gara»


Ane Insausti Barandiaran

Letren baratze bat osatu duzu. Nondik dator ideia?

Lurrarekiko lotura galtzen ari garen heinean, hari lotutako esaera zaharrak, hitzak eta begirada ere galtzen ari gara. Gure umeak ere ari dira galtzen lurrarekiko harreman hori. Lehen, oso ohikoa zen edozein etxetan halako esaldiak erabiltzea: «Bainak? Bainak ortuan!»; «gereziak gabonetan»; «zoaz pikutara». Nik antzematen dut gero eta gutxiago erabiltzen direla esamolde horiek. 

Eta orduan bururatu zitzaizun horiek hizketan jartzea?

Bai, horregatik deitzen da Ortupoemak, eta bigarren titulu bat dauka: edo baratzeko biztanleen ezkutuko kontuak. Baratzeko biztanleek hizketan egiten dute, edo, hobeto esanda, komunikatu egiten dira. Badugu ahozko tradizio bat oso aberatsa, gugana heldu dena, eta baneukan gogoa hain teknologiari lotuta gauden garaiotan, lurrari begiratzeko.

Jolasari lotuta begiratzeko, gainera.

Ortua oso dibertigarria izan daiteke, eta da! Eta umeek badakite. Ortuan sartzen direnean, oso ondo pasatzen dute. Berdin ortuariak jasotzen edo bertan topatzen duten ar, karakol edo barearekin jolasten. Hor badago bizitza, eta komunikazioa. Eta komunikazio horren parte izatera gonbidatu nahi ditugu umeak. Ortuak eta lurrak ereiten duguna baino gehiago ematen digute.

47 poema daude, urtaroka banatuta. Balio du egunero poema bat irakurtzeko?

Saiatu nintzen sasoian sasoikoa sartzen, hori ere garrantzitsua baita. Poemak baratzeak bezalakoak dira: nahikoa da batzuetan fruitu bat hartzea eta fruitu hori dastatzea. Ez da askoz ere gehiago behar. Poesiak badu hori ere ona: orri bateko poema batean gauza asko kontatu ditzakeela. 

Baita ilustrazioen bidez ere. Halaxe egin du Yolanda Mosquerak.

Lan handia egin du Yolandak. Ahalmena dauka poemek diotenaz harago ere istorio bat kontatzeko irudiekin: berak bere interpretazioa egiten du. Oso pozik eta eskertuta nago bere lanarekin.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Poesia dibertigarria ere izan daiteke. Orduan, sortzeko prozesuan dibertitu egin naiz, eta espero dut nabaritzea. Erronka bat izan da, ustez hitza ez daukaten horiei hitza ematea, eta esaera zaharrak aurkitzea, horiei buelta ematea, horiekin jolastea... Hori da liburu honek daukan beste asmo bat: tradiziotik jaso dugun altxor horri eustea.


FITXA

- Izenburua: Ortupoemak.

- Idazlea: Leire Bilbao.

- Ilustratzailea: Yolanda Mosquera.

- Orrialde kopurua: 88 orrialde. 

- Argitaletxea: Pamiela argitaletxea.

- Bilduma: Mila gau.

- Prezioa: 18 euro.

- Adina: 0 eta 104 urte bitartekoentzat.

top