Mahai bueltan, kartetan
‘Latxa’ eta ‘1901. Azken balea’ jokoak eman ditu Toki kultur elkarteak, euskaraz eta euskal kulturan oinarritutako mahai jokoak. Pozik daude izandako harrerarekin.
Ane Insausti Barandiaran
Karta sorta eskuetan hartu, nahastu, eta jokoan hasi dira Jon Fernandez eta Iulen Asurmendi. Prest dituzte balea arrantzatzeko tresnak, eta, kartak erabilita, elkarlanean hasi dira balea arrantzatzeko misioan, arpoiak, arraunak, sagardoa eta olioa erabilita. «Hori ezin duzu egin!», esan dio Asurmendik Fernandezi, arauak urratu egin baititu. Argazkietan ateratzeko ari dira partida jokatzen, eta oraingoan ez dute axola tranpek. 1901. Azken balea jokoa dute esku artean, argitaratu duten bi jokoetako bat. Latxa ere sortu dute, artzaintzan girotuta. BERRIA dendan daude biak eskuragarri.
Mahai jokoekiko zaletasuna eta euskararekiko maitasuna izan ziren bi jokoak sortzeko abiapuntua. «Guk beti jokatu izan dugu gure artean, haurrekin ere bai, eta ikusten genuen bazegoela agian hutsune bat, euskarazko eta euskaraz sortuak diren mahai jokoetan», azaldu du Fernandezek. Haien seme-alaben aisialdia euskalduntzeko asmoz hasi ziren lanean, Asurmendiren hitzetan: «Ohartu ginen aisialdian bazutela joera gaztelerara jotzekoa, eta iruditzen zitzaigun mahai jokoen bitartez aisialdia euskalduntzeko bultzadatxo bat eman geniezaiekeela».

Baina, horretarako, ideia horiek bultzatzeko aterpe bat behar zuten, eta horregatik sortu zuten Toki elkartea. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta sei kideren artean sortu zuten. Horrela hasi ziren mahai jokoak diseinatzen, eta esku artean dituztenak dira ereindakoaren lehen fruituak: Latxa, 6 urtetik gorakoentzat, eta 1901. Azken balea, 10 urtetik gorakoentzat. Dena den, zera ohartarazi du Fernandezek: «Gure elkartea ez da haur txikientzat bakarrik, gure jokoak eta dinamikak denentzat izango dira: familientzat, haurrentzat, helduentzat...».
Gaiak ere ez dituzte ausaz aukeratu: euskal artzaintzan oinarrituta dago lehena, eta, euskaldunen balearen arrantzan, bigarrena. «Guk zera nahi dugu, mahai gainera ekarri euskal kultura, ohiturak eta historia», esan du Fernandezek. Eta, gaitegiaz gainera, mahaiaren bueltan elkartzeko ohitura berreskuratzea gustatuko litzaieke, kasu honetan, jokoan eta jolasean aritzeko: «Antzinako aisialdi modua berreskuratzea da asmoa: aurrez aurrekoak, elkarrekin egoteko, kartak ukitzeko, eta familiarekin eta lagunekin hitz egiteko».
Joko errazetatik hasi
Lehen bi jokoak sinpleak eta errazak direla azaldu dute sortzaileek: partida azkarrak jokatzeko aukera ematen dute, eta jendea pixkanaka jokatzen ohitzea da helburua. Latxa, esaterako, zori jolas bat da: jokalari bakoitza artzain bat da, erdian karta multzoa dago, eta hortik kartak hartuz joan beharko dute parte hartzaileek, hamabost ardiko artaldea osatu arte. «Baina arriskuak hor daude: otsoa etortzen bada, artaldea uxatuko du. Artaldea babesteko kartak ere badaude: batetik, zintzarria, eta, bestetik, artzain txakurra, zeinak otsoa uxatuko duen». Besteen kartetan eskua sartzeko kartak ere badaude: ekaitzarekin artaldeak mendira ihes egingo du, edo, arranoaren karta erabilita, besteen karta bat lapurtu dezakezu.

Bigarren jokoa, 1901 Azken balea, San Telmo museora egindako bisita batean bururatu zitzaien, euskal balearen arrantzaren inguruko atala ikustean. Erdi-kooperatiboa dela azaldu du Fernandezek: «Bi fasetan dago banatuta: alde batetik, kooperatiboa da, hau da, elkarlanean guztien artean balea arrantzatu behar dugu, misio berezi batzuk betez. Behin balea arrantzatuta, kooperatibo izateari uzten dio, eta orduan modu lehiakorrean hasten gara». Izan ere, balea arrantzatzean, azken arpoi kolpea ematen zuenak eramaten ei zituen zatirik oparoenak. Bada, horri erreferentzia eginez, jokalariak lehian hasiko dira, bakoitzak zer zati eramango duen zehazteko.
Argitaratu dituzte jada jokoak, eta egin dituzte horiek ezagutarazteko hainbat tailer ere. Aquariumen egin zuten horietako bat, esaterako, eta ehun lagun inguru elkartu ziren. Jendea gogotsu joan zen jokoak probatzera, eta sortzaileekin batera aritzeko aukera izan zuten. Donostiako beste hainbat auzotarako ere hitzartu dituzte tailerrak: Loiolako Erriberan, Aieten, Amaran... Baita Durangoko Azokan ere: Saguganbaran egingo dute tailerra, abenduaren 6an, 16:00etatik 17:30era.

Komunitateari esker lortu zuten jokoak argitaratzea: dirua biltzeko kanpaina bat abiatu zuten, eta jendeak egindako ekarpenei esker lortu zuten dirua. Orain, Toki kultur elkartean komunitatea indartzea dute helburu, eta horretarako sortu dute Tokide figura: «Ahalik eta jende gehien sartu nahi dugu gure komunitatean, eta gure berri zuzenean eman. Horretaz aparte, haien parte hartzea bultzatu nahi dugu, zalantzak ditugunean haiengana jotzeko, eta jokoei buruzko erabakiak haien laguntzaz hartzeko».
Orain, ahalik eta ate gehien jotzea da asmoa, jendeak jokoak ezagutu ditzan: Instagrameko kontuan bideoak jarri dituzte, jokoen azalpenak bideo formatuan igo dituzte Youtubera, eta jokoen liburuxkan QR kode bat txertatu dute, ohiko galderei erantzuteko. Eta jada hurrengo jokoa dute buruan: «Hurrengoak elementu gehiago izango ditu: joko taula bat, dadoak... Uste dugu jendeari asko gustatuko zaiola. Gure artean probak egiten ari gara jada...».