Maiatzaren Lehena: lantokirik kalera
Zihara Jainaga Larrinaga
1. ZER ALDARRIKATZEN DA MAIATZAREN 1EAN?
Maiatzaren 1a Langileeen Nazioarteko Eguna da munduko hain- bat tokitan. Egun horren helburua langileen lan eskubideak defendatzea da; horregatik, langileak kalera ateratzen dira lan baldintza hobeak eskatzera.
2. NOIZ HASI ZEN?
1886. urteko maiatzaren 1ean, Chicagoko milaka langilek, esplotatuak izateaz nekatuta, euren lan eskubideak defendatzea erabaki zuten, eta kalera irten ziren 8 orduko lanaldia eskatzeko. Hain zuzen, XIX. mendearen amaieran, AE- Betako lantegi handietako langileek 12 eta 18 ordu bitartean egin behar izaten zuten lan. Horrez gain, grebarako eta elkartzeko eskubidea, eta adierazpen askatasuna eskatzen zituzten, baita bi- dezko lana eta soldata ere. Lortu zuten 8 orduko lanaldia eta astean bi jaiegun izatea, baina protesta haietan hainbat langile anarkista hil zituzten, eta haien omenez egiten da Langileen Eguna.
3. LANGILEEN ESKUBIDEAK
Langileek eskubidea dute askatasuna eta berdintasuna bermatzen duten ezinbesteko eta gutxieneko bizi baldintzak edukitzeko. Eskubide horiek lortzeko bidea, baina, konplexua eta luzea izan da. Urte batzuen ostean, langileek honako eskubideak dituzte lantokian, besteak beste:
- Oporrak eta jaiegunak hartzeko eskubidea
- Gizarte Segurantzan kotizatzeko eskubidea
- Lanean diskriminaziorik ez jasateko eskubidea, arraza, adina, sexua edo erlijioa dela eta.
- Bidegabeko kaleratzeetan, kalte ordaina jasotzeko eskubidea.
- Osotasun fisikorako eta intimitaterako eskubidea.
4. LANGILE MUGIMENDUA EUSKAL HERRIAN
Industrializazioak klase sozial berri bat sortu zuen: proletarioak. Proletarioa produkzio bitartekorik ez duen klase sozialeko kidea da; beraz, bizirik irauteko, behartuta dago bere lan indarra burgesei saltzera. Proletario horien antolaketari deitzen zaio langileen mugimendu.
5. SINDIKATUAK
Sindikatua langile elkarte bat da, eta lan eskubideak defendatu eta langileen intereseko ekimenak, proiektuak eta legeak sustatzen ditu. Gaur egun, sindikalismoa indartsu dago Euskal Herrian. Sindikatu abertzaleak dira nagusi, bereziki ELA eta LAB, baina sindikatu garrantzitsuak dira CCOO edo UGT ere Hego Euskal Herrian, eta CGT Ipar Euskal Herrian. Urtero, Maiatzaren 1ean sindikatuek aldarrikapenak egiten dituzte kalean. Manifestazio jendetsuak izaten dira.
6. ZAHAR ETXEETAKO GREBA
2017an, Bizkaiko egoitzetako langileek greba egin zuten, nazkatuta zeudelako lan baldintzez. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituztenak. Urtebete baino gehiagoko borrokaren ostean, lan baldintzak hobetzea lortu zuten. 378 egun eman zituzten greban. Horrez gain, emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari dira.
7. TUBACEX
Tubacex enpresaren Arabako lantegietan, langileak greba mugagabean daude. Hain zuzen, 80 egun daramatzate lanera joan gabe, enpresako nagusiek 129 langile kaleratu nahi dituztela salatzeko. Azken asteotan, hainbat mobilizazio eta protesta egin dituzte Euskal Herrian beren eskubideak defendatzeko.
BA AL DAKIZU?
Zortzi orduko lana, zortzi orduko aisialdia eta zortzi orduko atsedenaldia leloa ospetsu egin zen garai bateko protestetan.
Langileen mugimendua XIX. mendearen amaieran abiatu zen Euskal Herrian, industrializazioarekin batera.
GREBA: Greba batean, pertsona edo talde batek lanaren zati bat edo lanaldi osoa egiteari uzten dio nagusiei presioa egiteko asmoz. Bidegabea den eta aldatzea nahi duten zerbaiten aurka protesta egitea da helburua.
MANIFESTAZIOA: Jende multzo batek ibilbide bat osatuz egiten duen protesta bat da; gehienetan, protestaren arrazoia azaltzen duten pankartak zabaltzen dituzte, eta, sarri, oihu egiten dute euren eskaera eta salaketak adierazteko.