Malen Osa, mendi korrikalaria: «Mundu bat zabaldu zait trailari esker»
Besoak altxatu zituen Malen Osa mendi korrikalariak (Oñati, Gipuzkoa, 2002), emozioaren emozioz, Zegama-Aizkorri mendi lasterketako helmugan. Bigarren postua lortu zuen. Ia bi aste igaro dira ordutik, eta, atseden hartu ondoren, hasia da berriro entrenatzen. Italiako 50 kilometroko lasterketa bat du buruan: Lavaredo ultratraila.
Ane Insausti Barandiaran
Ia bi aste igaro dira. Nola gogoratzen duzu Zegama-Aizkorri?
Hasieratik bukaerara, asko gozatu nuen proba bera, eta helmugara iritsi nintzenekoa oso berezia izan zen: etxeko denekin eta euskaldun denen babes horrekin. Biharamun emozionala handia izaten da beti Zegama-Aizkorrin, batez ere gauzak ondo ateraz gero. Egun batzuk lasai hartu ditut, kanpoan izan naiz, eta, egia esan, berriz entrenatzen eta lanean hasteko gogoz nago.
Beti hitz egiten da Sancti Spirituko aldapako giroaz. Zer sentitzen da bertan?
Erantzun bera ematen dut beti: oso zaila da hitzez azaltzea. Sentitzen den hori ulertzeko bizi egin behar da noiz edo noiz. Maitasun eta babes handia sumatzen da, eta ikusten duzu zuk gozatzen duzun moduan ikusleek ere gozatzen dutela. Magikoa da.
Nola entrenatzen da 42 kilometroko lasterketa bat egiteko?
Diziplina handiz. Baina entrenamendu plana nahiko pertsonala da: ni, adibidez, ez naiz kilometro asko egiten dituzten horietakoa. Inportantea da gutxieneko kilometro kopuru bat egitea, gero, lasterketan, batez ere azken 10-12 kilometroak ez daitezen luze egin. Baina nire entrenamendurik luzeenak 30 kilometroren bueltakoak izaten dira normalean. Entrenamendua bezain garrantzitsua da deskantsua.

Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?
Etxean beti helarazi izan didate naturarekiko eta mendiarekiko zaletasuna. Apartamentu txiki bat dugu Jakan, Pirinioetan, eta mendian ibili naiz ume-umetatik.
Mendiaz gain, zer beste zaletasun zenituen?
Oso ume geldigorra nintzen, 20:00ak edo 21:00ak arte plazan mutil pila batekin futbolean ibiltzen ziren horietakoa. Musika ere asko gustatzen zitzaidan, euskal dantzetan ere ibili izan naiz, igeriketara ere joaten nintzen... Horrela ibiltzen nintzen gustura: gelditu barik.
Podiumean denak erraza dirudi, baina lesioak ere izan dituzu. Nola eramaten da hori?
Nahiko zaila da. Nik, zorionez, ez dut lesio larririk izan azken hiruzpalau urteetan. Arazo gehiago eduki dut jakiteko presio mentala nola bideratu; guretzat oso zaila da ikustea ez garela gai hainbeste maite dugun hori egiteko. Baina, azkenean, erlatibizatu egin behar da dena.
Eredu zenuen ama, eta galdu egin zenuen. Nola aurre egiten zaio horrelako galera bati?
Inoiz ez da gainditzen, baina ikasi egiten da, gutxi gorabehera, horrekin bizitzen. Ama nuen lagunik onena, eta gauza asko konpartitzen nituen harekin: kirolerako eta mendirako zaletasuna ere harengandik jaso nuen, besteak beste. Kolpe latza izan zen, baina badakit berak ere gurako lukeela guk aurrera egitea, eta horretan gabiltza: gustatzen zaigun hori egiten. Badakit asko gustatuko litzaiokeela nire bizitza, eta horrek indarra ematen dit.
Munduan zehar bidaiatzeko aukera eman dizu korrika aritzeak. Gustuko duzu hori?
Bai. Egia da nekagarri bihur daitekeela hainbeste bidaia izatea, hainbeste maleta, hainbeste hegazkin... Baina, orokorrean, zorteduna naizela uste dut. Azkenean, trailak ate pila bat zabaldu dizkit, eta leku eta jende pila bat ezagutzeko aukera eman. Mundu bat zabaldu zait trailari esker.
Zein duzu hurrengo erronka?
Hurrengo erronka Italian daukat, Cortina d’Ampezzon: 50 kilometroko proba bat, Lavaredo ultratraila. Mimo handiz prestatzeko asmoa daukat. Ea beste egun polit bat bizitzen dudan.
MOTZEAN
- Lasterketa bat? Zegama-Aizkorri.
- Kolore bat? Urdina.
- Plater bat? Hegaluzea.
- Abesti bat? Zapalduen olerkia.
- Erreferente bat? Ama.