Mikroplastikoak: kutsadura ikusezina
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DIRA?
Mikroplastikoak tamaina oso txikia duten plastiko zatiak dira. Zehazki, 5 milimetrotik beherakoak. Erlantz Kortabitarte Urdaibaiko Ekoetxeako ingurumen hezitzaileak azaldu du, ikusezinak direnez, oharkabean pasatu ohi direla: «Hondartza batean botila bat ikusten badugu, identifikatu egiten dugu. Baina mikroplastikoak ez ditugu ikusten, eta itxuraz garbi dauden lekuetan ere egon daitezke». Hain zuzen, San Antonio hondartzan mikroplastikoen bilketa egingo dute, etzi.
2. NOLA IRISTEN DIRA ITSASORA?
Hainbat bidetatik iristen dira mikroplastikoak itsasora. Ohikoena, ordea, urak egiten duen bidearen bidez iristea izaten da, Kortabitartek esan duenez: «Gure herrietatik, estoldetatik eta bestelako iturrietatik doaz ibaietara mikroplastiko horiek, eta ibaiek bere bideari jarraitzen diote, itsasora heldu arte. Kostaldeko hondartzetan, ekosistemetan eta bestelako natura eremuetan metatzen dira: azkenean, hara iritsi, eta bertan pilatzen dira mikroplastikoak».

3. NOLA SORTZEN DIRA?
Jarduera askotan sor daitezke mikroplastikoak. Izan ere, pneumatikoak, ehun sintetikoak, pinturak eta eguneroko materialak higatuta sortzen da mikroplastiko gehien. Egunerokoan erabiltzen diren plastikozko ontzietatik sortzen dira asko, pellet izeneko plastikozko bola txiki batzuen bidez ekoizten baitituzte: «Ogia egiteko irinarekin lan egiten dugun bezala, plastikozko ontzi horiek sortzeko pellet bolatxo horiekin lan egiten da». Plastikozko hondakin handiagoak naturara iristen direnean edo bertan metatzen direnean ere ager daitezke: «Eguzkiaren edo higaduraren eraginez, plastiko zati handi horiek txikituz joaten dira. Orduan, hasiera batean botila bat dena milaka edo milioika plastiko partikula bihurtzen da».

4. ZER KALTE SORTZEN DITUZTE?
Arazoa da mikroplastikoek ingurumena kutsatzen dutela. Izan ere, plastiko zati txiki horiek erraz pasatzen dira bizidunen elikadura katera, eta metatu egiten dira. «Mikroplastiko horiek animalien ehunetan pilatzen dira. Eta, gezurra badirudi ere, gure gorputzean ere baditugu mikroplastikoak. Gu, azken batean, elikadura kate horietaz baliatzen garelako», azaldu du Kortabitartek. Itsasoan ere plastikozko irlak eratu dira, plastikoa pilatuta.
5. ZER EGIN DAITEKE KOPURUA MURRIZTEKO?
Kortabitarteren ustetan, guztia bizimodu eredu jakin bati dago loturik. Beraz, egungo ohiturak aldatzea da gakoa: «Ahalik eta plastiko gutxien erabili behar da erosketak egitean. Esaterako, plastikozko ontzietan bildurik dauden produktuak erosi beharrean, solte hartu. Eta berrerabili daitekeen guztia berrerabili, beste bizialdi bat eman...». Azaldu duenez, erakundeek ere ardura handia dute gai honetan, eta, haren ustez, nork bere ahalegina egitea ez da nahikoa: «Mikroplastikoen arazoa handia da, eta ez dago irtenbide bakar bat. Herritar konprometituak behar ditugu, baina baita arduraz jokatzen duten administrazioak ere, ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriagoak bultzatzeko. Irtenbidea elkarrekin jardutea da».

6. ZERTARAKO EGINGO DUTE EKINTZA?
Bi orduko jarduera bat antolatu dute etziko, eta Kortabitartek esan du hori ez dela aski arazoa konpontzeko. Halere, azaldu du eguna baliatuko dutela jendea kontzientziatzeko. «Horrelako garbiketek balio dute horretarako. Ezer gutxi konponduko dugu, baina balio dezake bertatik bertara ikusteko mikroplastiko horiek badaudela, eta, hala, kontzientzia aldaketa bat sortzeko». Izan ere, argi esan du: «Behin zabaldu ondoren, oso zaila da mikroplastikoak berriro biltzea. Horregatik, garbitzen saiatzea baino askoz eraginkorragoa da prebentzioa».
7. INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Nazio Batuen Erakundeak ekainaren 5a izendatu zuen Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, eta egun horren harira antolatu du Urdaibaiko Ekoetxeak San Antonioko mikroplastikoen garbiketa, beste hainbat ekintzarekin batera: «Batez ere klima aldaketaz hitz egin nahi du aurten. Baina dena loturik dago. Gaur egungo bizimoduak dakar hondakin hauek sortu eta naturaguneetan pilatzea; beraz, bizimodu eredu honek eragiten du klima aldaketa».
BA AL DAKIZU?
- 14.000. Ozeanoetan pilatutako mikroplastikoen tona kopurua.
- Natura eremu guztietan daude mikroplastikoak: bai ibaietan, bai ozeanoetan, baita goi gailurretan ere.