Nahia Zudaire, igerilaria: «Bi aldiz ikasi behar izan dut oinez ibiltzen»

Igeriketa bizimodu bihurtu du Nahia Zudairek (Usurbil, Gipuzkoa, 2004). Hamabost hilabete zituela, bihotzeko ebakuntza bat egin behar izan zioten; bizkarrezur muineko T12 ornoa kaltetu zitzaion ebakuntzan, eta hankak mugitu ezinik gelditu zen. Uretan ekin zion errehabilitazio lanari, eta uretan lortu berri ditu hiru domina, Singapurren. 


Testua: Unai Zubeldia

Hiru domina eskuratu dituzu Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan, Singapurren: urrezko bat eta brontzezko bi. Nola bizi izan zenuen lehia?

Emozio handiz. Lehenengo egunean irabazi nuen lehen domina, eta ikuspegia aldatu zidan horrek, proba horretan seigarren denborarik onena neukalako berez. Ez nuen espero. Ezustekoz betetako txapelketa izan da, eta oso pozik nago.

Umetatik gustatzen zitzaizun igeriketa?

Derrigortu egin ninduten hasieran. Hamabost hilabeterekin elbarri gelditu nintzen, eta errehabilitazio moduan gomendatu ziguten igeriketan hastea. 10-11 urte nituela, utzi egin nahi nuela esan nien gurasoei, lagunekin egon nahi nuelako, eta gurasoek esan zidaten nahi banuen kluba uzteko, baina igeriketan jarraitu beharra neukala astean hiru aldiz. Gero, 14 urte nituela, erabat lotu ninduen igeriketak, eta horixe da nire bizitza estiloa orain.  

Beste kirolen bat gustatzen zitzaizun?

Ez... Besteen aldean gaitasun desberdina neukan. Futbolean, adibidez, atezain jartzen nintzen, baina oso lehiakorra naiz, eta aspertu egiten nintzen. Bizikletan ere asko ibiltzen nintzen, baina elbarritasun txikiagoa nabaritzen nuen uretan; igerilekuan gaitasuna neukan elbarritasunik ez zeukatenen parean ibiltzeko.


Paraparesia izena du zure lesioak.

Pneumonia izan nuen hamabost hilabete nituela, baina, sendatuta ere, medikuek soinutxo bat entzuten zuten. Begira hasi ziren, eta soinu hori ez zetorren biriketatik, bihotzetik baizik. Ebakuntzan, odola ez zitzaidan ondo iritsi bizkarrezur muinera, eta T12 ornoa kaltetu zitzaidan. Bereziki hanketan galdu nuen indarra; ezin nituen mugitu.

Gurasoek kolpe latza hartuko zuten... Zer kontatu dizute?

Lehen alaba nintzen, ilusio handia zeukaten, eta dolu bat pasatu behar izan zuten gurasoek. Eredu izan dira nire heziketan. Ezingo nintzela ibili esan ziguten hasieran. Bi aldiz ikasi behar izan dut oinez ibiltzen. Baina nire egoera hau dela sentiarazi didate, eta inoiz ez dut eduki izan nezakeen bizimodu horren nostalgiarik. Oso-oso eskertuta nago.   

Pausoka-pausoka, 2020ko Tokioko Paralinpiar Jokoetara iritsi zinen, eta Pariskoak iritsi ziren gero, 2024an.

Tokio eta Paris oso desberdinak izan ziren. Tokion 17 urte neuzkan, COVIDaren pandemia hor zegoen... Hura handiegia izan zen niretzat. Parisen, berriz, neure buruari erakutsi nion gai nintzela maila horretako lehiaketa batean murgiltzeko eta gozatzeko. 

Hainbeste esperientzia pilatuta, orain zer?

Europako Txapelketa daukagu 2026ko uztailean, eta Los Angeleseko Paralinpiar Jokoak 2028an. Los Angeles buruan daukat jada, eta gero gerokoak.

MOTZEAN

  • Film bat? Me before you.
  • Plater bat? Amona Mariren babarrunak eta amona Severen haragi bolak.
  • Igerileku bat? Berlingoa.
  • Kolore bat? Urdina edo morea.
top