Naroa Martinez, idazlea: «Doluari eta ondareari arreta jarri nahi izan diegu»
Ane Insausti Barandiaran
Zein da istorioaren abiapuntua?
Ume bat herrira doa uda pasatzera, alargundu berri den amonarekin. Uda horretan aitonak erakutsi behar zion ezkilazain izaten, baina aitona hil egin da. Orduan, aitonaren lagunek lagunduko diote hori ikasten.
Zer lagunekin egingo du bide hori?
Lagun bakoitzak hots bat transmititzen dio. Lanbide bat ezagutzen du aldiro, hari lotutako erremintaren bat, eta hori ere bada garrantzitsua. Jende askok esan du heriotza eta dolua jorratzen duen liburu bat dela, baina Unairentzat eta biontzat gehiago da hori: ondarearen transmisioa ere badago. Antzinako lanbidetzat ditugunak transmititzea: moztaileak, herriko musikariak, lehengo izenak... Ondareari ere arreta jarri nahi izan diogu.
Dolua ere bada gaietako bat. Hori lantzea beharrezkoa da?
Lantzea ez da niri gehien gustatzen zaidan hitza, baina uste dut lagunduta egon behar dugula. Aukera dago Afonia aitzakia hartuta heriotzaz eta doluaz aurretik hitz egiteko, baina gerora ere bai, laguntzeko.
Kanpaiak bezala, goitik behera irekitzen da liburua. Nola bururatu zitzaizuen hori?
Bikotekan parte hartu genuen, eta, Harkaitz Canok aholkatuta, kanpaiari heldu genion. Argi genuen goitik behera irekitzekoa izango zela, horrek aukera ematen ematen baitzigun kanpai forma izateko erdi itxita dagoenean, eta, zabaltzerakoan, kanpai dorrearen altuera emateko. Heriotza ere zeruarekin lotzen dugu askotan, eta hontz bat ere badabil hortik...
Ilustrazioetan koloreekin jolas egin duzue: doluaren iluntasuna eta argia...
Argi genuen zerbait soila nahi genuela, mezua bera, apaingarri handirik gabe. Lurraren kolore hori, bi tonu horiek... Gero, horixka, gorrixka, laranja... suaren eta berotasunaren kolorea, etxeko kolore hori. Eta, gero, turkesa moduko beste hori, tituluan dagoena, burdinaren edo metalaren herdoila dena.
Aurtengo Etxepare saria irabazi duzue. Nola hartu duzue berria?
Kristoren ilusioaz. Bai Unairentzat eta bai niretzat argitaratu dugun lehenengo liburua izan da. Proiektu baten azken emaitza ikustea izan da.
Kanpai hotsak ere bildu dituzue. Nolatan?
Bai. Nire bikotekidea musikaria da, eta Pasai Donibaneko sakristauak lagundu zigun horiek grabatzen. Ez dakigu aipatzen ditugun deiadarrak diren, baina... Ipuinaren parte gisa sartu ditugu.
FITXA
- Izenburua: Afonia.
- Idazlea: Naroa Martinez Suarez.
- Ilustratzailea: Unai Ruiz Galartza.
- Argitaletxea: Pamiela eta Kalandraka.
- Orrialde kopurua: 48 orrialde.
- Prezioa: 16 euro.