Nerea Elizalde: «Antzerkiak pasio handi bat eman dit»
Haur askok izango dute aurten Egin nirekin hegan dioen kamiseta. 'Go!azen'-eko Garazik diseinatua da, eta Nerea Elizalde aktoreak (Bilbo, 1998) jokatzen du haren rola. Gehien maitaturiko pertsonaietariko bat da Garazi, baina horretaz kontziente izatea kostatzen zaiola esan du Elizaldek.
Hasi da Go!azen. Nola definituko zenuke denboraldia?
Berritasun asko dituela uste dut. Aktore pila bat aldatu dira, lokalizazio pare bat ere berriak dira; beraz, nik daukat sentsazioa beste esentzia bat daukala, nolabait.
17 urterekin hasi zinen aktore lanetan.
Gazte da hori, ezta?
Zortea izan nuen, goiz hasi nintzelako lanean. Gazteleraz hasi nintzen, nire ama hizkuntza delako; etxean gazteleraz hitz egiten dugu, eta erraza egiten zitzaidan. 18 urterekin izan nuen aukera euskaraz lan egiteko, eta sekulako ilusioa egin zidan. Bilbotik aterata, ez nekien mota askotako euskarak zeudenik, eta orduan izan nuen aukera euskara lantzeko eta barneratzeko.
Ikasketak ere antzerkira bideratu dituzu.
11 urtegaz hasi nintzen Animaeskola antzerki eskolan, eta pila bat gustatzen zitzaidan. Eskolan nolabait ez nintzen parte sentitzen, zerbait ez zihoan ondo. Antzerki eskolara joaten nintzen bakoitzean, ordea, pozik nengoen. Nire etxea zen, nik hautatutako lagunak ziren, pasio bat partekatzen genuen. Gutxinaka-gutxinaka, sentitu nuen horixe egin nahi nuela. Izan ere, hori baino lehen, arrain saltzailea izan nahi nuen, edo psikologoa.
Eta azkenean, aktore. Zer eman dizu antzerkiak?
Antzerkiarekin sentitzen dut horixe egin behar dudala, ez dagoela beste aukerarik. Nire bizitzan dagoen jende ia guztia eman dit, pasio handi bat; etxe bat, ilusioa. Iruditzen zait kristoren erreminta gauzak aldatzeko, kristoren inpaktu soziala daukala, eta, ni nahikoa borrokalaria naizenez injustiziekin, uste dut antzerkia dela nire komunikatzeko modua.
Eskolan, zein zen zure ikasgai kuttuna?
Ikasgaiak baino gehiago, irakasleak gogoratzen ditut. Bazegoen irakasle bat bizitza aldatu zidana. Berak animatu ninduen antzerkia egitera eta abestera. Oso irakasle ona zen; Joseba zuen izena.
Zer esango zenieke artista izatearekin amesten duten horiei?
Benetan haien ametsa bada, saiatzeko, lan egiteko. Beren kabuz ikasteko eta sortzeko. Niri, adibidez, sortzea asko kostatzen zait, eta, lehenago hasi izan banintz, gaur egun baimen handiagoa emango niokeen neure buruari sortzeko. Sortzea oso garrantzitsua dela uste dut, telefonoaren deiaren zain egon gabe. Esperantza ez galtzeko ere esango nieke.
Sortzea oso garrantzitsua dela uste dut. NEREA ELIZALDE 'Go!azen'-eko aktorea
Aurrera begira, zer egin nahiko zenuke?
Ez naiz aspirazio asko dituen pertsona bat. Gustura lan egitea nahiko nuke, antzerki pixka bat gehiago egitea ere bai, eta batez ere jolasa ez ahaztea. Lanean jartzen naiz, eta jolasa ahaztu egiten zait. Beraz, lankide onak eta lagun onak, antzerkia eta jolasa.
MOTZEAN
- Zenbaki bat? Zortzia.
- Plater bat? Pizza.
- Musika talde bat? Extremoduro.
- Oholtza bat? Arriaga.
- Aktore bat? Carolina Yuste.