Nerea Sanz, aktorea: «Segurtasuna izaten ikasi dut»

Ez da edonolakoa Makusiko Mari sorgin ehiztari telesaileko protagonistaren aurkezpen txartela: «16 urte ditut, eta bost ikastetxetatik bota naute», esaten du trailerrean. Nerea Sanzek jokatzen du haren rola (Larrabetzu, Bizkaia, 2002); telebistako lehen lana izan du protagonista gisa; pasioz hitz egin du antzerkiaz.

Ane Insausti Barandiaran

Dirudien bezain gaiztoa da Mari?

Nortasun handikoa da, indartsua eta burugogorra. Orduan, burutik pasatzen zaizkion abentura eta ideia guztiak eramaten ditu aurrera. Hori dela eta, nahaspila batzuetan sartzen da askotan. Baina badu bizitza sekretu bat ere, eta inork ez daki; botere magiko moduko batzuk dauzka.

Telesaila fantasiaz beteta dago?

Bai, botere horiei esker egiten die kontra egunerokoan agertzen diren munstroei eta euskal mitologiako pertsonaiei. Munduaren kontra egin nahi dute, eta Marik erronka horiei aurre egiteko erabiliko ditu bere botereak.

{Irudia: 'Mari sorgin ehiztari'}

Estreinako lana duzu telebistan?

Bai, protagonista moduan aritu naizen lehen aldia da. Pozik nago: segurtasuna izaten ikasi dut halako ardura batean, eta pertsonaia aurrera ateratzen. Gainera, bereziki bizia izan da, eta oso-oso-oso arin joan gara [barrez]. Baina horrela ere ikasten da.

Noiz erabaki zenuen aktore izateko bidea hartzea?

Beti egon naiz artez inguratuta; Larrabetzu oso herri bizia da kulturalki. Betidanik neukan gogoa antzerki klaseetara joateko. Kosta zitzaidan erabakia hartzea, lotsa handia ematen baitzidan. Baina, antzerkira heldu, eta sentitu nuen benetan ona nintzela eta gainera disfrutatzen nuela. Orduan, esan nuen: «Hau da nire lekua»  Gero, batxilergo artistikoa egin nuen Ibarrekolandan, Bilbon. Eta gradua ikastera Madrilera joan nintzen.

Antzerkian aritu zara batik bat?

Bai, eta antzerkian disfrutatzen dut gehien. Beste proiektu batzuk ere egin ditut zineman, eta gustatzen zait hori ere. Baina antzerkian trebatu naiz. Hori bai, eginez ikasten da gehien.

Euskaraz lan egiteko aukera eman dizu Marik, orduan?

Gozamena da euskaraz lan egitea. Beste erronka bat izan da niretzat batuan lan egitea: nik bizkaieraz egin dut berba beti. Nire lekua topatu behar izan dut erregistro horretan. Baina oso eskertuta nago; gogoz nago bizkaiera euskal zineman eta telebistan sartzeko. Ea posible den.


Nolako haurtzaroa izan zenuen?

Herri txiki batean jaio nintzen; beraz, denbora asko ematen nuen kanpoan, eta eskolaz kanpoko ekintzetan: futbola, pintura, taekwondoa... lagunakaz egotea asko gustatu izan zait beti; eskolaz ere asko disfrutatu izan dut beti.  

Zer egin nahiko zenuke aurrerantzean?

Orain beste bi telesail grabatzen nabil; uda honetan grabatuko ditugu biak, Bizkaian eta Bilbon bertan. Eta pila bat gustatuko litzaidake antzerkia egiten jarraitzea. Eta oxala antzerkietan arituko banintz laster. Pausoz pauso disfrutatu nahi dut, ze, gauza asko badituzu, gainezka egiten duzu, eta ez zara kapaz disfrutatzeko.

MOTZEAN

  • Plater bat? Kroketak eta dilistak.
  • Kolore bat? Ilunabarreko morea.
  • Abesti bat? Katamaloren Min hau.
  • Antzoki bat? Arriaga antzokia.
  • Erreferente bat? Lankideak.

top