Odol emaileak: ezinbesteko sendagaia
Ane Insausti Barandiaran
1. ZENBAT ODOL DAUKA BAKOITZAK?
Pertsona bakoitzaren gorputzean zainetan hara eta hona ibiltzen den likidoa da odola. Normalean, heldu batek bost litro odol inguru izaten ditu gorputzean, Aiala Elorza Arabako Odol Emaileen sustapen arduradunaren arabera: «Gure odol kantitatea gure gorpuzkeraren araberakoa izango da: hau da, pertsona oso handi batek odol kantitate handiagoa izango du gorputzean pertsona txiki baten aldean. Baina, normalean, heldu batek bost litrotik gora izango du».
2. ZENBAT EMATEN DA?
Bizitzako hainbat egoeratan beste batzuen odola jaso behar izaten da: jaioberri askok edo minbizia duten haur askok, adibidez, odola behar izaten dute. Horretarako daude antolatuta odol emaileak, eta igandean ospatuko dute Odol Emaileen Nazioarteko Eguna. Odola ematen denean, 450 mililitroko poltsa bat ematen da. Asko dirudien arren, Elorzak esan du inoiz ez duela gaindituko pertsona baten odol kantitatearen %10: «Hori gutxi da gure gorputzarentzat; beraz, gure gorputzak ez du zertan ezer nabaritu, erregulatu egingo du, eta normaltasunez arituko da».

3. NOLA BANATZEN DA?
Odola sendagai bat gehiago da, botika bat edo pilula bat izan daitekeen moduan. Zehazki, odolaren osagai jakin bat behar izaten du bakoitzak, Elorzaren hitzetan: «Berez, odol transfusio bat jasotzen badugu, ez dugu odol osoa jasoko, baizik eta odolaren osagai bakarren bat, gure gaixotasunaren arabera». Hiru osagai jaso daitezke, zehazki: plaketak, globulu gorriak eta plasma. «Horregatik esaten dugu odola ematen dugunean hiru pertsonari laguntzeko aukera dugula», esan du Elorzak.
4. ZERTARAKO ERABILTZEN DA?
Osagai bakoitza gauza jakin baterako erabiltzen?
- Plaketak: Batez ere minbizia daukaten gaixoei laguntzeko erabiltzen dira.
- Plasma: Odolean dauden zelula horiek guztiak garraiatuko dituen likidoa da. Oso likido aberatsa da, eta askotariko erabilerak izan ditzake. Transfusio gisa erabiltzen da, batez ere pertsona batek bere gorputzaren atal handi bat erretzen duenean, birsortze ahalmen handia baitu. Transplante bat egitean ere beharrezkoa da.
- Globulu gorriak: Pertsona batek odol asko galtzen duenean erabiltzen dira, edo, batez ere, ebakuntza geletan.

5. NORK EMAN DEZAKE ODOLA?
«Odol emaileak beti pertsona osasuntsu bat izan behar du», gogoratu du Elorzak. Odola emateko adinez nagusia izan behar da, legeak hala ezartzen baitu. «Azkenean, odola ematen dugunean, dohaintza bat egiten ari gara, eta guk bakarrik sinatu dezakegu odol hori oparitu nahi dugula». Normalean, erretiroa hartu arte, hots, 65 urte bete arte emateko aukera dago. Dena den, badaude salbuespenak ere, jokabide batzuek eragina izan dezaketelako pertsonen osasunean: tatuajeak eta piercingak egiteak, bidaiatzeak, droga kontsumitzeak… Medikuarekin elkarrizketa bat egiten da odola eman baino lehen, eta hor ziurtatzen da pertsona horrek odola emateko baldintzak betetzen dituela. Dena den, behin denbora bat pasatuta, odola emateko moduan izango da pertsona hori.
6. ZER BIDE EGITEN DU ODOLAK?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako odol emaileen odolak zer bide egiten duen kontatu du Elorzak. Ez dute erronka makala: hiru lurraldeetan bakarrik, egunero laurehun odol emate behar dituzte.
- Odola eman: Unitate mugikorretan, hau da, herriz herri mugitzen diren autobusetan, edo, bestela, puntu finkoetan eman daiteke odola. Puntu finko horiek hiriburuetan daude batez ere. Odolaren bidea hor hasten da.
- Garraioa: Emandako odol hori zuzenean joango da transfusio eta giza ehunen tokian tokiko zentroetara. Odol poltsa horrekin batera, aurretik ateratako hiru odol tutuak eramaten dituzte, laborategian aztertu eta ondo dagoela ziurtatzeko, kutsatuta ez dagoela eta erabili daitekeela berresteko. Medikuak egindako galdetegi bat ere eramaten dute, sinatuta. Baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzen dute horrela.
- Poltsa zatikatu: Zentrifugagailu makina batzuetan sartzen dute odola. Bertan egiten den prozesuaren bitartez, osagaiak banatu egingo dira, plasma, globulu gorriak eta plaketak bereizteko. Hasieran poltsa bakar bat zena hiru poltsatan banatuko da, 23 minutuan.
- Gorde: Osagai bakoitza behar duen moduan gordetzen da. Plaketak, adibidez, etengabeko mugimenduan gorde behar dira, itsatsi ez daitezen. 24 orduz gordetzen dira, hogei bat gradutan. Izan ere, bost egun bakarrik irauten dute. Globulu gorriak, berriz, hozkailuan gordetzen dira, lau bat gradutan, eta 42 egun inguru irauten dute. Plasma, ordea, izoztu egin daiteke; beraz, bi urtez gordetzeko modua ematen du horrek.
7. ARAZORIK SORTZEN DA?
Ikasturtean zehar ez dute arazorik edukitzen, lanegunetan ere unitate mugikorrei esker lantegi gehienetan sartzen direlako. Udan edo oporraldi luzeak daudenean kostatzen zaie odol emaileak lortzea, Elorzak kontatu duenez: «Batez ere udan, oso nabarmena izaten da, baina Gabonetan ere bai, Aste Santuan... Hori aldez aurretik dakigunez, horren arabera antolatzen gara aurretik eta ondoren: kanpaina bereziak egiten ditugu, erreserbak ongi mantentzeko».