Oihana Fernandez de Barrena, aizkolaria: «Serio hartu behar da kirola, baina obsesionatu gabe»

Ustekabean heldu zen aizkora Oihana Fernandez de Barrenaren bizitzara (Heredia, Araba, 1999), eta, bide gorabeheratsua izan arren, pozik dago. Entrenamenduak baserriko lanekin uztartzen ditu, hori baitu ogibide. Igandean jokatuko du Euskal Herriko kanporaketa.


Ane Insausti Barandiaran

Gogoan duzu aizkora hartu zenuen lehen eguna?

Ez zait inoiz ahaztuko. Nire mutil laguna aizkolaria da, eta joaten nintzen entrenamenduak ikustera. Igande batean, biok bakarrik joan ginen, eta esan zidan: «Probatu nahi duzu?». Egur zahar bat jarri zidan, eta esan nuen: zaila da, baina, aldi berean, kirol polita da. Kolpe batzuk emanez hasi nintzen... eta gaur arte.

Askori familiatik datorkie afizioa. Ez da zure kasua.

Etxean entzun izan dut nik, baina Araban oro har herri kirolen afizio gutxi dago. Familian baserritarrak izan dira, eta aizkora hartzen genuen mendian egurra egiteko, ez aizkolari gisa aritzeko. Inguruan laguntzarik gabe zaila da hastea, baina nik zortea izan nuen, eta oso eskertuta nago.

Kirol gogorra da?

Oso gogorra da, bai. Gainera, ni orain oso parrandazale nago [barrez], eta parranda eta kirola ez dira ondo uztartzen. Hasieran oso serio hartu nuen, baina seriotasun horrek ez zidan ezer onik ekarri: obsesionatzen hasten zara, besteekin konparatzen...


Uzteko zorian egon zinen, ezta?

Bai; iritsi zen momentu bat non ez nuen lortzen nahi nuen emaitzarik, eta pentsatu nuen: «Agian ez da nire kirola». Gainera, ez nuen pasatu Euskal Herriko kanporaketa, eta kolpe oso handia izan zen. Baina niretzat psikologorik onena lagunekin egotea izan zen, kirolaz ahaztea. Serio hartu behar da kirola, baina obsesionatu gabe. Entrenamenduak aldatzen ere saiatu naiz.

Eutsi zenion, eta Donostiako Urrezko Kopa irabazi zenuen.

Eta hortik aurrera buruak klik egin du: oso pozik nago. Orain, mailari eusteko presioa jarri diot neure buruari. Kirolari moduan, batzuetan gailurrean zaude, eta, beste batzuetan, zuloan.

Aizkoran gizonek hartu dute orain arte protagonismoa. Aurreiritzi askori egin behar izan diezu aurre?

Bai, eta oraindik lan handia dago egiteko. Azken urteetan indar handia hartzen ari gara emakumeak, eta, batzuetan, mutil kirolariekin eztabaidan aritu gara. Esaten digute nola kobratzen dugun kopuru bera lan gutxiago eginda. Baina maila ezberdinetako aizkolariek batera jokatzen dugu emakumezkoetan, eta parekatuta egon behar dugu, probak denok egin ahal izateko.

Aizkolaria zara, baina baserria duzu ogibide. Nola uztartzen dituzu bi gauzak?

Oso zaila da. Aurten titularra ni naiz, aita lan asko nire gain uzten ari da, eta pixka bat kostatzen ari zait. Saiatzen naiz ondo antolatzen, baina, abereak baldin badauzkazu, oso zaila da ordutegi finko bat izatea. 

Aurrera begira, zer helburu dituzu?

Kirolean, Euskal Herriko txapela irabazi nahiko nuke noizbait. Hori da garaipenik handiena. Etxean, berriz, orain hasi naiz nire lekaleak ontziratzen, eta saiatzen ari naiz Euskal Herrian zabaltzen.

MOTZEAN

- Kolore bat? Berdea.

- Plater bat? Porrusalda.

- Abesti bat? Zea Maysen Negua joan da ta.

- Plaza bat? Sunbillako Latasa saria.

- Erreferente bat? Ama.

top