Oihane Jaka, idazlea: «Kolore guztiak guztiontzat direla aldarrikatzen du liburuak»
Ane Insausti Barandiaran
Harroxko da ipuineko protagonista. Nor da?
Harroxko lehoi hori bat da , baina kolore arrosa asko gustatzen zaiona. Urtero, inauterietan, arrosaz mozorrotzea asko gustatzen zaio. Aurten ere mozorroa osatzen ari da, eta falta zaio osagarri bat, ez duena aurkitzen. Hori izango da ipuinaren abiapuntua.
Galtzontzillo arrosak nahiko ditu, baina dendara joaten denean sortuko da korapiloa, ezta?
Hori da, bai. Azken finean, ipuinaren abiapuntua galdera handi bat da: zergatik denetarik dagoen mundu honetan gure protagonistari hainbeste kostatuko zaion gantzontzillo arrosa batzuk aurkitzea.
Lagunen elkartasuna izango du Harroxkok, ordea. Saiatuko dira oporretan galtzontzillo arrosak lortzen.
Harroxko bere kasa saiatuko da galtzontzillo horiek lortzen, eta ez ditu aurkitzen. Momentu batean oso bakarrik sentituko da mundu honetan. Baina, zorionez, lagun min handiak ditu, eta haien elkartasun eta babes hori sentituko du, laguntzeko prest egongo baitira hasiera-hasieratik.
Eta ez du amore emango.
Nahiz eta etsipena sentituko duen, benetan zaila jarriko diolako bizitzak erronka hori, berak oso argi dauka zer nahi duen, eta horren alde borrokatuko da.
Hori da mezua? Gizartearen mugak gorabehera, bakoitzak nahi duena egin dezala?
Kolore guztiak guztiontzat direla aldarrikatzen du liburuak. Nahiz eta gizarteak batzuetan definitu nahi gaituen bere koloreekin, norbera libre da berak nahi dituen koloreak aukeratzeko.
Irati Peluagak egin ditu ilustrazioak. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Niri sortu nuen istorio hau, eta Bikoteka egitasmoaren bidez ezagutu nuen Irati. Kristoren suertea izan zen harekin topo egitea: berehala harrapatu zuen Harroxkoren espiritua-edo, eta asko gustatu zait nola islatu duen irudietan. Oso polita izan da bion artean joatea ipuinari forma emanez, marrazkiekin testua aldatuz, eta alderantziz. Bere lana asko-asko gustatu zait. Oso esku ona du, eta gaitasuna gauza pila bat egiteko; asko miresten dut artista bezala.
Nori gomendatuko zenioke?
Marrazki politekin disfrutatu nahi duenari eta sorpresaz betetako abentura bat bizi nahi duenari gomendatuko nioke. Izan ere, badauka misterio kutsu hori, ez baitakizu zertaz mozorrotuko den. Bukaeran dauka sorpresa hori.
FITXA
- Izenburua: ‘Harroxko’.
- Idazlea: Oihane Jaka.
- Ilustratzailea: Irati Peluaga.
- Orrialde kopurua: 32 orrialde.
- Adina: 3-5 urtetik aurrerakoentzat, entzuteko, eta 6-8 urtetik aurrerako haurrentzat, irakurtzeko.
- Argitaletxea: Elkar.
- Prezioa: 15 euro.