Omenaldi bat irudimenari
Sormenari egindako oda bat da Marie de Jongh konpainiaren antzezlan berria: ‘Kimu’. Trabatuta dagoenzle bat eta haren obrako O Andrea dira protagonistak. Arriaga antzokian aurkeztuko dute lana, urtarrilaren 31n.
Ane Insausti Barandiaran
Istorio bat sortzeko bidea ez da beti zuzena izaten. Blokeoak sortzen dira, sortzaileak ez aurrera ez atzera geratzen diren uneak. Baina beti pizten da argi bat, beti irekitzen da leiho bat: «Naturak, irudimenak bezala, leiho ireki bat baino ez du behar». Halaxe esaten dute Marie de Jongh konpainiako kideek Kimu izeneko antzezlan berrian. Hilaren 31n estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian.
Irudimenari egindako omenaldi bat da antzezlana, Jokin Oregi zuzendariaren hitzetan: «Asko zor diot nik irudimenari. Hortik bizi gara, eta umetan ere erabat markatu ninduen». Kontatu duenez, jendeak amorruz bizi zituen hurrengo egunerako egin beharreko idazlanak, baina hark pozarren hartzen zituen: «Niretzat aukera ezin hobea zen fikziozko istorio batean murgiltzeko eta pertsonaiak imajinatzeko». Irakaslearen boligrafo gorriko zuzenketei ez zien beldurrik, prozesuaz izugarri gozatzen baitzuen.

Antzezlanean, fikziozko istorio bat sortu dute fikziozko istorio baten barruan. Idazle bat da protagonistetako bat, eta istorio bat idazten ari da. Istorio horretako protagonista da obrako beste protagonista: O Andrea. «Idazleak murgiltzen ditu ikusleak idazten ari den istorio horretan, eta hor ikusiko dugu zer zaila den beretzat istorioari jarraitzea».
Zailtasun horiek izaten ari dela, bat-batean, leihoa zabalduko du, eta euli bat sartuko da. «O Andrea bulego oso aseptiko batean murgilduta dago, dena itxita, eta birusei sekulako beldurra diela. Leiho hori irekitzean, eulia sartzen da, eta hortik aurrera erabat hankaz gora jarriko du O Andrearen bizitza. Onerako, portzierto», esan du Oregik, jolasti.

Irudimenari egindako gorazarreaz gain, begirada kritikoa ere bultzatu nahi du antzezlanak. Izan ere, ustez bizitza ordenatua darama O Andreak: pozik bizi da, garbia da, puntuala, baina, tarteka, pozaren pilula hartu behar izaten du pozik egoteko. «Orain gutxi irakurri nuen erabateko indibidualismo baterantz goazela, eta etorkizunean pertsona bakoitza bere mundutxoan egongo dela, bere unibertso propioan bakartuta. Horrek kezkatzen nau», azaldu du zuzendariak.
Hitzek lagunduta
Marie de Jongh konpainiaren bereizgarrietako bat izan da orain arte hitzik gabeko antzerkiak sortzea. Oraingo honetan, ordea, hitzak erabili dituzte obran. «Istorio hau kontatzeko, hitza behar genuen; bestela, zaildu egingo luke ulermena. Zaila izango litzateke kontatu nahi dugun guztia publikoari helaraztea».
Dena den, konpainiaren izaera mantentzen duela nabarmendu du Oregik; esate baterako, O Andrea konpainiaren ohiko maskaretako batekin agertuko baita. Maskara horiek libreago egiten dituela uste du. «Maskararekin hasi ginenean, aukera berri bat ireki zitzaigun, sekulakoa, istorioak kontatzeko beste molde bat. Antzerkia berez artifiziotsua da, eta, horri ahotsa kentzen badiogu, are eta artifiziotsuago bihurtzen dugu. Maskara eransten badiogu, are eta gehiago. Eta, hala ere, irrealtasun horretan badago egia kontatzeko beste modu bat».

6 urtetik gorako haurrentzako lana da Kimu, eta dagoeneko izan dute proba batzuk egiteko aukera: bai aurrez haurrekin egindako emanaldietan, bai eta Donostian egin zuten aurrestreinaldian ere. «Donostian, aurreneko lerroan jarri zen haur kuadrilla bat, eta zortzi bat lagun aho bete hortz egon ziren. Pozarren geratu ginen». Lana oso originala dela, kalitate handia duela eta beste behin ere asmatu dutela ere esan diete.
Arriagako estreinaldia buruan izan arren, bidaian dira Marie de Jongheko kideak: Txilen dabiltza egunotan, Bo jauna antzezlana Teatro a Mil nazioarteko jaialdian aurkezten. Iparraldetik hegoaldera zeharkatuko dute herrialdea, emanaldiak eginez. «Oso pozik eta pribilegiatu sentitzen gara etorri ahal izateagatik; oso aberasgarria izaten ari da». Bideaz gozatzen jarraitu nahi dute, gogotsu lanean, eta haurrei daukaten onena eskaintzen. «Hori da gure iraultza partikularra: beti bigarren mailakotzat hartzen duten antzerkigintza edo haurrentzako mundu hau ahalik eta kalitaterik handienekoa izan dadin lan egitea».
FITXA TEKNIKOA
- Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi.
- Antzezleak: Ana Martinez eta Jokin Oregi.
- Artista plastikoa: Rosa Sole eta Cristina Iglesias.
- Maskara: Javier Tirado.
- Zuzendari laguntzailea: Ana Meabe.
- Soinu espazioa: Adrian Garcia de los Ojos.
- Eszenografiaren diseinua: Alejandro Andujar.
- Ekoizpen exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo eta Marie Teatroa SM.
- Argiztapenaren diseinua: Eduardo Berja.
- Produkzioa: Marie de Jongh.
- Kolaborazioa: Teatro Arriaga Antzokia.
- Kanpo begirada: El Patio Teatro.
- Komunikazioa eta banaketa: Irene Zarrabeitia.