Orientazioa: adin guztietarako kirola


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA ORIENTAZIOA?

Mapa bat eskuan hartuta eta iparrorratzari segika, eremu libre batean antolatzaileek zehaztutako puntuak bilatzean datzan kirola da orientazioa. «Altxorraren bila jokoan oinarritutako jolas bat izan daiteke», Ibon Goikoetxea GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kidearen arabera. Basoan eta mendian egitea da ohikoena, nahiz eta hura herritarrengana gerturatzeko eremu urbanoetan ere antolatzen dituzten probak. Igande honetan, adibidez, Lizarrustin (Ataun, Gipuzkoa) egingo dute proba bat, GOTek antolatuta.

2. NON SORTU ZEN KIROLA?

Suedian sortu zuten kirola, XIX. mendean. Gaur egun ere han lantzen dute gehienbat, Eskandinavian, Goikoetxeak azaldu duenez. «Suedian, orientazioa ikasgai bat da, eta hezkuntza programaren barruan sartuta dago. Hango baso eremuak-eta oso zabalak dira, eta basoan ibiltzen jakitea garrantzitsua da bertako biztanleentzat. Hemen herri kirolekin gertatu zen bezala, herriaren beharretatik eta ohituretatik kirol bat sortu zen».


3. NORENTZAKO KIROLA DA?

Modu askotan egin daiteke orientazioa: korrika, oinez, bakarka, taldean... Horregatik, adin askotako pertsonak aritzen dira bertan. «Mapa ulertzeko gutxieneko gaitasuna izatea da garrantzitsuena. Gaitasun hori lortzen denetik aurrera, 6-7 urtetik aurrera, bizitza guztirako kirola bihurtzen da: 100 urtetik gorakoen kategoriak ikusten ditugu munduko txapelketetan. Beste kirol gutxik daukate hori: proba berean belaunaldi askok parte har dezakete», azaldu du Goikoetxeak.

4. ZEIN DA KIROLAREN LELOA?

Pentsatu eta korrika egin da kirolaren leloa. Ordena horretan, gainera. Izan ere, alferrik egingo du parte hartzaile batek korrika, ez baldin badaki nora joan behar duen. «Hori umeekin asko landu behar da, azkar egin nahi baitute proba, baina, ez baldin badakizu nora joan, arnasa hartu behar da, gelditu, pentsatu eta gero abiatu».


5. ZER GAITASUN LANTZEKO BALIO DU?

Mapak irakurtzen, erabakiak hartzen, frustrazioa lantzen eta hanka sartzeak onartzen ikasteko balio du kirolak, besteak beste. Gainera, toki berriak ezagutzeko aitzakia ematen du, eta segurtasuna lantzeko ere balio du. Adibide bat jarri du Goikoetxeak: «Pagoetara [Parke Naturala] joaten gara gu, eta haurrekin gauez jaisten gara menditik. Eta ume bat mendian ilunpean bakarrik sentitzea... badaude bizipen batzuk oso positiboak, ahalduntzen laguntzen dietenak».

6. NOLAKOAK DIRA MAPAK?

Mapak oso koloretsuak izaten dira. Mendiko mapen antzekoak dira, baina arau jakin batzuk betetzen dituzte, eta oso zehatzak dira. «Mendian eta eremu naturaletan orientatzen laguntzen diguten edozein elementu margotzen da. Arau horiek zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto interpretatuko duzu mapa». Esate baterako, eroritako zuhaitzak markatzen dituzte, edo koloreek zehazten dituzte hainbat elementu: zuriak basoa esan nahi du, beltzak harria, eta urdinak urarekin lotutako elementuak.


7. NOLA IKAS LITEKE?

Hainbat aukera daude lehen aldiz orientazioan aritzeko. Batetik, ibilbide iraunkorrak daude: mapa eta balizak eskuragarri daude denentzat leku batzuetan, eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbideak dira. Bestetik, liga herrikoiak daude: hastapeneko ibilbideak dira, familian edo umeekin egin daitezkeenak, edo helduek beren kasa egin ditzaketenak. Azkenik, Orientazio Eskolak ere badaude. Zarautzen (Gipuzkoa) dute bat GOTekoek, adibidez. Eta ikastetxeetara joaten ere saiatzen dira orientazio taldeetako kideak, bertako mapak egiteko, gero gorputz hezkuntzako irakasleek landu ditzaten. «Arreta ematen dit beti nola aldatzen diren rolak: baloiarekin onak direnak kirol guztietan izaten dira onak normalean, baina, orientazioa probatzen dutenean, baliteke oso kirolzalea ez den haur batek gaitasun ona izatea mapa interpretatzeko, eta besteei egurra ematea segituan», esan du Goikoetxeak.

8. ZER TALDE DAUDE EUSKAL HERRIAN?

Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean dago orientazio talderen bat: Gipuzkoakoaz gain, COBI da Bizkaikoa, COAraba da Arabakoa eta NKE da Nafarroako Kirol Elkartea. Ipar Euskal Herrian ez dago talderik, baina Soustonseko (Frantzia) BROS taldeak antolatu izan ditu probak bertan ere. Goikoetxearen ustez, kirol liluragarria da: «Pixkanaka-pixkanaka orientazioa garatu eta toki berriak ezagutzeko aukera paregabea da orientazioa. Ez da beldurrik izan behar, maila guztietara egokitutako ibilbideak daude eta. Kirol ludikoa da orientazioa, baita lehiakorra ere; zoragarria da!».

top