Peru Magdalena, idazlea: «Lo kantak dira umeek jasotzen duten lehen literatura»

Ane Insausti Barandiaran

Nondik nora sortu zen proiektua?

Nik betidanik idatzi izan dut poesia, eta lo kantak poesia moduko genero bat dira. Idatzi bitartean, noizbehinka, baten bat estetika horretara joaten zitzaidan. Halako batean, umetako liburu bat topatu nuen: akordatu ere ez nintzen egiten hartaz, eta bertako poemak ur jauzi baten moduan etorri zitzaizkidan; gogo handia sartu zitzaidan lo kantak egiteko.

Tematikoak dira nolabait, ezta? Uretako, Haizetako, Lurretako eta Zuretzako lo kantak dira.

Bakoitzak bere unibertsoa eta elementuak ditu, bere estetika. Adibidez, uretakoa goitik behera irekitzen da, itsas sakonera moduko bat irudikatzeko. Haizetakoan xirulak daude, belak, txoriak... Lurretakoak zabaldu egin daitezke, borobil bat osatzeko, eta hor barraskiloak daude, porruak, kirikinoak... Gero, zuretzako lo kantetan lurretik kanpokoak daude, soinu jolasak, edo pertsonen artekoak... apur bat desberdinak direnak.

Kartoizko kutxa moduko bat osatzen dute, bakoitzak bere liburuxka du...

Konturatu ginen ume txiki-txikiei ez zaizkiela askorik gustatzen liburu pisutsuak, tapa gogordunak eta abar. Lo aurreko momentuetan zabaltzeko formatu egokia da, eta eramateko ere bai; eskuragarriago daude, jolasteko gonbit moduko bat da.

Poemez gain, marrazkiak eta abestiak ere sortu dituzue.

Miren Asiainek marrazki zoragarriak egin ditu, delikatuak, apur bat surrealistak, ametsetako elementuz eta gauza hegalariz beteak. Eta Ibon Rodriguezek egin ditu abestiak, entzuteko eta ikasteko, gero norberak kantatu ditzan.

Aukera ematen du abestiak asmatzeko ere?

Hori da, horrek ilusio berezia piztuko lidake, baten batek bererantz eramateak. Lo kantak dira umeek jasotzen duten lehen literatura. Lehenengo hitzak, errimak, musika... Oso gauza sakratua da, eta sakratua jolasaren bidez egiten da hobekien. 

QR kodeak ere baditu, Interneten ere entzuteko.

Bai, kode horren bitartez entzun dezakezu disko osoa. Gero, badauzkagu emanaldi batzuk ere; nik kontakizun poetiko moduko bat egiten dut, eta Ibonek kontakizun horretan kiribiltzen ditu lo kantak. Argia apaltzen dugu, ahal den neurrian lur gozo batean, eta umeak eta helduak etortzen dira. Asmoa da entzun eta gozatzea, eta, lo eginez gero ere, oso ondo.


FITXA

  • Izenburua: Lo kantak.
  • Letren egilea: Peru Magdalena.
  • Ilustrazioen egilea: Miren Asiain.
  • Musikaria: Ibon RG.
  • Prezioa: 15 euro.
  • Adina: -1etik 99 urtera.
  • Argitaletxea: Elkar.

top