Pilar Arrieta, idazlea eta irakaslea: «Protagonistak estralurtarrak direnez, ez dute aurreiritzirik»
Ane Insausti Barandiaran
Nondik dator proiektuaren ideia?
Hezkuntza munduan ezinbesteko balio batzuk lantzeko beharra ikusi nuen, eta orduan sortu nituen pertsonaia bi: Tete eta Tabi. Estralurtarrak direnez eta beste planeta batetik datozenez, ez dute aurreiritzirik, ez daude kutsatuta. Orri zuri bat izango balira bezala da. Matxalen izeneko neska txiki baten laguntzaz joan behar dute deskubritzen zein diren gure munduko edo gizarteko arauak eta zelan funtzionatzen duten gauzek.
Zein izango da lehen esperientzia?
Txokolatea jango dute, eta oso atsegina begitanduko zaie. Gero, pixkanaka sartuko dira hezkuntza munduan, eta ikusiko dute arau batzuk daudela gizartean: gauza batzuk onartuta daudela eta beste batzuk ez, ohitura osasungarri batzuk zeintzuk diren, ardurak eta enpatiak zelako garrantzia duten... Eta azken bi ataletan sartzen naiz atal mamitsuenetan.
Zeintzuk dira horiek?
Bosgarren atala inklusioaz hausnartzeko da. Nik ez dut aipatzen zer diagnostiko daukan ume batek, baina irakurtzen dutenak eta ezagutzen dutenak berehala konturatzen dira zer arazo edo diagnostiko daukaten. Tete eta Tabik laguntzen diote Matxaleni inklusio hori lantzen eta onartzen, aurrerapauso bat ematen.
Bullying-a ere landu duzue...
Seigarrena da hori, bai. Estralurtarrak konturatzen dira arazo bat dagoela. Matxaleni haiek erakusten diote zelan jokatu behar den, eta Matxalenek ematen digu denoi lezio bat: batzuek bullying-a egiten dutela, baina gutxiengo bat direla, eta beste guztiak, ezer egiten ez badute, konplize direla, edo laguntzaileak direla.
Nori zuzendua dago lana?
Gutxi gorabehera 6-7 urteko haurrentzako idatzi nuen. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan dibertigarria izatea, bestela inork ez duelako irakurriko, inork ez diolako jaramonik egingo. Ahalegindu naiz momentu batzuetan barre egiteko zerbait sartzen. Eta pixkanaka-pixkanaka pertsonaia horiek gure munduan sartzen.
Euskaraz eta gazteleraz argitaratu duzue, aldi berean. Zer dela eta?
Nik Bilboko ikastetxe batean egiten dut beharra. Nahiz eta umeek euskaraz bakarrik irakurri, guraso askok ez dute ulertzen. Orduan, aukera daukate haiek erdaraz irakurtzeko, jakiteko haurrak zer ari diren irakurtzen, eta gero, nahi badute, haurrekin elkarrizketa bat sortzeko.
FITXA
- Izenburua: ‘Tete eta Tabi, gure lagun txikiak’.
- Egilea: Pilar Arrieta.
- Marrazkiak: Kaiet Bengoetxea.
- Orrialde kopurua: 37 orrialde.
- Adina: 6-7 urtetik aurrera.
- Argitaletxea: Autoedizioa.
- Prezioa: 17 euro.
- Non dago salgai: Ondarroako Idiakez liburu dendan eta Goxo gozoki dendan.