Planetarioak, astronomiaz gozatzeko


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA?

Sabai batean astroak eta haien ibilbideak irudikatzen dituzten instalazioak dira planetarioak. Normalean, kupula forma izaten dute, eta bertan izaten dira ikusgai izarrak, konstelazioak... Hezkuntzarako jarduerak eta ikuskizunak egin ohi dituzte bertan, jendea astronomiara gerturatzeko. Hain zuzen ere, gaurko egunez ospatzen da Planetarioen Nazioarteko Eguna, haien garrantzia nabarmentzeko.

2. ZERGATIK DIRA BALIO HANDIKOAK?

Gaur egun ohitura galtzen ari bada ere, zeruari begiratzea oso garrantzitsua izan da, bertara begiratuta informazio asko lor baitaiteke. Esate baterako, antzina, arrantzaleek ezinbestekoa zuten zeruaren ezagutza itsasoan nabigatzeko. GPS gisa erabiltzen zuten zerua marinelek: eguneko zikloak Eguzkiak markatzen zituen, hilabetekoak Ilargiak, eta urtekoak konstelazioek; zeruan zer konstelazio ikusten ziren aztertuta, bazekiten zer garaitan zeuden. Nekazaritzarako ere oso garrantzitsua zen. Jakintza hori guztia zabaltzeko lekuak dira planetarioak.


3. ZENBAT PLANETARIO DAUDE EUSKAL HERRIAN?

Gaur-gaurkoz, hiru planetario daude Euskal Herrian, batzuek gorabeherak izan badituzte ere.

Eureka zientzia museoa: 

Donostian, Eureka zientzia museoa dago Miramongo parke teknologikoan, eta hainbat gune ditu. Horietako bat da planetario digitala. Astronomiari buruzko ekintza ugari antolatzen dituzte bertan, ezagutza hori zabaltzeko. Duela hilabete eta erdi iragarri zuten ekainean Eureka museoa behin betiko itxiko zutela, eta kexa ugari eragin zituen albisteak —14.000 pertsonak sinatu zuten horren aurka abiatutako sinadura bilketan—. Baina, azkenean, irekita mantentzea erabaki dute. Beraz, Gipuzkoak planetario bat izango du aurrerantzean ere.

Iruñeko planetarioa

Iruñean ere bada planetario bat, izarren, konstelazioen eta abarren inguruko jakintzan sakontzen laguntzen duena. Ez dago martxan, ordea: arazo elektriko baten ondorioz, sute bat izan zen bertan, zehazki, iazko urtarrilaren 14an. Kea irteten hasi zen eraikinetik, eta bizilagun batek eman zuen abisua, goizean goiz. Zorionez, ez zen inor zauritu, baina suteak kalte material handiak sortu zituen, bereziki eraikinaren kupulan, eta gaur-gaurkoz itxita dago. Dena den, planetarioa berreraikitzen ari diren bitartean, hartatik kanpo ere ekintzak antolatzen ari dira.

Miarritzeko planetarioa

Miarritzen (Lapurdi) ere bada planetario bat, Planetarium de la Cote Basque izenekoa (Euskal kostaldeko planetarioa). Miarritzeko Reptou eskolaren barruan dago kokatuta, eta SAPCB astronomo amateurren elkarteak kudeatzen du; planetarioa eta bilera gela bat dituzte. Elkartearen helburua da astronomia eta erlazionatutako zientziak jendearengana gerturatzea. Horretarako, hasiberrientzako zein zaletu esperientziadunentzako jarduerak antolatzen dituzte urte guztian zehar. Esate baterako, Izarren gaua, Eguzkiaren jaialdia, Gauaren eguna edo Erlaitzaren festa antolatzen dituzte urtero.

4. HIZTEGIA

Astroak: Zeruan, batez ere gauez, tresnaren bat erabilita edo begi hutsez ikus daitekeen edozein gorputz da astro bat, bereziki distiratsu ikusten dena. Eguzkia, izarrak, planetak... astroak dira. 

Izarrak: Zeruan distira egiten duten argiak dira izarrak. Hainbat tamaina eta koloretakoak daude.

Konstelazioak: Izarrek osatutako multzoak dira konstelazioak. Bata bestetik hurbil daude, eta forma jakin bat hartzen dute. Hori dela eta, izen berezi bat ematen zaie. Adibidez: Hartz Handia eta Hartz Txikia. 

Galaxiak: Izarrez, gasez, hautsez, lainoz eta materia ilunez osatutako multzoak dira galaxiak. Lur planeta, esate baterako, Esne Bidea izeneko galaxian dago.

5. EKLIPSEA, ATE JOKA

Abuztuaren 12a egutegian ondo markatua dute astronomoek eta astronomia zaleek. Izan ere, eguzki eklipse oso bat ikusteko aukera izango da Euskal Herrian: Ilargiak Eguzkia guztiz estaliko du. Oso gutxitan gertatzen da fenomeno hori: abuztuaren 12koaren ondoren, hurrengoa 2180. urtean izango da. Hori dela eta, ekintza ugari ari dira antolatzen. Gogoratu eguzki eklipseak iraun bitartean ezin dela babesik gabe Eguzkirantz begiratu: ezinbestekoa da betaurreko bereziak janztea, begiak babesteko filtro bereziak dituztenak, homologatuak.

6. ZER DA PLANISFERIO BAT?

Izarren mapa moduko bat da planisferio bat, zeruari begiratzeko balio duen tresna bat. Garai batean itsasoan nabigatzeko astrolabioak eta itsasorratzak erabiltzen ziren, eta gaur egun, berriz, astronomoek planisferioei erreparatzen diete. Gaueko zerua ezagutzeko eta zeruko mugimenduak ulertzeko ezinbestekoak dira. Aranzadi zientzia elkarteak Elkano Euskal Planisferioa jarri zuen eskuragarri: euskaraz sortutako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da.

top