Regine Elosegi: «Helburua da haurrak plazer hartzea, euskara ikasteko»
Ane Insausti Barandiaran
Nolatan sortu duzue Mekajokoak jolasa?
Euskaraz beti eta hobeki leloa jarri diogu, eta hori da joko multzo honen helburua: euskararen hobetzea molde ludiko eta eraginkorrean. Jokoek hizkuntzaren oinarrizko sailak jorratzen dituzte, eta jokalarien parte hartzea, sormena eta motibazioa sustatu.
Hain zuzen, horretan laguntzeko, ez duzue jolasa bakarrik argitaratu, ezta?
Hori da, lotuak dira euskara ikasteko metodo batekin. Hirugarren zikloko ikasleendako da, 8-11 urte arteko haurrendako. Metodoan badira bi testuliburu, testuekin lantzeko. Gidaliburua irakasleendako da. Trebaliburuan gramatika ariketak eta beste badira. Eta jokoak ere metodoarekin lotuak dira, haurrak treba daitezen. Helburua da haurrak plazer hartzea, hizkuntza ikasteko.
Nondik dator Mekajokoak izena?
Mekajokoa deitzen dugu, zeren badira lau joko: Mekalex, Mekadek, Mekaditz eta Mekasint.
Bakoitzak hizkuntzarekin lotutako arlo bat lantzeko balio du?
Bai. Mekalex lexikoa lantzeko da. Joko taula bat dago, dadoa bota behar da, eta atzizkietan edo aurrizkietan eroriko dira. Orduan, erran behar dute hitz bat, adibidez, -txo edo -ño atzizkiarekin. Mekasinten izen sintagmak sortu behar dituzte: bizikleta bat ezarri dugu izen sintagma irudikatzeko, eta hor badira karta batzuk, izenak, adjektiboak... Kartak sortan hartu behar dituzte, eta izen sintagma bat asmatu.
Eta beste bietan?
Mekadek deklinabidea lantzeko da. Badira galdetzaile kartak: hartzen ahal dute, adibidez, nondik, eta, gero, leku karta bat. Beraz, nondik ateratzen badute, eta, gero, mendi, bada menditik erran behar dute. Mekaditzen, berriz, aditz jokoa lantzen da: nor-nork edo nor-nori-nork.
Erraza izan da sortze prozesua?
Micheline Cellier frantses ikerlariaren lanean oinarritu naiz joko horiek sortzeko, eta Irene Noriega kolegioko irakaslearekin aritu naiz.
Haurrentzat bai, baina euskara ikasten ari diren helduentzat ere erabilgarria izan daiteke?
Bai, pentsatu dugu AEKn eta abar, zinez. Eta familietan ere bai. Zinez euskaldunak baldin badira, webgunean proposatu ditugu jolasaren zuzenketak eta laguntzak, nahi duenarendako. Edozein tokitan erabiltzen ahal da, bistan dena.
FITXA
- Izenburua: Mekajokoak.
- Egileak: Regine Elosegi eta Irene Noriega.
- Adina: 8 urtetik gorakoentzat.
- Argitaletxea: Ikas argitaletxea.
- Prezioa: 25 euro.