Saharan, mundua(k) ikusteko

Begietako osasuna zaintzen lan egiten du Munduko Begiak fundazioak, baliabide gutxi dituzten lau herrialdetan. Berriki Saharan izan da boluntario talde bat, egiten duten lana bertatik bertara ezagutarazten eta laguntzen.


Ane Insausti Barandiaran

Haurrez beteriko ikasgelara sartu da optometrista. Ikusmenarekin lotutako probak egin dizkie banan-banan. Batzuek irri artean egin dituzte probak; besteek, berriz, urduri eta beldurtuta. Baina behin proba pasatuta, badute saria: munduari begiratzen jarraitzeko ikusmen zaindua, batetik, eta urre koloreko domina bat, bestetik; Munduko Begiak fundazioaren domina da.

Malin, Mozambiken, Bolivian eta Saharan lan egiten du Munduko Begiak fundazioak, ikusmen arazoak dituzten pertsonei laguntzen, ahal denean itsutasuna ekiditea helburu hartuta. Saharako errefuxiatuekin, esaterako, 2011tik ari dira lanean. Hain zuzen, bidaia bat egin du erakundeko talde batek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara, eta bertan izan dira erakundearen Euskal Herriko taldeko boluntario Iñaki Elorza Txapas eta Lourdes Garcia.


170.000 pertsona inguru bizi dira Saharako errefuxiatuen kanpalekuan, Tindufen, basamortuan. Horien artean, 40.000 inguru haurrak dira, biztanleriaren %45, gutxi gorabehera. Harea eta haizea haien egunerokoaren parte dira, Garciak azaldu duenez: «Joan ginen lehen egunean, haizeak harea ekartzen zuen, eta begietan sartzen zen. Horiek egunero daukate hori, eta min handia egiten die begietan».

Horren ondorioz, han oso ohikoa da, adibidez, 40 urterekin ikusmena galtzea. «Ez dituzte begiak batere zaintzen, eta eguzkiaren, hondarraren eta elikaduraren ondorioz, besteak beste, begiak erraz lehortzen zaizkie», azaldu du Elorzak. Eta, noski, ondorio larriak dakartza horrek: «Itsu gelditzeak esan nahi du ezin zarela mugitu, zure seme-alabek zaindu behar zaituztela, eta ezingo dutela eskolara joan... soka luze bat dakar».

Jarraipena bertatik bertara

Ikusmen arazoei aurre egitea du xede, hortaz, Munduko Begiak erakundeak. Hasieran, komisioak bidaltzen zituzten herrialde horietara, urtean behin edo bitan: laguntza bidali, egin beharrekoak egin, eta itzuli egiten ziren. «Lehen, honela funtzionatzen zuten: oftalmologoa bidaltzen zuten, ebakuntzak egin, eta buelta. Baina ebakuntza egiteak ez du bermatzen ondo geratuko zarenik. Jarraipena egin behar da, zaintza... eta, orduan, erabaki zuten han bertan lan egitea komisioetan gastatzen zen diruarekin», azaldu du Elorzak.

Gaur egun, beraz, erakundea begietako osasunaren zaintzaz arduratzen da urteko 365 egunetan: haurrekin, gazteekin eta helduekin lan egiten dute. Errefuxiatuen bost kanpalekuetan daude kontsultak eta ospitaleak. Aldiz, betaurrekoak egiteko tailerrak bi kanpalekutan soilik daude. Baina, halere, sahararren eskubideak ez dira betetzen, eta laguntza humanitarioaren mende bizi dira, Garciak azaldu duenez: «Haurrek ez daukate kalitatezko hezkuntzarik, eta hazten diren lekuak ez ditu baldintza egokiak garapen pertsonal on bat izateko. Ez fisikoki, ez moralki, ez intelektualki. Eta, gero, ez daukate osasungintzarako sarbiderik».


Beraz, oinarrizko beharrak aseta ez dituztenentzat are zailagoa da begiak zaintzea. Elorzak esan duen moduan, Euskal Herrian txiki-txikitatik ohitzen da jendea begiak babesten, eta jende guztiak erabiltzen ditu eguzkitako betaurrekoak, adibidez. «Han, ordea, ez daukate betaurrekorik. Batetik, begiak ez dituzte babesten. Eta, bestetik, elikadura ere oso txarra da; karbohidrato asko jaten dute, eta jaki freskoak oso gutxi. Horrek kalte egiten die begiei, eta arazo asko sortzen dira».

Kontsultak, banaka

Bost kanpalekuetako ospitale, kontsulta eta betaurreko tailerrak bisitatu zituzten bidaian, eta, besteak beste, Musa Salma Kultura ministroa eta Salek Baba Osasun ministroa ezagutu zituzten. Horrez gain, zortziehun haur baino gehiagoko eskola bat ere bisitatu zuten. Ikusi zuten nola optometristak haur bakoitzari egiten dizkion probak, banan-banan, eta horien artean arazoak dituztenei jarraipena egiten dien gero, kontsultan, neurketak egiteko. Guztira, haurren %10ek dituzte ikusmen arazoak, gutxi gorabehera.

Behin kontsulta pasatuta, Becharreko ospitalera bideratzen dituzte ebakuntza behar duten haur horiek, Garciak esplikatu duenez. Astean bitan joaten da autobus bat hara, Munduko Begiak-ek egindako akordio bati esker. Ospitale handia da; 68 oftalmologo daude bertan —kubatarrak denak—, eta hamabi ebakuntza gela, guztira: «Saharako kanpamentuetatik zazpiehun kilometrora dago Bechar. Gau guztiko bidaia da. 20:00etan abiatzen dira, eta 06:00etan iritsi». Batik bat estrabismoa izaten da haurren arazoa, eta kataratak helduena.


Han zeudela, gainera, berri pozgarri bat jaso zuten: Sahararako bakarrik 570.000 euroko diru laguntza onartu diete. Horrek duen garrantzia nabarmendu du Garciak: «Hamalau pertsona bizi dira fundaziotik, nahiko soldata baxuekin, eta, horiei ordaintzeaz gain, hor dagoen guztia kontserbatu behar da: eraikinak... Mantenua eta haien soldata kontuan hartuta bakarrik, dena gastatzen dugu».

Lehen bidaia izan dute biek, baina aurrez Euskal Herrian hainbat lan egindakoak dira erakundearen alde: Munduko Begiak-en berri ematen, hitzaldiak antolatzen, kontzertuak ematen, bazkari eta afari solidarioak antolatzen aritzen dira erakundearentzat dirua biltzeko. Ondoren, erakundera bidaltzen dute dirua, haiek bideratu dezaten. Horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, bidaian beren begiekin ikusi baitute zer garrantzi duen Euskal Herrian egiten duten lanak, mundua(k) ikusten jarraitzeko.

top