Sardina freskoaren bila

Koloretako sardina baten bila ariko dira Eidabe antzerki taldeko kideak ‘Sardina freskue. Berriro Euskal Herrian’ ikuskizunean. Elkartasuna eta aniztasuna aldarrikatuko dituzte.


Ane Insausti Barandiaran

Izkina batean egin zuten topo sardina batek eta bi sardinak. Hala dio abesti zaharrak, behintzat. Baina beste batzuk sardina jakinen bila ibiltzen dira, batera eta bestera. Eidabe antzerki taldekoak, adibidez. Igandean estreinatu zuten Sardina freskue. Berriro Euskal Herrian ikuskizuna, Herri Urratsen. Herriz herri ibiliko dira aurrerantzean, ikuskizun berriarekin.

Dena den, ez da antzezlan guztiz berria. Izan ere, duela zortzi urte inguru sortu zuen Eidabe antzerki taldeak Sardina freskue izeneko antzezlana. Oso harrera ona izan zuen arren, bertan behera utzi behar izan zuten, koronabirusaren pandemia zela eta. «Pandemiak eskatzen zuen guztiaren kontra zihoan, egin ezin zen guztia egitera bultzatzen genituen ikusleak: musukatu, elkartu, ukitu...», azaldu du Birjinia Lara komunikazio arduradunak. Harrezkeroztik, ordea, jendeak ikuskizun horri buruz galdetzen zien, eta, moldatuta eta berritasun batzuekin, hura berriz martxan jartzea erabaki dute.


Bidaia «alai eta jostari bat» egingo dute ikusleek, antzezlaneko aktoreen eskutik. Hain justu ere, sardina freskoaren bila abiatu beharko dute protagonistek, eta horretarako haurren eta gurasoen laguntza ezinbestekoa izango da, baldintza batzuk bete beharko baitira hura agertu ahal izateko: «Gure sardina agertzen da denok alai gaudenean, festa giroa usaintzen duenean, denok ondo konpontzen garenean, inor baztertzen ez dugunean, euskaraz aritzen garenean... Hori guztia lortu beharko dugu gure sardina agertzeko».

Baina nolakoa da sardina, eta zerk egiten du hain berezi? Larak argitu du hamaika kolorekoa dela, eta ez dela ur gazian bakarrik ibiltzen: mendietan, igerilekuetan eta ur gezan ibiltzen da, parranda gustatzen zaio... «Azken finean, sardina horrekin irudikatu nahi duguna da geure mundu ideala: festa dagoen mundua, aniztasuna, elkarbizitza, euskalduna, feminista... hori guztia dauka gure sardinak». Ez da zeregin makala, baina spoiler txiki bat egin du komunikazio arduradunak: halako batean, agertuko dela.

Haurren parte hartze

aKoloretako alkandora koadrodunez eta gona koloretsuz jantzitako hiru sardinazale dira ikuskizunaren gidariak. Haietako batek eszenatokitik gidatuko du ikuskizuna, baina beste biak oholtzapean egongo dira etengabe, haurrekin batera dantzan eta jolasean. Hortaz, haurrak ere gidari bihurtzen dira, ezinbestean, ikuskizunean parte hartzen baitute: «Hasiera-hasieratik hasten dira haurrak koreografiak imitatzen, baina gero hainbat jolas daude, eta haiek dira protagonistak. Haiek gabe ez legoke ikuskizunik. Oso beharrezkoak dira».


Baina dena ez da jolasa eta musika izango. Aniztasuna eta elkarbizitza aldarrikatzeko saiakera horretan, euskal kantu tradizionalak ere antzezlanera eraman nahi izan dituzte, transmisio lana eginez. «Gure abesti tradizionaletan oinarritu gara. Bolo-bolo abestia sartu dugu, hitzak aldatuta; Santurtzitik Bilboraino, euskaratuta; eta bi abesti berri ere sortu ditugu. Nolabait, itzuliko gara gure gazte edo ume garaiko erromerietara». Era berean, hitzak ikusleen artean banatzen dituzte, bai emanaldian abesteko, bai etxera joatean abesten jarraitzeko.

Gainera, aurten hogei urte dira Eidabe antzerki taldea sortu zutela. 2006. urtean sortu zuten antzerki konpainia, eta hamaika ikuskizun sortu dituzte bide horretan. Ez dute gelditzeko asmorik, ordea, Larak aurreratu duenez. Are gehiago, ikuskizuna baliatuko dute urteurrena plazarik plaza ospatzeko: «Gure urteurreneko festa izango da herri guztietan. Hori da modurik onena: festa giroan eta gure publikoarekin ospatzea, plazetan».


Horixe besterik ez zaie geratzen: portuz portu eta mendiz mendi, sardinaren atzetik Euskal Herrian barrena bidaiatzea. 27 portu edo geldialdi lotuak dituzte dagoeneko, eta bidean gehiago lotzea da asmoa, elkarrekin Euskal Herria koloreztatzeko eta ikuskizuneko mezua zabaltzeko. «Mezua hori da: elkarrekin gehiago garela, eta festa partekatzen denean herria kolorez betetzen dela».

FITXA ARTISTIKOA

- Zuzendaria eta koreografoa: Ugaitz Alegria.

- Antzezleak: Irati Herrreros, Eneko Amezketa, Maitane Olano eta Lur Jorrin.

- Argazkiak: ilara.

-Ekoizpena: EIDABE.

- Musika: Mikel Inuntziaga.

- Hitzak: Iñigo Astiz.

- Eszenografia: Asiertio eta Eidabe.

- Jantziak: Sinpatron.

- Diseinua: BLK komunikazioa.

- Soinua: Xabi Urrutikoetxea.

HURRENGO EMANALDIAK:

Bisitatu Eidaberen webgunea.

top