Sarean, inurri lanean
10.000 artikuluren langa gainditu du Txikipediak, haurrentzako egokitutako Wikipediak. Azala berritzeko baliatu dute mugarria. Artikuluak osatuz joan nahi dute.
Ane Insausti Barandiaran
Interneteko webgune batzuk erabiltzea ez da beti erraza izaten haurrentzat. Horregatik, badaude zailtasun horiek kontuan hartuta edukiak egokitzen dituzten webgune batzuk. Txikipedia da horietako bat: 8-13 urte bitarteko haurrentzako Wikipedia entziklopedia askearen euskarazko bertsioa da. Pausoz pauso eta artikuluz artikulu, 10.000 artikuluren langa gainditu du atariak. Hori hornitzea ez da bat-bateko lana, ordea. Jende askok egindako lanaren ondorioa da; inurri lanean egindakoa.
Efemeridea hainbat berritasun aurkezteko baliatu dute: azala itxuraldatu dute «modernoagoa eta intuitiboagoa» bihurtzeko, eta atari tematikoak sortu dituzte: Astronomia, Biografiak, Bizia, Euskal Herria, Giza Gorputza, Historia eta Lurra. Horren zergatia azaldu du Mikel Arroiabe wikilari eta irakasleak: «Pertsona bakoitza bere aldetik joan da artikuluak osatuz, eta dena sakabanatuta zegoen; multzokatu egin ditugu haurrentzako gai interesgarriak izan direnak, topatzeko errazagoak izan daitezen».

Atari tematikoak sortzearekin batera, eduki batzuk eskuragarriago jarri dituzte. Azken finean, informazioa bilatzea erraztu nahi baitiete irakurleei. Ikusgelako Zortziko Txikian bideoek, bitxikeriei buruzko Ba al dakizu? atalak eta Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuak presentzia nabarmenagoa du orain. «Badaudelako haurrentzako edukiekin egindako bideoak, oso politak. Edo jolas antzeko gauzak ere sartu dira, jolasa bultzatzeko».
2018an sortu zuten Txikipedia, baina, aurrez, Vikidia izeneko atari independente batean sortzen zituzten haurrentzako edukiak, Arroiabek kontatu duenez. «Orduan hasi zen Koldo [Biguri] lanean euskal Vikidia sortzen, haurrentzako euskarazko edukiak sortzen. Momentu batean, Vikidiak mila artikulu inguru zeuzkanean, Vikidia hori galtzeko arriskua ikusi zuten. Orduan, bururatu zitzaien Wikipediarekin lotuta, halako erlaitz bat jarrita, artikulu horiek nolabait salbatzea, eta bertan gordetzea». Halaxe sortu zuten Txikipedia: Wikipediako artikuluetatik pixka bat eskuinera klik eginez daude artikuluak eskuragarri.
Edukiak egokitzea
Artikuluak ez dira automatikoki egiten, ordea. Txikipedia sortu eta berehala hasi zen jendea artikuluak banan-banan moldatzen. Arroiabe bera, kasurako. Esan du helburua bikoitza dela: «Ideia da alde batetik haurrentzako edukiak sortzea, haien mailako hizkuntzan idatziak eta itxuraz politak edo ikusgarriak direnak. Eta, bestetik, helburua da Wikipedian artikulu asko oso teknikoak eta oso zailak bihurtu direnez, Wikipediaren bertsio errazago bat izatea».
Horrela hasi zuten bidea, eta, artikuluak gehituz joan ahala, webgunea ere itxuraldatuz joan da, erakargarriago izan dadin. «Batez ere saiatu gara azken urteetan corpus bat egiten: artikulu kopuru dezente bat edukitzeko, erabilgarria izan dadin. Lau artikulu bakarrik baldin badituzu, ez dira erabiliko». Haurrentzako interesekoak izan daitezkeen gaiak sartu dituzte batik bat: astronomia, animaliak, landareak...

Baina helduek ez ezik, haurrek ere idazten dituzte Txikipediarako artikuluak. Kode batzuk ikasiz gero, lan «samurra» da, Arroiaberen hitzetan. Hain justu, Arroiabe, wikilaria izateaz gain, irakaslea ere bada, eta, bere lantokian, Zumaiako Herri Eskolan, ikasleekin lanketa egitea proposatu zuen. Hala, ikasleekin artikuluak lantzen hasi zen. «Normalean, Wikilariek Wikipediako artikuluak egiten dituzte, bere interesen araberakoak. Ni Biologia-Geologiako irakaslea nintzenez, hasi nintzen horko artikuluak egiten, eta gero pixka bat eboluzionatuz joan da gure proiektua ere».
Hasieran, gainerako irakasleei ordu batzuk «lapurtu» zizkien, eta, gerora, ikastetxeak duen Tailer ibiltaria izeneko programan txertatu zuen Txikipediako artikuluak sortzea. «Txandaka, ikasleak aldatuz joaten dira tailer batetik bestera. Orduan, denetarik probatzen dute: hilabete eta erdi irratia, artisautza, joko-jolasak...». Hortaz, hilabete eta erdian behin, ikasle talde batek Txikipediako artikuluak idazten ikasten du.
Txikipediaren onurak
Artikuluak sortzerakoan, haurrak bihurtzen dira protagonista, eta horrek onura ugari dakartzala uste du irakasleak: «Alde batetik, teknologiarekiko beste harreman bat sortzen dute. Ez dira teknologiaren kontsumitzaileak bakarrik, eduki digitalen sortzaileak bihurtzen dira. Bestetik, lantzen dugu era kolektiboan egitea artikuluak. Hau da, haiek artikulua abiatu egiten dute, nolabait esateko, eta gero edozeinek aldaketak egin ditzake. Hori ere landu behar da, hasieran kostatzen zaielako hori ulertzea».
Ibilian-ibilian, ekainean 1.700 artikulura iritsi dira Zumaian bakarrik. Txikipediako artikulu guztien artean seitik bat haiek egindakoa da. «Ondo dago gure aldetik, baina nik nahiago nuke seitik bat izan beharrean, hogeitik bat izango balitz. Horrek esan nahiko luke badaudela beste proiektu batzuk ere ataria elikatzen dutenak. Horren falta sumatzen dut: beste ikastetxeetan ere halako proiektuak egitearena», esan du Arroiabek.
Erronka horixe ikusten du aurrera begira: artikulu gehiago idaztea, Txikipedia osatuz joateko. «Atal batzuk oso garatuta daude, eta beste atal batzuk pobreago. Identifikatu egin behar dira atal horiek, eta osatuz joan. Ez da hain erraza mila artikulu egitea bat-batean. Azkenean, inurri lana da». Eta inurri lan horretan jarraituko dute, haurrek informazioa behar dutenean eskura izan dezaten.